"Gurasoek konfiantza pixka bat guri ematea falta da"

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 14a, 17:16

Irakaslea izanik, hezkuntzaz ere hitz egin du Fernando Rojo tolosarrak.

Lanbidez irakasle zara. Gustuko duzu lana?

Bai, asko gustatzen zait. Historia erakusten dut, eta oso gustura. Hautua baino gehiago kasualitatea izan zen. Gogoan dut, Tolosako ikastolan COU egin nuenean, irakasle bat izan nuela, eta niretzat idolo bat zela. Historiako irakaslea zen, eta berari ere askotan esan diot. Beti esaten nuen: «Bera bezala historia irakatsi nahi dut ikastola honetan». Eta ez da Tolosan izan, baina Zarautzen gertatu da. Lanbide gustukoena, aukeran? Mitifikatzen ditut beste lanbide batzuk, baina hau daukat eta oso gustura nago. Asko gustatzen zait nerabeekin lan egitea. Psikologia ere asko gustatzen zait, eta DBH 3n eta 4an psikologia nerabezaro puru-purua da. Askok esaten didate batxilergoa hobea dela, magistralagoa, eta gehiago irakasten duzula; agian bai. Baina nik psikologia oso gustuko dut eta, bere alde gogorra duen arren, DBH 3n eta 4an gusturago nago.

Nolakoak dira gaur egungo ikasleak? Asko aldatu da?

Bai, izugarri aldatu da. Ez dakit nola esplikatu. Nik, karreran nengoela, irakasle bati galdetzen nion ea nolakoak ziren ikasleak, eta «niños Telecinco» esaten zidan. Bada, orain, okerrago. Dena da mugikorra, sare sozialak,...

Oso gutxi politizatuta daude. Eta agian jendeak esango du: «Politizatuta egon behar dute?». Ba, nik uste dut baietz. Esan nahi du,t politika gure egunerokotasunaren kudeaketa dela. Garrantzitsua da, eta izugarri saiatzen naiz ikasleei hori sartzen. Ez naiz ari alderdikeriez edo bozkatzera joateaz. Esan nahi dudana da, auzoko farola puskatu bada, udaletxera joan beharko dela konpontzeko eskatzera; edo eskubaloi talderako diru laguntza eskatzen dutenean, politika egiten ari direla erakutsi behar zaiela. Dena da politika, eta axola zaien bakarra kirola da. Garrantzitsua da kirola, baina hor bukatzen da beraien mundua.

Erraza da historiarekin beraiengana iristea?

Erraza ez da, baina batengana behintzat iristen banaiz, ni kontentu nago. Ez naiz ni aproposena neure buruaz hitz egiteko, eta ez zait asko gustatzen, baina esango nuke gustura daudela. Sirian gerra latz bat egon da, eta hauei ez zaie inporta. Non dagoen badakite, nirekin azterketa egiten dutelako, baina Sirian gertatzen denak guri eragiten digu. Eta ni saiatzen naiz prentsan ateratako hori gelara eramaten. Argazkiak eramaten ditut. Ez dut esan nahi historian izugarrizko interesa jartzen dutenik, baina konturatzen dira non dauden eta non bizi diren, eta guztia dela garrantzitsua. Historia ere garrantzitsua dela.

Ikasleak aldatu diren moduan, irakaskuntza ere aldatuko zen.

Bai, irakaskuntza ere ez dakit aldatu den, edo aldatzen ari den. Orain konpetentzietan oinarritutako eredua dago joeran, eta gauza askorekin oso kritiko izango nintzateke. Egia da, nahiz eta orokorrean berdina izan, eskola bakoitzak bere sistema duela. Hezkuntza aldatu nahi dugu behetik, eta hezkuntza aldatu behar da goitik. Konpetentzia pila bat daude, eta proiektu pila bat, baina, gero, joaten dira batxilergora, eta egin behar dutena selektibitatea da. Zoritxarrez, selektibitatea da, ikasi, ikasi eta ikasi.

Orduak sartzea da, buru-belarri ikastea, eta nik ez dut uste horrela ikasi egiten denik. Baina, hori hor dagoen bitartean, guk horri eutsi behar diogu, eta nik nahi dudana da, nire ikasleek hemendik bi urtera selektibitatea gainditzea. Kontuz, bide hori hartzen dutenen kasuan esan nahi dut, besteekiko errespetu guztiarekin. Nire buru hausteak ditut, eta goitik etortzen zaidana pixka bat apurtzen dut eta nire eskua sartzen dut.

Gurasoak ere aldatu dira?

Bai, lehen zaplazteko bat ematen zizuten, eta etxean bestea jasotzen zenuen. Metaforikoki ari naiz hitz egiten, eta nik ez dut inoiz zaplaztekorik eman nahi izan. Baina, kontuz, zer egiten edo jartzen diozun ikasle bati: gurasoak berehala etortzen dira. Nik ez dut arazorik izan orain artean, baina aurten etorri zait guraso bat. Bere semeari sinetsi dio dena. Umeak oso babestuta daude, eta ez da beraien errua. Umeak infantilizatu egin ditugu, eta despolitizatu; eta guk egin dugu hori, gurasook eta gizarteak. Denon errua da. Edo sistemari ez zaio interesatzen 15 urterekin ume politizatu batzuk izatea. Okerrera doa, eta nahi dutena egiten dute.

Erremediorik bada?

Sistema aldatu behar da, goitik behera. Irakasleei autoritate pixka bat eman behar zaie, autoritate guztia galdu dugu. Gurasoek konfiantza pixka bat guri ematea falta da. Orokorrean ari naiz hizketan, eta nire esperientzia ez da hori, baina inguruan asko ikusten dut. Segituan etortzen dira kexatzera. Astuna egiten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!