"Asko formatu nintzen Udaberrin"

Ataria 2019ko eka. 14a, 17:18

Udaberri Dantza Taldeko kidea ere izana da tolosarra.

Esana duzu, zarenaren %90 Udaberrigatik zarela. Zer da Udaberri dantza taldea zuretzat?

Zaila da ehuneko bat jartzea eta, 90 esan nuenean, horrekin esan nahi nuen, asko. Orain beste bizitza bat daukat, baina egia da nire lagun onenak hor egin ditudala. Ostiralero batera afaltzen dugu, eta noizean behin parranda egiten dugu, eta orain eskopeteroetan aterako gara. Niretzat, nire bizitza izan da. Ez bakarrik lagunak, baita sozialki ere: zenbat ireki ginen, zenbat bidaia egin genituen, euskalduntasuna,... Etxetik ere asko jaso dut, eta nire gurasoak ere hor daude. Baina dantzan egin genituen urte horietan guztietan, uste dut egin genuela lana; euskal kulturaren alde, dantzaren alde eta euskararen alde. Tolosako saltsa guztietan sartzera eraman gintuen. Eta ikustea, orain ere, Udaberrikoak hor daudela, eta ze indartsu, eta ze giroa daukaten, eta gu baino askoz hobeto egiten dituztela gauzak... Bada, horren ardura pixka bat guk ere badaukagu, eta gure aurrekoek ere bai.

Bertako giroak harrapatu zintuen.

Ni dantzara noa gustatzen zaidalako, baina, ondo ez banu pasako? Zergatik atera gara bordon dantzariak? Sanjoanetan ondo pasatzen dugulako! Kulturaren, euskararen, Euskal Herriaren alde egin... Lagunekin ondo ez baduzu pasatzen, ez duzu egiten. Dena da bat. Ondo pasatzea eta gozatzea da, eta mundu honetan, horretarako, lagunak bezalakorik ez dago. Lagunak dira gauzarik aberasgarrienetakoa, eta niri Udaberrik eman dit hori. Nire eraikuntza izan zen. 15 urterekin hasi nintzen Udaberrin. Zure nortasuna eraikitzen ari zaren garaian; eta nik, onartu behar dut, nire nortasuna 14-15 urterekin nahiko ahula zela. Sufritu nuen. Asko formatu nintzen Udaberrin. Dantzak eta arlo sozialak egin zuten, neurri handi batean, gaur naizena. Nire gurasoak ere hor daude, eta asko miresten ditut.

Bidaiak izan dira Udaberriren parte. Hortik bidaietara sena?

Zaila da esatea, baina nik uste dut baietz. Hori, gehi nazioarteko gauzak beti asko interesatu izan zaizkidala. Hasieran Espainia mailan hasi ginen, baina, gero, Praga, Irlanda edo Austria. Guretzat urte guztiko saria izaten zen: hamar egun, lagunekin, gazte-gazte eta, gainera, zertara, eta euskal kultura eta dantzak erakustera. Zoragarria.

Artxiboan ere lan handia egindako zara, Udaberri dantza taldean.

Historia zalea izan naiz betidanik, eta hori bai zor diodala nire aitari. Juan Mari Urruzolaren moduko pertsona bat topatu nuen, eta asko ikasi nuen berarekin. Berak sortu zuen ikerketa saila, eta gero ni sartu nintzen. Ni liburuak erosten, artxiboa osatzen, dena gordetzen hasi nintzen. Ikerketa deitzerik baldin badago; aztertzen hasi ginen dantzak nondik zetozen-eta. «Dantza egiten dugu, baina zergatik egiten dugu, eta zertarako?». Kausak bilatu, aztertu, liburuak irakurri, artxiboren bat edo beste zapaldu, jende helduarekin hitz egin... Hori aurretiko lana da, eta niri gerokoa ere gustatzen zait, hau da, besteei erakusten saiatzea, eta hori guztia egiten zergatik ari garen azaltzea. Saiatzen ginen Juan Mari eta biok, baina ez genuen beti lortzen. «Zer da aurreskua? Zer esan nahi du? Zein eboluzio izan du? Zertarako egiten da?». Esanahiak dauzka eta garrantzitsuak dira. Lekukotza da gerorako, eta oroimen historikoa da, guri utzi diguten moduan, guk ere ondorengoei uztea.

Dantza munduan ere aldaketak emateko borroka egin zenuen eta, orain, belaunaldi berriak lanean ondo ari direla uste duzu.

Bai. Lagunak gara, baina haserreak ere eduki genituen, eta denborarekin konpontzen genituen. Batzuk berritu egin nahi genuen, aldatu; ezin genuen betiko argazkiarekin geratu. Hori da oinarria, baina goazen gauza berriak egitera. Ikusten genuen berritzen zuten taldeak aurrera egiten zutela eta, kasu horretan, gure taldea oso-oso itxia zen. Ni asko pozten naiz oraingoek lortu dutelako. Ez nuen ofizialki inoiz esan, baina denok txalotu dugu emakumeak bordon dantzan sartzea. Behin ere ez da berandu, baina nik hori komentatu nuen duela urte pila bat. Modan jarri aurretik, nik aspaldi esaten nuen emakumeak dantzan egon behar zutela. Ni bezain jende irekia eta berritu nahi zuena bazen, baina horretan itxi egiten ziren: bordon dantza sakratua zen. Zorionez lortu da, eta zoriontzen ditut, baina lehenago lortu behar genuen. Amorru txikia daukat oraindik, eta igarri egiten da. Neskak loreontzi moduan sentitzen ziren, eta neurri batean horrela zen. Guk ez genuen lortu baina, zorionez, gazteek lortu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!