Gregorio Iraola jardunean dagoen alkateak azaldu duenez, pasa den asten bilera bat egin zuten Gipuzkoako PSE-EErekin. "Botoen eta ordezkaritzaren arabera, zinegotzi bakarra zegokiela esan zuten sozialistek, ez zela udal osoa beraiena. Eta horregatik erabaki dute uko egitea" dio Iraolak.
Horren ostean, ostiralean hain zuzen, herri batzar bat egin zuten herrian egoeraren berri emateko. Astelehenean berriz, talde eragile bat jarri zuten martxan Albizturren hau guztia bideratzeko. Bada, gaur, iritsi da udaletxera uko egin dutenaren idatzia.
TOLOSALDEKO ATARIA PSE-EErekin harremanetan jarri da, baina ez dute adierazpenik egin nahi izan.
Eta orain zer?
PSE-EEri zegozkion zazpi zinegotziek beren karguei uko egin ostean, hutsik geratu da udala eta gestora bat sortu beharko dute udala kudeatzeko. "Ez dago garbi zer gertatuko den, ez delako egoera arrunta. Historikoki ez digute horrelako kasuren baten berri eman eta legeen interpretazioa aldakorra izan daiteke", gaineratu du Iraolak.
Orain, Aldundiari adieraziko zaio Albizturko udalbatza ez dela osatuko eta gestora bat martxan jarri behar dela. "PSE-EEk hauteskunde eskubidea izanik, berak proposatuko du taldea, eta proposamen horren arabera hauteskunde-batzordeak banatuko ditu zinegotzi aktak. Aldundiak oniritzia eman ostean, gestorak hartuko luke udalaren kudeaketaren ardura".