PSE-EEren esku geratu dira Berrobi eta Larraulgo udalak

Ataria 2019ko ekainaren 15a

David De Miguel Les izango da Berrobiko alkatea eta Maite Arana Perez Larraulgoa.

Gaurko kargu hartze ekitaldian David De Miguel Les izendatu dute Berrobiko alkate. Zerrendan azken postuan bazegoen ere, aurreko guztiek uko egin diote alkatetzari. Horrez gain, bigarren zegoen Coral Maria Rodriguez Fouzek uko egin dio zinegotzi izateari.

PSE-EEk ziurtatu du beraien asmoa dela udalean orain arte egindakoarekin jarraitzea eta herritarrei beste proiektu batzuk proposatzea. Gizarte zerbitzuetan, hirigintzan nahiz hezkuntzan ere aurrerapausoak eman nahi dituzte. Egingo duten lehen lana ere argitu dute: batzorde bat osatuko dute San Agustin jaiak martxan jartzeko. Zerbait garrantzitsua egin nahi dutenean herritarren iritziak jasoko dituztela ere esan dute.

Euskaraz eta gaztelaniaz egin den kargu hartzean herritarrek ere izan dute aukera beraien ekarpenak egiteko. Hizkuntzarengatik galdetu dute eta Berrobiko alkateak euskaraz ez dakiela ziurtatu dute hautetsi berriek.

Larraulen zazpitik sei

Larraulen goizean ospatu den osoko bilkuran udalbatza berria osatu dute. Udal hauteskundeetan hautagaitza bakarra aurkeztu zen, PSE-EErena, eta 19 boto eskuratuta zazpi eserlekuak eskuratu zituen. Aitor Beistegi ez beste hautetsi guztiak azaldu dira osoko bilkurara eta zinegotzi kargua hartu dute.

Josean Rodriguez zen sozialisten hautagaitzan zerrendaburu, baina berariaz uko egin dio alkate karguari eta zerrendan bigarren doan Maite Arana Perez izendatu dute alkate. Hautetsi berriek ez dute adierazpenik egin nahi izan.

Larraulen 95 boto zuri izan ziren udal hauteskundeetan eta aste honetan herri batzarrean bilduta boto horiek aintzakotzat hartzeko eskatu diete larrauldarrek alderdi sozialistari. Gaurko osoko bilkuran udalbatza osatu dute, ordea, alderdi sozialistako kideek eta alkate kargua hartu du Maite Arana Perezek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!