«Tolosarrok transformatzen hasten gara kaldererotan»

Ataria 2019ko ots. 22a, 10:32

Urdiña Txiki elkarteak prestatzen duen karrozaren gainean joango da, bihar, burruntzalia eskutan hartuta, zartagina eta mailua joz ibiliko diren ehunka herritarrak zuzendu nahian.

1983an hasi zen Joxean Arostegi (Tolosa, 1959) kaldererotako konpartsan jotzen, eta 2003tik da zuzendari.

Kaldererotako konpartsaren txikitako oroitzapenik ba al daukazu?

Gu Rondilla kalean bizi ginen, eta han kaldereroak pasatzen zirela, bai, gogoan dut. Urdiña Txiki elkartea, hala ere, 1974. urtean hasi zen konpartsa antolatzen. Lehenago beste elkarteren bat ibiltzen omen zen antolaketan.

Eta, urte guztiotako ibilbideari begiratuta, zer esango zenuke?

Gero eta jende gehiago biltzen dela. Ez da hobeto antolatzen dugulako, baina nik uste jendeak ohitura hartu duela. Inauteri aurreko hitzordu garrantzitsua da, eta jendea festarako gogoarekin egoten da. Nahiz eta konpartsa barruan ibili ez, ingurura jende asko gerturatzen da.

Zergatik uste duzu biltzen dela geroz eta jende gehiago?

Guk egindako lanak ez dut uste horretan parte handirik duenik. Tolosan, jendeari parte hartzea gustatzen zaio, baina konpromisorik gabe; anarkiko samarrak gara. Nahi dugunean eta gogoa daukagunean ateratzea gustatzen zaigu eta, jendea biltzen dela ikusten dugunean, orduan eta errazago sartzen gara konpartsan.

Zenbat jende biltzen den esaterik badago?

Ez dakit. Askotan, Korreo kalean noanean, bukaera ez dut ikusten. Zenbat jende kabitu daiteke kale horretan? 2.000 lagun?

Zein da zure zeregina konpartsako zuzendari gisa?

Musikalki zuzentzen dut kalejira hori. Txarangan ibiltzen direnek eta zartaginek aldi berean jo dezaten saiatzen naiz. Hala ere, horretan, norberak ahal duena egiten du. Ez da azalpen handirik behar, jendeak bai baitaki zein den egun horretako protokoloa.

Zenbat pieza jotzen dira?

Hiru dira, berez. Kalejiran, kalez kale joaten garenean, Kaldererotako kalejira deitutakoa jotzen dugu eta, gero, geldirik gaudela, Kaldereroen abesbatza eta Kalderero hungariarrak lanean. Ibilbidean zehar egiten ditugun geldialdietan jotzen ditugu pieza horiek, eta jendeak abestu egiten du, zartaginekin lagunduta.

Letra ere badute kantu horiek.

Bai. Nik, adibidez, gaztelaniaz ikasi nituen. Gero euskaraz atera ziren, eta gaztetxoek ikastolan ikasi zituzten. Beraz, bitara egiten da. Dakienak euskaraz, eta ikasi ez duenak, gaztelaniaz.

Momentu bat aukeratu beharko bazenu zein aukeratuko zenuke?

Ofizialki, ibilbidearen hasiera, Plaza Zaharrean abiatzen garen momentua oso berezia da. Urduri samar egoten naiz, nahiz eta gero lasaitzen naizen. Eta behin ibilbide ofiziala bukatzen denean dator beste momentu berezia, inauterietako piezak jotzen hasten garenean. Hori eromena izaten da.

Egiatan dira kaldereroak, Tolosan, inauterien iragarle.

Tolosa diferentea da. Jendea gogotsu egoten da. Ez dago deskribatzerik une hori, sentitu egin beharra dago. Herri askotan ospatzen dira kaldereroak, baina, hemen, Tolosan, lotuta daude inauteriekin. Mozorrotzen hasten gara. Transformatzen hasten gara egun horretan. Beste data batean izango balitz, ez luke hainbesteko arrakastarik izango. Baina, Tolosan, inauteria badatorrenez, jendeak korapiloa sentitzen du sabelean, hori askatzeko gogoa izaten du eta, beraz, festaren hasiera aurreratu egiten dugu.

Noiz arte jarraituko duzu konpartsako zuzendari?

Aurten jarraitzeko asmoa badut. Momentuz gustura nabil, jendea portatzen da, eta ez daukat horrelako lanik. Egunen batean gogoa joaten bazait, ikusiko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!