Antzinako Europako ekialdeko ijito pertza konpontzaileak eta euren familiak irudikatzen dituzte kaldereroek. Pertzak eta zartaginak jotzen dituzte, hartzarena egiten duen pertsonaiarekin eta bere domatzailearekin batera. Tolosan, Urdiña Txiki elkarteak antolatzen duen konpartsan, elementu gehiago batzen dira, eta ia astebete barru hasiko diren inauteriak iragarriko dituzte.
Eskualdean gero eta errotuago dagoen festa da kaldereroena. Gaur, Loatzo musika eskolaren eskutik irtengo dira Anoetan, Iruran eta Ibarran. Eta Zizurkilen, berriz, Pedro Mari Otaño eskolak antolatu du kalejira. Gainera, gaur 19:30ean, Tolosako Topic-en, Eduardo Mokoroa udal musika eskolako ikasleek Kaldereroetako kontzertua eskainiko dute, biharko egunaren iragarle.
Juan Garmendia Larrañaga etnografoak Eusko Ikaskuntzak argitaratutako Neguko festak lanean esaten duenez, «Konponi kaldera, arregla chocolatera» deiadarka ibiltzen ziren gizon-emakumeak ziren kaldereroak, eta haien inguruan antolatzen da, gaur egun, jaia. «Sortzea Donostian izan bazuen ere, beste herrietara ere zabaldu zen; kalean zehar, Sarriegiren musika alaiaz ibiltzen dira», aipatu zuen Garmendia Larrañagak. Zabalduta dagoen uste baten berri ere ematen du tolosarrak: «Gorosabelek dioenez, pertza konpontzaileak euria iragartzen digu, eta txorroskileroengatik ere askotan entzuna dugu hori». Gaur-biharretan, ordea, Tolosaldean euria egingo balu, ez litzateke eragozpena izango kalera irten eta, kaldereroek kantatzen duten gisan, inauteri alaiaren iragarle izateko.
Otsailak 23, larunbata
TOLOSA
10:30. Erraldoi eta buruhandien konpartsa, dultzaineroek lagunduta, Gernikako Arbolatik aterata.
12:00. Tolosa Kantari ekimena abiatuko da.
12:00. Aiz-Orratz txarangaren irteera.
12:30. Haur jaialdia Leidor aretoan, Aiz-Orratz elkarteak antolatuta.
19:00. Urdiña Txiki elkarteak antolatutako Kaldereroen Konpartsaren irteera, Plaza Zaharretik.
23:30. Incansables txaranga kalez kale.