Koordinatzaile berria du 'Ataria'-k

Ataria 2018ko abe. 7a, 11:00

Rebeka Calvo kazetaria izango da aurrerantzean erredakzioaren koordinatzailea, Naiara Roldan de Aranguizen lekukoa hartuta

Talde lana dago TOLOSALDEKO ATARIA-ren atzean. Hamalau pertsonako lan taldea. Lan postu denek dute bere ardura, baina koordinatzaileak, hiru euskarriak eta lan taldea koordinatu behar izaten ditu. 2016ko martxoan hartu zuen ardura hori Naiara Roldan de Aranguizek eta orain, Rebeka Calvo kazetariari egokitu zaio lekuko aldaketari eustea.

Eskarmentua du Calvok eta orain arteko bideari jarraituz, lan taldearen gidari lanak egingo ditu: «Bost urte hauetan egin den moduan, urtetik urtera hobetzen jarraitzeko ahalegina egingo dugu». Sorreratik egin moduan, Tolosaldean gertatzen den guztiaren berri euskaraz emango du: «Herritarrentzat gertukoak izaten ahaleginduko gara egunero, eta eskualdeko erreferentzia izatea da gure erronka, gure komunitate sarea handituz, eta nola ez, Atarikide berriak lortuz».

Tolosaldeko 28 herrietako berriak etxe guztietara iristeko ahalegina egingo da, irrati, egunkari-astekari edota Internet bidez.

2019ko mahai egutegia

Urteroko produktuen artean hutsik egiten ez duena TOLOSALDEKO ATARIA-ren mahai egutegia da. Prest da 2019ko urte osoan mahai gainean izango den egutegia, etxean, lan tokian edota beharra den tokian jartzeko.

Erredakziora astelehenean iritsiko dira, beraz, Atarikideek eskuratu nahi badituzte Tolosako San Esteban auzoko 20. zenbakian dagoen erredakziotik pasa eta eskuratzeko aukera izango dute. Gainerakoan, hilaren 10etik aurrera, eskualdeko herri guztietako udaletxeetan utziko dira herritarren eskura jar ditzaten mahai egutegiak.

Ataria bertso jaialdia

Askok eta askok izaten dute markatua urte hasierak ekartzen duen Atariaren bertso jaialdia. Bada erreserbatu beharreko eguna urtarrilaren 19a da, eta 19:00etan hasiko da jaialdia, Leidorren. Sarrerak oraindik ez daude eskuragarri, baina TOLOSALDEAKO ATARIA-k salgai jartzerako jakinaraziko du noiz, non eta nola eskuratu ahal izango direan sarrerak. Honako bertsolariak izango dira oholtza gainera igoko direnak: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal eta Haritz Mujika. Eta lanean jarriko dituena, berriz, Amaia Agirre izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!