"Konturatu naiz zein garrantzitsua den memoria historikoa egitea, idatzita uztea"

Irati Saizar Artola 2019ko uztailaren 3a

Bigarren urtez jarraian iritsi da Miren Legido (Gasteiz, 2000) Aiztondora. Psikologia graduko lehen urtea amaitu berri du eta iazko esperientzia errepikatzeko gogoz iritsi dira.

Zergatik eman duzu izena aurtengo auzolandegietan?

Pasa den urtean ere etorri nintzen. Lagun bat egona zen aurrez, eta hark gomendatu zidan. Alde batetik, memoria historikoaren inguruan lan egin behar dugulako etorri naiz, eta ez soilik arkeologia edo historia ikasten dutenek. Egia esan, aurten, ikasketa ezberdin gehiago dituen jendea etorri gara, zeren, iaz, arkeologia edo historia ikasten ez zuten hiru lagun soilik etorri ginen. Uste dut guztion kontua dela auzolandegietan ibiltzea, eta bestetik, asko gustatzen zaizkit horrelako lan motak.

Historiako kontuek interesa pizten dizute?

Iaz Gerra Zibilaren inguruan oso gutxi jakinda etorri nintzen eta asko ikasi nuen. Hitzaldi asko eduki genituen eta indusketak zuzentzen dituzten arkeologoek ere asko dakite gaiaren inguruan. Batetik, historiaz, eta bestetik, konturatu naiz zein garrantzitsua den memoria historikoa egitea, gertatutako guztia dokumentatuta uztea. Horretarako askotan ez dago dirurik, beraz auzolandegiak mugitu behar dira gauza horietarako.

Indusketez gain, zer moduzko giroa sortzen da lantaldean?

Oso ona. Orokorrean, auzolandegietara mugitzen den jendea benetan parte hartzeko interesa daukan jendea gerturatzen da, normalean, jende hiztuna, alaia eta lan egiteko gogoa duena. Oso ondo pasatzen dugu, baina egia da egiten den lana gogorra dela. Eguzkia egiten duenean eguzkipean eta euria egiten badu euripean aritu behar izaten dugu. Arratsaldeetan tailerrak izaten ditugu eta guztiok elkarrekin ibiltzen gara. Jende asko kanpotik ere etortzen da hitz egiteko ere asko edukitzen dugu.

Zer topatzea espero duzue indusketa hauetan?

Batez ere, bala zorroak. Baina objektu pertsonalen bat topatzea asko gustatuko litzaidake, esan didatenez, ordea, oso zaila izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!