Indusketa lanak egiten ari dira Zizurkilen eta Adunan

Irati Saizar Artola 2019ko uzt. 3a, 19:59

Zizurkil, Asteasu eta Adunako udalek auzolandegia antolatu dute Saseta defentsa sisteman, Aranzadi elkarteak gidatuta.

Bosgarren aldiz antolatu dituzte auzolandegiak Aiztondo bailaran. Astelehena izan zuten lehen eguna eta aurten, Adunako Mareamendi inguruan eta Zizurkil Goian, eta Zarate inguruan egiten ari dira indusketak. Asteasun hartu dute ostatu, boluntario lanetan ari diren hamalau lagunek; Elizmendin dagoen Pello Errota eskolako psikomotrizitate gelan pasako dituzte gauak eta eskolako jangelan egingo dituzte otorduak.

Astelehenean iritsi ziren auzolandegietan parte hartzen ari diren kideak Asteasura. Begirale lanetan Manex Arrastoa eta Joanes Karrera ari dira, eta Julien Blanco arkeologoa ari zaie indusketa lanetan laguntzen. Animatu diren boluntarioak 16 urtetik 26 urte bitarteko gazteak dira.

Lehen eguna, astelehena, guztia antolatzen pasatu zuten eta iluntzean, Karlos Almorza historialariaren hitzaldia entzuteko aukera izan zuten. Hark eman zituen testuingurua ulertzeko auzolandegiaren oinarrizko azalpenak. Horren ostean, elkar ezagutu eta izotza hausteko, afaria egin zuten elkartean. Ostiralean, Ione Luloagak hitzaldia eskainiko du Zizurkilen; Alegiako memoria historikoaren inguruan idatzitako liburua aurkeztuko du. Karrerak emango du hirugarren eta azken hitzaldia, indusketen bigarren astean, Adunan. Memoria historikoa lantzen ari da master amaierako lanean, eta Saseta defentsa sistema hartu du oinarri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!