PSE-EEk esan du Larraulen eta Berrobin alkatetza hartuko duela

Ataria 2019ko maiatzaren 27a

Jose Antonio Rodriguez eta Benjamin Felix Atucha izango dira Larraul eta Berrobiko alkateak

Duela lau urte, Albizturren, zerrenda bakarra izanagatik uko egin zioten alkatetza hartzeari. Orduan bezala, Larraulen eta Berrobin boto zuriak ez dira iritsi %95era.

PSE-EEk Larraulen eta Berrobin udal gobernua osatuko duela iragarri du, "gure baloreekin bat datorrelako, herri horietako biztanleen bizitza hobetzeko lan egingo dugu". Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak egin zuen iragarpena hauteskunde gauean.

Larraulen, 19 bozka lortu zituen atzo PSE-EEk. Boto zuriak, aldiz, 95 izan ziren, %83,3. Emaitza horiekin ondorengo legealdian 7 zinegotzi izango dituzte PSE-EEkoek. Alkatea, berriz, Jose Antonio Rodriguez izango da.

Berrobin, botoak 30 bildu zituzten. Zuriak 218 izan ziren, %87,9. Zazpi zinegotziak eta alkatetza, beraz, PSE-EEren esku geratu dira. Alkatea, Benjamin Felix Atucha izango da.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!