"Indusketetan boluntario aritzeko aukera gutxi eskaintzen dute Katalunian"

Irati Saizar Artola 2019ko uzt. 3a, 11:02

Kataluniatik iritsi da Julia Servera Asteasura (Bartzelona, 1994). Arkeologiako gradua bukatuta, Kultura ondareen kontserbazio eta zaharberritzeari buruzko gradua egiten ari da. Lehen aldiz hartuko du parte horrelako ekimen batean.

Zer dela eta apuntatu zara auzolandegietan?

Lagun batek gomendatu zidan, bera aritua baitzen Aiztondon indusketa lanak egiten. Egia esan, Gerra Zibilaren inguruan horrelako ekimen oso gutxi egiten dira Espainian. Ni Kataluniatik nator, eta han horrelako indusketa batzuetan boluntario moduan aritzeko oso aukera gutxi eskaintzen dute. Horregatik erabaki nuen Asteasura etortzea, baina baita Euskal Herrian zelako eta ospea duen Aranzadi bezalako elkarte batekin lanean aritzeko.

Lehen aldia da auzolandegietan parte hartzen duzuna?

Bai, Aranzadirekin batera proiektu arkeologiko batean arituko naizen lehen aldia izango da. Aurrez aritu izan naiz Aranzadirekin lanean, baina beste mota batzuetako lanak egin izan ditut. Esperientzia eta erreferentzia oso onak nituen aurretik.

Zer aurkitzea espero duzue egun hauetan?

Aipatu digutenagatik trintxera batzuetan arituko gara indusketa lanak egiten, Sastea Defentsa Sisteman funtsezkoak izan ziren eremuetan.

Egonaldian zehar hitzaldiak eta azalpenak ere izango dituzue.

Oso garrantzitsua da parte hartzen ari garen boluntariook jakitea zer den benetan egiten ari garena, zer aurkitzen ari garen eta lanak egingo ditugun ingurua ondo ezagutzea. Begiraleek aipatu digutenez, bailarako inguruak ezagutzeko tartea ere hartuko dugu, bertako jendea ezagutzekoa eta, bide batez, kultura eta historiaren berri gehiago jakitekoa ere.

Aurrez egona zinen Euskal Herrian?

Bai. Niretzat Euskal Herriak aura berezi bat dauka. Eta bertako jendeak ere bai, zalantzarik gabe. Hemengo jendeari nabari zaio bere kultura eta historia maite dituela; hori leku gutxitan ikus daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!