"Herrialdeek baino gehiago, tokiek eta jendeak erakartzen naute"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko eka. 15a, 20:00

Irakaslea da Fernando Rojo tolosarra, eta opor egunak bidaiatzeko aprobetxatzen ditu. Argazki kamera lagun hartuta munduan zehar ibiltzen da, eta azken bidaiako argazkiekin osatutako erakusketa jarri du Alegian.

Historia eta geografiako irakaslea da Fernando Rojo Tolosa (Tolosa, 1967), eta gaur egun Lizartzan bizi da. Irakasle izatearen abantailetako bat du opor egunak izatearena eta, egun horiek, posible duen guztietan bidaiatzeko baliatzen ditu. Gehienean bakarrik, eta argazki kamera lagun duela joaten da munduan barrena. Indiara egin berri duen bidaiako argazkiekin, argazki erakusketa jarria du Alegiako Erretirodunen tabernan.

Irakaslea, bidaiaria, argazkilaria, dantzaria... Zein da Fernando Rojo?

Bidaia edo argazki zalea naizela esatea gustatzen zait, eta irakasle izaten saiatzen naiz. Ikastola bateko historia irakaslea naiz, eta ia 25 urtez Udaberriko dantzaria izan nintzen. Orain gehiago aritzen naiz bidaiatzera eta argazkiak ateratzen, beste bizio askoren artean.

Alegiako Erretirodunen tabernan argazki erakusketa duzu jarrita. Zer ikus daiteke bertan?

Urtarrilean Indiara egin nuen bidaia txiki bat da. Espainiar argazkilari batek antolatutako bidaia zen. Hamabi urtez behin Indian egiten den festibal bat da, eta beste festibal bat tartean egiten dute, hau da, esan dezakegu, sei urtez behin egiten dela, eta horietako bat zen. Festibal hori aspalditik ezagutzen dut, zeren niri erlijio mundua asko gustatzen zait. Nahiz eta fededuna ez izan, asko erakartzen naute kulturek eta erlijioek.

Iazko San Joan bezperan, lagun baten zain nengoela, taberna batean begira hasi nintzen, ea hurrengo Kumbhamela noiz zen. Horrela deitzen diote, eta ikusi nuen bidaia festibalera eta argazkiak ateratzera joateko zela, eta momentuan apuntatu nintzen.

Zer da Kumbhamela?

Festibal erlijioso hau erromesaldi hindu bat da. Aspalditik ezagutzen nuen eta aspalditik joan nahi nuen. Bertan, denera bi hilabetetan, 150 milioi pertsona elkartzen dira. Munduan dagoen erromesaldirik handiena da, eta Guinness errekorrean ere badago. Dena nahasten nuela iruditzen zitzaidan, bidaia, argazkiak eta zeremonia erlijiosoa; nire hiru bizio handietakoak. Hor ateratako argazki bildumaren ale txiki bat ikusten da Alegiako tabernan.

Noiz arte egongo dira ikusgai?

Uste dut ekainaren bukaera bitartean egongo direla.

Gustuko duzu bidaiatzea, eta urtero bidaiatzen duzu.

Urtero bi edo hiru bidaia egiten ditut. Ez dut ukatzen irakasle izatearen abantaila dela. Gauza txarrak ere baditu, baina niretzat onak gehiago ditu. Abantaila da bidaiatzeko. Bi oporralditan ziur joaten naiz, eta askotan hiruretan. Eta zubiren bat dugunean Europa aldera bidaia laburren bat ere egiten dut, noizean behin.

Gogoan dituzu bidaia guztiak?

Bai, noski. Guztiak. Eta toki batzuetan egon naiz bi, hiru edo bost aldiz. Baina Ozeanian ez naiz egon, eta Ameriketan ere ez naiz herrialde askotan egon. Hemengo jendea asko joaten da Hego Ameriketara, hizkuntzagatik edo, eta gustatzen zait, eta badaukat gogoa Ameriketan barneratzeko; baina bidaiak hain dira garestiak, askotan atzera egiten dudala. Asia edo Afrikara bidaiatu izan dut, hegaldiak merkeagoak direlako.

Afrika asko ezagutzen dut, eta Asian ere herrialde asko ezagutzen ditut, eta Europan ere bai.

Asiak eta Afrikak gehiago erakartzen zaituzte?

Erakarri mundu guztiak erakartzen nau. Esaterako, izugarrizko gogoa daukat Mexiko ezagutzeko, edo Brasil. Oso aberatsak iruditzen zaizkit, baina hasten naiz prezioak begiratzen eta, egia da, oso berandu ibiltzen naizela hegaldien bila, eta prezioak gehiegizkoak iruditzen zaizkit. Askotan ez nago prest hainbeste ordaintzeko.

Beste toki batzuetara joateko, agian, garesti ordaindu dut, baina leku oso-oso bereziren batera. Mexikok ere merezi du, baina, behin joaten hasita, bi hilabete joan nahiko nuke. Behin Mexiko edo Brasilera joanda hilabete eta erditik gora pasatzea gustatuko litzaidake. Faktore asko sartzen dira tartean eta, agian horregatik, gutxi izan naiz. Kolonbian edo Panaman egon naiz, Kuban, Jamaikan, Ipar Ameriketan, New Yorken bost aldiz, Kanadan... Baina Hego Ameriketan, gutxi.

Ezagutu duzun zein herrialde nabarmenduko zenituzke?

Herrialdeek baino gehiago, ni tokiek eta jendeak erakartzen naute. Ez zait gustatzen klasifikatzea, batzuetan jendea da jatorra, beste batzuetan paisaia da zoragarria, eta beste batzuetan kultura da erakargarria. Asko-asko gustatzen zait Palestina. Nik 15 urte nituenetik izugarrizko gatazka politikoa dauka, eta asko interesatzen zait. Lehen aldiz Askapenarekin joan nintzen, eta txundituta gelditu nintzen Jerusalemekin eta palestinar kulturarekin. Bost alditan egon naiz.

Etiopia ere aipatuko nuke, oso berezia delako. Beste bat, egin berri dudana eta bidaia antolatuan, Ipar Korea. Oso-oso ikusgarria da. Nik normalean bakarrik bidaiatzen dut, baina horra bai, antolatuta bidaiatu behar da.

Antolatutako bidaian sartu zinen, beraz, Ipar Koreara.

Txinako agentzia batekin jarri nintzen kontaktuan, eta haien bitartez joan nintzen, hamar egun. Oso bidaia ikusgarria izan zen. Nazioarteko politikak asko erakartzen nau eta horregatik joan nintzen Ipar Koreara.

Zer egin zitzaizun deigarriena?

Ematen du orain dela ez dakit zenbat urte atzera bizi direla. Ez dut esango diktadura itxi bat ez denik, eta ez dut hitz egingo Kim Jong-unen alde, baina esaten diren gauza asko ez dira egiak. «Han ez dute uzten argazkiak ateratzen», ba nik 2000 atera nituen. «Jendearekin ezin da hitz egin». Agian beldurra daukate gurekin hitz egiteko, baina hitz egin dezakezu jendearekin. Diktadura itxia da, eta ez dira bizi gure askatasunarekin. Ni hondartzan bakarrik egon nintzen. Tabernan ere egon nintzen, beraiek egiten duten artisau garagardoa edaten, eta gazte jendea ere bazegoen. Alderdikoak zirela? Funtzionarioen edo militarren seme-alabak zirela? Agian bai, ez dakit.

Jartzen dizkiguten gidariak komisario politikoak dira, baina, gure taldean, esaterako, Coca cola edan zuen bakarra bera izan zen. Ha ez duzu Coca colarik ikusten, eta pentsatzen genuen ezinezkoa izango zela han edatea, baina bertan konturatu ginen baietz. Ez da esaten den bezainbeste. Hala ere, ez dut Ipar Korearen alde hitz egingo guztiz.

Beste tokiren bat aipatu nahiko zenuke?

New York asko gustatzen zait hiri moduan, eta bost aldiz izan naiz. Oso erakargarria iruditzen zait hiria. Badago gorrotatzen duen jendea, eta hori ere ulertzen dut, baina niri asko gustatzen zait.

Asko aipatuko nituzke. Iaz Groenlandian izan nintzen, eta ikaragarria da. Agian, berria delako. India ahaztu zait. India da kolorea eta usaina, eta argazki zaleentzako ikaragarria da.

Herrialdeak bezain garrantzitsu dira bertakoak. Nongoek utzi dute zugan arrastoa?

Niri bidaietan gehien erakartzen nauena, jendea da. Paisaia ere gustatzen zait, hondartzetan bainua hartzea; baina niri, benetan, kulturak eta jendea gustatzen zaizkit. Jendearekin egotea gustatzen zait. Mundu guztian topatu dut jende ona eta txarra; zintzoa, ez hain zintzoa; denetarik. Baina, bereziki, traturik onena eman didatenak herrialde musulmanak dira, inongo zalantzarik gabe. Siria, Iran, Libano, Egipto, Sudan... Tea segituan eskaintzen dizute. Sudanek duen diktadura zorrotzarekin, baina han bezala toki gutxitan tratatu naute. Jendea etortzen zaizu hitz egitera, zutaz jakin nahi dute, beraiena kontatu nahi dizute; jatekoa ematea ere tokatu zait.

Bidaia bat antolatzerakoan, zertan oinarritzen zara toki bat aukeratzeko?

Denetik tokatu zait. Ikasleei asko hitz egiten diet nire bidaiez, eta aguantatu behar izaten naute. Historia eta geografia erakusten dut, eta Ameriketako mapa egiten ari ginela ikasle batek galdetu zidan ea Groenlandian egon ahal naizen. Ez. Eta hortik hasi nintzen informazioa bilatzen, eta aurreko abuztuan Groenlandian bukatu nuen.

Eta, iaz, Sao Tome eta Principe uhartean izan nintzen. Afrikako bigarren herrialde txikiena da. Egoera pertsonal batengatik, bidaia bat egin beharrean, bi motz egin ahal nituen, eta ez nekien zer egin uztailean. Bakarrik egon nahi nuen, eta Interneten begira hasi nintzen, eta malariarik ez duen herrialde tropikal bakarra da; pobreak dira, baina dirua inbertitu zuten malariaren aurka. Afrikako herrialdeak gauez arriskutsuak dira, baina han delikuentziarik ez dago; zoragarri. Plentziako errefuxiatu bat dago bertan, eta lortu nuen berarekin egotea. Baina, aipatu moduan, bidaiak dira garestiak. Eta, kasu askotan, argazki bat ikusi dudalako edo artikulu bat irakurri dudalako izaten da.

Ingurukoek eskatuko dizkizute gomendioak, ezta?

Ez naiz oso gomendio zale; bere garaian eman izan zizkidaten, baina gero desilusioa hartu nuen. Nire esperientziatik hitz egiten diet, eta zergatik gustatu zaidan kontatzen diet. Ez zait gustatzen bai edo bai joan behar dela esatea. Mundu bat gara pertsona bakoitza. Esaterako, orain bigarren aldiz Indian egon naiz, eta zoragarria da, baina oso gogorra da ikusteko, batik bat, hirietan. Baina aberasgarria, kulturalki, eta erlijioaren mundua ikaragarria da. Oso turistikoa da, eta turistok asko kutsatu dugu, baina bere esentzia mantentzen du, eta indartsua da; eta hori gustatzen zait. Badaude munduan esentzia galdu duten toki batzuk, asko kutsatu ditugulako.

Hainbeste bidaia eginda, beldurra noizbait sentitu duzu?

Beldurrik ez dut inoiz pasatu. Une konkretu batean, bai. Herrialde konkretu batera inoiz ez naiz joan beldurrarekin, baina suertatu zaizkit egoera deserosoak. Egin dudan bidaia bereziena 2007an izan zen. Ia Afrika osoa zeharkatu nuen, Istanbulen hasi eta ekialde hurbil guztia zeharkatuz. Sei hilabeteko eszedentzia hartu nuen horretarako, eta ezin dut ukatu momentu txar batzuk eduki nituela: kamioi batean nindoan eta bide bat hartu zuen, eta gida liburuan irakurtzen hasi, eta orain jihadista moduan ezagutzen ditugunen eremua zela jartzen zuen. Ordubetez, beldurra ez dakit, baina lasai ez nintzen joan. Beste batean lapurtu egin zidaten. Afrika mundu bat da, eta atxilotuta ere egon nintzen.

Zergatik atxilotuta?

Zimbabwe oso gaizki dago ekonomikoki. Uste dut dirua nahi zutela, eta edozein aitzakia bilatu zutela. Autobus geltoki batean nengoen Mozambikera joateko, eta poliziak inguratu ninduen. Polizia etxera joan behar nuela esaten zidaten, eta nik ezetz; ez nuela ezer egin. Argazki bat atera nuela esaten zidaten, eta nik ezetz. Egoskor jarri nintzen, eta lurrean eseri nintzen. Oso urduri nengoen.

Autobusa hartu nuen, baina autobusa, zuzenean, 500 metrora zegoen komisariara joan zen. Komisaria horretatik beste batera eraman ninduen poliziak, eta galdeketa bat egin zidaten. Dirua nahi zuten. Nola edo hala, libre eta ordaindu gabe atera nintzen. Susmoa banuen, eta atera nituen bi argazkiak ezabatu egin nituen, eta kamerari pilak ere kendu egin nizkion. Lehen bi-hiru orduetan urduri egon nintzen. Eta askotan pasatu izan zait kazetaria ote naizen galdetzea; kazetariak ez dituzte nahi. Irakaslea naizela, eta nire ikasleen argazkiak eramaten ditut. Jendeari ikustea gustatzen zaio.

Bakarrik bidaiatzeak alde onak eta txarrak izango ditu.

Bai, onak eta txarrak. Bakarrik, nahi duzuna egiten duzu uneoro. Nik onartzen dut pixka bat zaila naizela elkarbizitzarako eta, nahiz eta lagunak eduki, bakarrik nahi dudana egiten dut, inori itxaroteko eskatu beharrik gabe. Argazkiak ateratzen edo irakurtzen egon naiteke. Lasaiago nago bakarrik. Are garrantzitsuago dena, nire bidaiatzeko motiboetako bat ikastea da; asko gustatzen zait ikastea. Ikusi eta ikasi. Iruditzen zait bakarrik askoz gehiago ikusten eta ikasten duzula, baina ez diot uko egiten jendearekin bidaiatzeari, eta noizean behin lagunekin ere joaten naiz. Oraintxe dantzako lagunekin Dublinen izan naiz.

Alde txarra, aldiz, gauetan, afaldu ondoren, zerbeza bat hartu eta ohera joan aurretik eguna errepasatzeko ez duzula inor. Hor ez dut ukatuko jendearen falta sumatzen ez dudanik. Bertakoekin eta beste bidaiariekin egoten naiz, baina ez da berdina. Askotan pentsatu izan dut: «Oraintxe hemen lagun bat zerbeza bat hartzeko, eta lasai hitz egiteko».

Aipatu duzu beti berandu ibiltzen zarela bidaiak antolatzen. Noiz hasten zara?

Lehen azkarrago egiten nituen, agian, garbi nuelako zer ezagutu nahi nuen. Horiek betetzen joan naizen heinean, gero eta polikiago nabil. Aurten, oraindik, ez dakit nora joan. Ideia batzuk baditut baina...

Tokiak bukatzen ari zaizkizu...

Bukatzen ez. Oraindik ere mundua oso zabala da. Geratzen dira tokiak, baina lehen irrika handia nuen tokiak ezagutzeko, eta horiek pasatzen joan dira.

Pentsatzen dut argazki kamera izango dela motxilan sartzen duzun lehen gauzetako bat.

Lehenengoa. Askotan ez ditut erabiltzen, baina, bi edo hiru objektibo eta flasha sartzen ditut. Argazkien mundua pila bat gustatzen zait. Bere garaian inbertsio bat egin nuen, eta kamera ere txukuna daukat. Pisua eramaten dut, baina arropatik kentzen dut.

Zer izan da lehenago: bidaia zale izatea ala argazki zaletasuna?

Bietatik, baina, nik uste dut, bidaiarena beranduago etorri zela. Uste dut bidaiena Udaberri dantza taldeari eskertu behar diodala. Lehenengo bidaiak, Europan zehar, dantza eginez izan ziren. Aitari ere kultura asko gustatzen zaio, eta berak ere eragin dit, nahiz eta ez duen bidaiatu. Egia da argazkilaritza betidanik gustatu izan zaidala; txarra nintzen argazkiak ateratzen, eta orain hainbestean ateratzen ditut. Argazkilari handia izan gabe, ateratzen ditut argazki politak.

Denbora hartzen duzu argazkiak ateratzeko?

Bai. Jendearekin nagoenean nik askoz ere argazki gutxiago ateratzen ditut, ez nago eroso argazkiak ateratzeko. Bakarrik bidaiatzeko beste motiboetako bat hori da. Egon naiteke izkina batean, bi ordu eserita, argazkiak ateratzen. Edo gau batean atera, argazkiak egiteko, Jerusalemen. Hori bai, beti kamera eskuetan. Argazkia da momentu bat betikotzea, eta edozein momentu izan daiteke eta, badaezpada, beti eraman behar da eskuetan. Norbaiti argazkia atera behar diodanean baimena eskatzen diot, eta ez zaizkit asko gustatzen argazki prestatu horiek. Aterako diot bera jartzen den bezala, baina ez dut ukatuko, noizbait egin dudala, eta Indian egin dugu.

Herrialderen bat suertatu zaizu zaila argazkiak ateratzeko?

Tokitik tokira alde handiak daude, eta herrialde musulman batzuetan ez zaie gustatzen, eta guztiz errespetatu behar duzu. Marokoko mendi aldean dauden berbereen herrixketan, adibidez. Herrialde musulmanetan debekatuta dagoela esaten dute, eta ez da horrela, denetik dago. Iranen asko gustatzen zaie; agian, emakumeei zaila da ateratzea. Atera daitezke, eta uzten dute ateratzen; Sudanen ere bai. Asian izugarri gustatzen zaie, eta mila argazki atera ditzakezu. Eta Indian, orain, guk mila ateratzen ditugu, baina beraiek bi mila ateratzen dizkizute. Gu ginen han arrotzak. Irribarrea ateratzen duzu, eta kito.

Bidaietan bizitakoa erakusteko modu bat izango da argazki erakusketa, ezta?

Ez naiz protagonismo zalea, baina gustatzen zait nire bidaiez hitz egitea. Bidaia guztiek dute pre eta post bat. Aurre hori da bidaia prestatzea, baina ez zait gustatzen guztiz prestatzea; inprobisatzea gustatzen zait. Gero dago bidaia eta atzetik dator ostea. Post hau da elkarrizketa egitea, Alegiako erakusketa, edo post bat da nire ikasleei klasea nire argazkien bidez ematea. Ez ondo pasatzeko eta denbora galtzeko, ez, ez; baizik eta gaiarekin zerikusia dutelako. Erlijioak erakusten ditut nire diapositiben bitartez: islama, budismoa, hinduismoa.

Zergatik du erlijioak zuregan hainbesteko garrantzia?

Kulturaren oinarria delako. Gu fede gabeko mundu baten bizi gara, baina gure kulturatik ateratzen zara eta mundu guztiak sinesten du zerbaitetan. Nik errespetu handia diet erlijio guztiei, fede guztiei; agian erlijio hitza ez da onena, fama txarra du. Batzuk kontra hitz egiten dute berehala, baina, nik uste dut, jende gehienaren oinarria zerbaitetan sinestea dela. Horrela sortu ziren eta, nire ustez, ez daukate ezer txarrik. Txarra da, gizakiak egiten duen erabilera erlijio horiekin; botere harremanetarako nola hartzen dituzten, eta batzuk nola abusatzen duten erlijio horiez. Berez, ordea, bere oinarrian ez dut uste ezer txarra daukanik. Horregatik, asko erakartzen nau, kulturala delako. Kultur munduan ibili naiz erabat, eta orain arte esan ez badut ere, bidaiatzeko irizpideetako bat izan da erlijio ezberdinak ezagutzearena. Erlijio asko ezagutu ditut, eta jada ez zaizkit asko geratzen. Eta erlijio horiek erakusten ditut klasean, argazki bidez, eta konturatzen naiz ikasleei izugarrizko kuriositatea sartzen zaiela. Eta beste irizpideetako bat historia bera da, historia bila joaten naiz, herrietako jendearen istorioez gain, herrialdearen historia ezagutzera. Azken urteetan egin dudan bidaia interesgarrienetako bat, Ipar Koreaz gain, Ruandara egin nuen bidaia izan da, han gertatutako hutu-tutsi genozidioa gertuagotik ezagutzeko; eta baita Txernobylera egindakoa ere.

Erlazionatuak

"Asko formatu nintzen Udaberrin"

Tolosaldeko Ataria 2019 eka 14 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!