PSE-EEren zinegotzi batek Berrobiko karguari uko egingo dio

Ataria 2019ko eka. 13a, 11:59

Larraul eta Berrobiko PSE-EEren alkategaiek larunbatean hartuko dute kargua

Larraulgo kasuan, PSE-EEko zazpi hautetsiek hartuko dituzte karguak. Berrobin, sei izango dira udalbatza osatuko duten hautetsiak.

Maiatzaren 26an egindako udal hauteskundeetan, Larraulen 19 boto eskuratu zituen PSE-EEk eta, boto baliodunen %5eko langa gaindituta, Larraulgo Udaleko zazpi eserlekuak eskuratu zituen. Alderdi sozialistako iturriek baieztatu dutenez, larunbatean, hautetsiak kargu hartzeko bilkuran izango dira, eta zinegotzi aktak sinatuko dituzte.

Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia eta Mikel Duran antolaketa idazkaria, aurreko asteazkenean, ekainaren 3an, Larraulgo jarduneko udal ordezkariekin bildu ziren. Larunbatean egingo den osoko bilkuran zazpi kideek kargua hartuko dutela baieztatu zieten, baina beste eskaintza bat ere egin zieten: «Prest daude, uztailean, hiru zinegotzi postu Larrauldarren esku uzteko, hau da, PSE-EEko lau zinegotzi, eta hiru zinegotzi larrauldar egotea». Horrela baieztatu dute, 2015 - 2019 legealdiko udal zinegotziek.

Proposamenari zein erantzun eman erabakitzeko herri batzarra deitu zuten ostegunean, ekainaren 4an, eta Gipuzkoako PSE-EEk egindako proposamena alboratzea erabaki zuten herritarrek; «herriko inor udal korporazioan ez sartzea», dio herri bileraren aktak. Are gehiago, maiatzaren 26an Larraulen izandako boto zuriak aintzat hartzeko eskatu diete sozialistei. «Udal hauteskundeetako emaitzak ikusita, 95 boto zuriak herri hautagaitzaren aldeko bezala hartuta, PSE-EEk 19 botorekin udalbatzan eserleku bat edukiko luke. Gauzak horrela, zinegotzi sozialistek kargua ez hartzea dagokien bakarra izan ezik eta herriko botoen proportzionaltasuna errespetatzen duen batzorde kudeatzaile bat osatzea eskatzen diogu alderdi sozialistari». Aldi berean, beren plana azaltzeko herri bilera bat egin dezan eskatu diote, herritarrek, PSE-EEri. Proposamena idatziz helarazi zioten, astelehenean, baina oraingoz ez dute erantzunik jaso.

Alderdi sozialistako iturriek ez dute baieztatu, euren aldetik, gisa horretako proposamenik egon denik, eta berretsi dute zazpi kideek karguak hartuko dituztela larunbateko bilkuran. 10:30ean hasiko da plenoa.

SEIK BAIEZKOA, BERROBIN

Berrobiren kasuan, alderdi sozialistak 30 boto eskuratu zituen udal hauteskundeetan eta, nahiz eta boto zuriak 218 izan, ez zuten lortu %95era iristerik. Beraz, zazpi eserlekuak eta alkatetza PSE-EEren esku geratu dira.

Berrobiko Udalean jardunean dauden ordezkariek azaldu dute, ez dutela inongo proposamenik jaso sozialisten aldetik. Asteartean egin zuten bilera, udaleko egungo ordezkariek, sozialistekin. Han jakinarazi zieten, PSE-EEkoek, haietako sei kidek sinatuko dituztela zinegotzi aktak, eta zazpigarren kide batek uko egingo diola karguari.

Osoko bilkura 09:30ean izango da, larunbatean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!