Tolosaldea Bus Greba

Akordio «ona» lortu ondoren amaitu dute greba mugagabea

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 14a, 14:42

Tolosaldea Bus-eko zerbitzua normaltasunez eskainiko da bihartik aurrera, langileek greba mugagabea utzi baitute enpresarekin akordioa sinatu eta lau urtean %15eko soldata igoera lortu eta gero.

«Langileek elkar hartuta eta beren eskakizunetan tinko mantenduz, garaipen handi bat lortu dute». Horrela nabarmendu du langileen izenean Ana Alkorta, ELAko ordezkariak. 2018tik 2021era %15etik gorako soldata igoera izango dute: 2018an %8,4koa, 2019an %5,1ekoa, 2020an KPIaren araberakoa eta 2021ean KPI + %1,5ekoa. Gainera, akordioan aurrera-eragin mugagabea sartu dute, hitzarmena lan erreformatik blindatuta uzteko, eta adostutakoaren arabera, enpresak ez du hitzarmena salbuesterik izango.

Tolosaldea Bus, eskualdeko herrien arteko garraio publikoaren zerbitzua emateko Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatutako enpresa da. Langileek azpimarratu dute, zerbitzuaren ardura duen erakundea, hilabete hauetan guztietan, ez dela inondik ere azaldu: «EAJko Markel Olano ahaldun nagusia eta PSE-EEko Marisol Garmendia mugikortasun saileko burua, erabateko arduragabekeriaz aritu dira epealdi osoan». Gogaitu arte errepikatu dute langileek zerbitzua azpikontratatu daitekeelako, baina ez erantzukizuna eta nabarmendu dute, aldundiko ordezkariak ez direla saiatu konponbide bat bilatzen: «Ez dira saiatu bi alderdiak elkarrengana hurbiltzen, elkarrizketa erraztearren. Are gehiago esango dugu, 9 hilabeteko greba honetan, ez dute langileekin bilera bat bera ere egin nahi izan, gure borrokaren zergatiak bertatik bertara ezagutzeko. Bost axola izan zaie langileen etorkizuna».

Aurreko ostiralean hainbat herritako alkateek emandako «irudi bitxia» jarri dute adibidetzat langileek. Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean elkarretaratzea egin arren, foru gobernuak «ezikusiarena» egin ziela esan du Alkortak. «Herritarrak eta zerbitzurik gabe geratu izana ez zaie batere axola izan».
Hain zuzen, herritar zein elkarteen «berotasuna» eskertu dute langileek eta haien esanetan akordio hau, hein handi batean herrikideei zor diete. «Jendea da zerbitzuaren erabiltzailea, eta beraz, alde kaltetua; hala ere, ederki ulertu dituzte gure arrazoiak. Honen bidez, gure esker ona agertzen diegu. Borrokak bere emaitzak ematen ditu beti».

Hilabeteetako borroka

Bidaiarien Garraioko Gipuzkoako hitzarmenean jasotakoa hobetzeko asmoz, duela urtebete enpresa hitzarmena negoziatzeko eskatu zuten Tolosaldea Bus enpresako langileek. Negoziatzeari ezezkoa eman zion enpresak eta urtarrilaren 8an hiru eguneko greba egin zuten, urtarrilaren 27tik aurrera mugagabea izan zena. Bederatzi hilabete baino gehiago eman dituzte langileek greban zerbitzu minimoak eskaintzen.

Lan baldintzak hobetzeko eskaera egin dute langileek eta greban egon diren denbora horretan protesta ekintza ugari burutu dituzte: enkarteladak, elkarretaratzeak, manifestazioak... Uztailean, zerbitzua berriro esleitzearekin batera, akordio bat lortu zuten Tolosako hiri garraio zerbitzurako, Cuadra Bidean enpresarekin. «Orduan erakutsi genuen, alde batetik irmotasuna, ziurtasuna eta gure eskakizunen bidezkotasuna; eta bestetik negoziatzeko borondatea».

Bederatzi hilabeteko borroka «gogorra» izan dela esan dute langileek eta eskakizunei eusteko, «berebiziko garrantzia» izan duela ELAren erresistentzia kutxaren laguntza. Hilabeteetan negoziazioak etenda egon ondoren, aurreko irailean Tolosaldea Bus enpresa negoziazio mahaira ekartzea lortu zuten langileek eta orain erdietsi dute akordioa. Bihar, dagoeneko, goizeko lehen orduetatik, normaltasunez ariko dira eskualdeko garraio zerbitzua publikoa eskaintzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!