Sare herritarrak egindako deia babestu dute herritarren ordezkariek

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 27a, 12:57

Aiztondoko Sare herritarrak manifestazioa antolatu du abenduaren 31n, astelehena, 19:00etatik aurrera. Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek babesa eman diote 'Orain Presoak' lelopean Villabonan abiatu eta Zizurkilen amaituko den mobilizazioari.

Aipatutako udalek presoen urrunketa politikarekiko desadostasuna azaltzeko mozioa eztabaidatuko dute datozen asteetan. Aurrez mozio hori ere onartua dute Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko batzar nagusiek eta sindikatuek ere babesa eskaini diote. Garai berriaren barruan, espetxe politika berri bat behar dela aipatzen da idatzian, «presoak zigorrak gizarte eta familia erroak dituen lekutik urrun betetzea saihesten duen politika bat, zeinak erraztuko baitu bere senideekin harremana izatea, bere seme-alaba adingabeen ongizatera begira eta horiek gurasoekin egoteko duten eskubideen alde».

Mozio hori bera onartua dute dagoeneko Zizurkilen, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduko zinegotziek babestu zuten testua. Zinegotzi sozialistak, ordea, ez du Urtezahar egunean egingo den manifestazioa babestu. Larraulen zazpi zinegotzietatik seiek egin dute mozioaren alde eta Alkizan gaurko osoko bilkuran eztabaidatuko dute. Adunan, Larraulen, Asteasun eta Amasa-Villabonan hurrengo bilkuretan onartuko da mozioa. Aiztondoko Sare herritarrak jakinarazi duenez, Amasa-Villabonako Udalean ordezkaritza duten hiru alderdien babesa izango du adierazpenak.

Mozioarekin batera, Aiztondoko sei udalek, astelehenean, Villabonatik Zizurkilera egingo den manifestaziora joateko deia luzatu diete herritarrei. 19:00etan abiatuko da Villabonako Errebote plazatik eta Zizurkilen amaituko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!