Tolosaldea Bus-eko langileek greba mugagabea egingo dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 3a, 17:50

ELA-ko ordezkaria kaleratzeagatik deitu dute, apirilaren 29an hasiko den lanuztea. Ez datoz bat jasotako argudioekin, eta Aizpurua eta IparBus enpresei boikot egitea eskatzen dute.

2018a urte gogorra izan zen, Tolosaldea Bus enpresako langileentzat. Izan ere, ia 10 hilabeteko greba egin behar izan zuten, enpresa-hitzarmen berri bat sinatu ahal izateko. Lanuzte hori, azaroaren 14an amaitu zen, gaur ELA sindikatuko ordezkariek egindako prentsa agerraldian azaldu dutenez, «oso akordio on batekin». Orain, ordea, txanponaren beste aldea egokitu zaie. Izan ere, martxoaren 29an, ostirala, enpresak pertsonalaren ELA-ko ordezkaria kaleratu zuen, berehalako ondorioekin.

Tolosaldea Bus osatzen duten enpresak honako hauek dira: Aizpurua autobusak, Garayar autobusak, EkialdeBus eta Auif Bus. Enpresak langilea kaleratzeko eman dituen arrazoiak, ordezkariaren lanaren jardunean izandako ustezko irregulartasunak izan direla argudiatu dute ELA-tik. «Enpresak adierazitako arrazoi horiek faltsuak dira, eta auzibidetik inpugnatuko ditugu». Kaleratu aurretik espediente bat ireki zitzaiola, eta orain egindakoa argudiatzeko frogarik ez dutela diote. «Gainera, erantzukizunik handiena erreklamatuko diogu enpresari».

Enpresa horietako zuzendaritzek, langilea «mendekuz kaleratu dutela» diote. «Aurreko grebaren ondorioz gertatu da. Epaitegietara eraman liteke kasua; guk, ordea, ez dugu hori nahi, eta berriro lanean hastea nahiko genuke. Badaezpada ere, prest gaude. Gerta liteke epaileak arrazoia eman, eta ondoren, langileak enpresara itzuli ala ez erabakitzea».

Elkarri mezuak igorriz

Gatazka honetako enpresen harrokeria are gehiago puztu dela, eta beste eraso bat egin dietela adierazi dute. «Langileek aurreko gatazka irabazi zuten, eta enpresek mehatxupean ikusten dute beraien status quo-a. Langile esanekoak eduki nahi dituzte, eskubiderik erreklamatzen ez duten horietakoak, enpresek eta administrazioek ematen dituzten apurrak nahikotzat jotzen dituztenak».

Enpresak, «errepresalia» horren bitartez, 10 hilabetez etsi ez zuten langileei irakaspen bat eman nahi dietela nabarmendu dute. «Tolosaldea Bus-eko langileok, ondo baino hobeto frogatu genuen ez garela molde horretan sartzen. Enpresak bere mezua igorri digu: borrokatzeak bere ondorioak dakartza». Bada, langileek mezu bat igorri nahi diote enpresari: «Erasoek ondorioak dakartzate».

Aipatutako lau enpresetako zuzendaritzek hartutako erabakiaren aurrean, apirilaren 29an hastekoa den greba mugagaberako deialdia egitea besterik ez dutela diote. «Bidegabekeria horren aurrean ez gara geldirik geratuko. Inor mendekuz kaleratzea ez dugu onartuko, ez ELA-ko ordezkaria, ez beste inor. Inoiz baino sendoago gaude, eta ez gaituzte kikilduko».

Ondorioz, enpresei «erabateko boikota» egitea eskatzen dute. «Boikota diogu, 10 hilabeteko grebaren ondoren, hitzarmen bat lortzean, harrokeria hau salagarria delako, eta gehienbat, Aizpurua eta IparBus enpresei dago zuzenduta. Beraiek izan dira beti negoziazio mahaian gurekin egon direnak. Beraz, erabakia beraiek hartu dute, eta ez Tolosaldea Bus enpresak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!