Euskara maite duten pertsona batek baino gehiagok bihar egingo dute Klika, eta apirilaren 14ra arte, etenik gabeko Korrikan murgilduko dira. Klika egitea, hautu bat egitea delako, kasu honetan, euskararen aldeko konpromisoa hartzea.
Bihar arratsaldean abiatuko da Korrika Garestik, eta geratu gabe ibiliko da Euskal Herriko kaleetan zehar, harik eta apirilaren 14an Gasteizen bukatzen den arte.
Korrika amaitu aurreko egunera arte, apirilaren 13ra arte, ordea, ez da Tolosaldetik pasako. Antolatzaileek egindako aurreikuspenen arabera, Andoaindik 03:10ak aldera sartuko da eta Adunarako bidea hartuko du. Ondoren, Zizurkil eta Villabona zeharkatuko ditu. Irurara 03:50ak aldera iritsiko da, eta Irura eta Anoetan sartu ostean, Tolosarako bidean jarriko da. 04:15ak inguruan aurreikusten da Tolosan sartzea. Tolosako kaleetatik Ibarrara joko du, eta han sartu-irtena egin ondoren, Tolosara itzuliko da, berriz. Tolosatik irten, eta Alegiako bidea hartuko du, 05:20ak aldean ailegatzeko. Handik Ikaztegietarantz joko du. 05:45ak aldera utziko du Korrikak eskualdea, Legorretara bidean jartzeko, beraz, ia hiru ordu egingo ditu Tolosaldean.
Girotzen joateko, egitarau zabalak antolatu dituzte eskualdeko hainbat herritan, nola aurreko egunetan, hala Korrika pasako den egunean ere. Besteak beste, Altzon, Amasa-Villabonan, Adunan, Anoetan, Baliarrainen, Ikaztegietan, Tolosan eta Zizurkilen hainbat ekintza egingo dituzte euskararen aldeko lasterketaren harira.
Horietaz gain, ohitura bilakatu da azkenaldian korrika txikiak egitearena. Normalean, ikastetxeek antolatzen dituzte kilometro gutxi batzuetako ibilbideak, eta aurten ere halaxe egingo dute eskualdeko herri bat baino gehiagotan. Bestalde, Korrika pasako ez den eskualdeko herritarrek bat egin ahal izango dute hurbilen duten herrietan parte hartuz. Baina, adibidez, berastegiarrek beste aukera bat izango dute: Kilometroa erosi dute Nafarroan, Ezkurratik Basakabira. Apirilaren 8an pasako da, 17:07ak aldera, Ezkurratik abiatuta.
TOLOSALDEKO ATARIAk azken urteetan egin bezala, aurtengoan ere Atarikideen artean zozkatuko du lekukoa, eta 943 65 56 95 telefono zenbakira deituta edo ataria.eus webgunearen parte hartu daiteke zozketan.
AMAIERARAKO AUTOBUSA
Euskara isilduko ez den arren, Korrikak amaiera bat du, eta bertatik bertara bizitu nahi duenarentzat autobusak jarri dituzte.
Andoaindik abiatuko da autobusa goizean, eta Amasa-Villabonan (9:15ean), Tolosan (9:30ean) eta Alegian (9:45ean) egingo ditu geldialdiak. Apirilaren 10a izango da izena emateko azken eguna, eta, bitartean, 10 euroren truke eskura daitezke honako lekuetan: Alegiako kultur etxean, Amasa-Villabonako Amasa kafetegian,Tolosako Ikatza tabernan eta Galtzaundin. Bueltarako autobusa 20:00etan izango da, Gasteizen.
TXILLARDEGI OMENDUKO DUTE, BATUAGATIK
Korrika ospatzen den aldiro pertsona edo kolektibo bat omentzen dute. Aurten, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (urte askoan Amasako baserri batean bizi izana) izango dute gogoan, euskara batua sortzen egindako lanagatik. «Haren kezka nagusia zen aldarrikatzea herriak hizkuntza beharrezkoa duela eta Euskal Herriak euskara ezinbesteko ezaugarria duela», esan dute antolatzaileek. Euskara garatzeko euskara batua sortu izana «oinarrizkoa» izan dela ere esan dute, eta nabarmendu dute Txillardegik ezinbesteko rola izan zuela lan horretan. «Egundoko lana egin zuen, eta euskaldunon historian egin den gauzarik inportanteena ziur aski Txillardegiri zor diogu».
Duela sei urte ere, Korrikak gogoan izan zuen Txillardegi. 2012an hil zen, eta hurrengo urtean ospatu zen Korrikan, Donostian, bere senideek eman zuten lekukoa, haren oroimenez.
KORRIKA, KALEZ KALE
ADUNA
03:10. Andoaindik GI-3610 errepidea. Elbarrena auzoa, Zubitxiki industrialdea. Aduna. Amalkor kaletik Zizurkilera jaitsi.
ZIZURKIL
03:20. Aduna eta Zizurkilgo bidegurutzea. GI-3021 Ibaiondo industrialdea, Bulandegi bidea, Ernio bidea.
VILLABONA
3:30. Ernio bidetik ezkerrera, Kale Berrira. Txermin kalea (Mujika ileapaindegiko kaletik), Villabonako Osasun Zentroa. Ezkerrera, Kale Berritik Arroa kalera. A1 autobidera aterako da, Irurako norabidean.
IRURA
3:50. A1 autobidearen 429 irteeratik Irurara sartuko da, Kale Nagusian barrena, Anoetara.
ANOETA
3:55. Iruratik Anoetara. San Juan kalea, Igerabide pasealekua, Solkorre kalea, Lasarbe kalea, Iturtxulo kalea, Sortalde kalea eta San Juan kalea, eta Argoin kaletik Tolosara.
TOLOSA
04:15. Belate pasealekua, Barrena kalea, Rondilla kalea, San Frantzisko pasealekua, Pedro Tolosa pasealekua, Berazubiko zubia, Martin Jose Iraola hiribidea, Paper kalea, Iurreamendi pasealekutik Amarotz auzora.
04:35, Amarotz. GI-2130 errepidea. Iruña etorbidea. Amarotzeko biribilgunean bira eman eta Amarotz auzora sartuko da. Amarotz auzotik San Blasera.
04:40, San Blas. Igerabide kalea (EPA), Bizkaia kalea, Kondeako aldapan behera, Ibarrara.
IBARRA
04:45. GI-2130 errepidetik Idoiaga kalera. Beko-Bidea bidea (Osasun zentroa), Euskal Herria kalea (Txumitxara arte), San Inazio auzoa, Beko-Bidea bidea, Euskal Herria kalean Tolosarantz.
TOLOSA
05:00. Ibarratik Nafarroa hiribidera. Foruen etorbidea, San Frantzisko pasealekua, Araba hiribidea.
ALEGIA
05:20. GI-2634 errepidetik Alegiara, bide gorritik. Altzo-azpi barreiatua, Errotaldea industrialdea, Aralar bidea, San Juan kalea.
IKAZTEGIETA
05:45. Alegiako GI-2131 errepidetik, Ikaztegietara. San Lorentzo auzoa. GI-2131 errepidetik Legorretara.