Konpromiso hori adierazteko, Korrikako pin-a erabiliko dute erronkari helduko dioten herritarrek. Pin-a eskuratzeko azken aukera, hilaren 7an izango da, Irurako San Migel plazan, 12:00etatik 13:00era bitarte.
Zer prestatu duzue Korrikak iraungo duen egunetarako?
Korrika antolatzeko bileretara joan gara, eta lehenengoan etorri zitzaigun erronkaren ideia. Iruratik, ez genuen nahi zubia pasa eta bertan behera geratzea, beraz, bi herrien artean egitea pentsatu genuen.
Nondik sortu zitzaizuen ideia?
Bileraren erdian izan zen. Hasiera batean, Korrikaren astea egitea pentsatu genuen, baina, beste bilera batean, Iruran egindakoa, pentsatu genuen egokiena 11 egunetan egitea izango zela, Euskaraldian bezala.
Zer moduzko harrera izan du ekimenak?
Bileretan babes handia jaso dugu, eta asko lagundu digute.
Zenbat pin prestatu dituzue?
Irurarako 50, eta Anoetarako 60. Espero dugu gehienak behintzat saldu ahal izatea.
Nori zuzenduta prestatu duzue ekimena?
Herri osoari, bai irurarrei eta baita anoetarrei ere. Ez genuen adin tarteen mugarik ezarri nahi. Baina, txapa kopuruak asko mugatu gaitu, ezin izan baititugu gehiago lortu.
Bereziki, non ikusten duzue eragiteko behar gehien?
Denetik pixka bat. Bereziki, helduek dutela behar handiena uste dugu, baina, gazteen artean ere badago gazteleraz hitz egiteko joera. Guztia hobetu nahi dugu.