Tolosaldea Bus-eko langileek greba mugagabea atzeratzea erabaki dute

Ataria 2019ko api. 29a, 11:25

Gaur hastekoak ziren lanuzteekin, ELAko langile ordezkariaren kaleratzea salatzeko. Maiatzaren 2an enpresarekin kontziliazio ekitaldia dute eta bertan gertatzen denaren zain geratuko dira. Auzia epaitegietan dagoela ere jakinarazi dute.

10 hilabeteko greba ondoren, 2018an, Tolosaldea Bus-eko langileek euren eskariak lortu zituzten. Aurten, ordea, apirilarekin batera greba mugagabea iragarri zuten, langile baten kaleratzea salatzeko.

Tolosaldea Bus-eko langileen oharra:

"Tolosaldea Buseko langileek greba mugagabea atzeratu dute herritarrak ez kaltetzeko eta bide alternatiboak aztertzeko kaleratutako langileen ordezkaria berriz onartua izan dadin.

Tolosaldea Bus Gipuzkoako Diputazioarentzat zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa bat da, baita zerbitzu diskrezionala ere. EkialdeBus, Garayar, Auif Bus eta Aizpurua enpresek osatzen dute Tolosaldea Bus.

2018 urtean zehar, 10 hilabeteko greba burutu zuten enpresa hitzarmena eskuratuz. 3 urtetarako bake soziala lortu zuten, baina enpresak bake hori etetea erabaki zuen 2019ko martxoaren 19an langileen ordezkari bat kaleratuz.

Langileen osotasunak baztertzen du erabakia, guztien aurkako eraso modura ikusten baitute. Horri erantzuteko, apiriliaren 29tik aurrera greba mugagabeari ekitea erabaki zuten batzar bidez.

Hala ere, ez dira gutxi geroztik eman diren gertaerak. ELA sindikatuak salaketa jarri du enpresaren aurka, ez soilik kaleratzearen baliogabetzea eskatuz, baita ere kalte ordainak exijituz. Izan ere, langileen ordezkariaren kaleratzea, azken honek 2018ko greba bideratu izanaren eta bere lan sindikalen ondorio zuzen modura ulertzen dugu. Enpresarekin kontziliaketa ostegun honetan, hilak 2, ospatuko da.

Era berean, ELA Gipuzkoako Diputazioarekin bildu da hilabete honetan, gertatutakoaren erantzukizunak argitze aldera. Onartezina da Administraziotik zerbitzu publikoak esleitzea langileekin negoziatzeko prest ez dauden eta, izua zabaltze aldera, hauen ordezkariak kaleratzen dituzten enpresa piratekin. Diputazioaren erantzunaren zain gaude.

Hau guztia dela eta, 2018an egindako grebaren ondorioz autobus zerbitzuan murrizketak jasan zituzten herritarrak ez kaltetze aldera, eta langileen ordezkaria berriz onar dezaten bide berriak lantzen gabiltzanez, ELA sindikatuak erabaki du gaur hastekoa zen greba mugagabea atzeratzea.

Kaleratutako langileen ordezkaria berriz onar dezaten eskatzen dugu eta dei egiten diogu enpresari maiatzaren 2an izango den kontziliaziorako. Hala egingo ez balitz, Tolosaldea Buseko langileek ez diote uko egiten mobilizazio eta borrokari".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!