‘Ataria.eus’ berria, beste bultzada bat euskarazko informazioarentzat

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 3a, 10:09

Tolosaldeko Atariak webgunearen egitura eta diseinua berritu ditu, garai berrietara egokituz. Edukiei, mugikorrei eta publizitateari dagokienean, hobekuntza nabarmenak izango ditu, besteak beste.

Tolosaldean gertatzen denaren berri ematen jarraitzeko aurrerapauso bat izan zen, duela bost urte, Tolosaldeko Atariaren sorrera, euskarazko informazioarentzat bultzada bat.

Urrats asko egin dira ordutik, proiektua bera indartzeko bidean. Bada, bost urteotan asko aldatu da informatzeko modua, eta gaur egungo erronkei erantzuteko Ataria.eus webgunea berritu da, Tokikomekin eta CodeSyntax enpresarekin elkarlanean.

Mugikor bidezko nabigazioaren gorakada nabarmena izan da, eta hori aintzat hartu da webgune berriaren egitura eta diseinua pentsatzerako orduan. Hori dela eta, hasierako orriaren pisua arindu da, kargak azkarragoak izan daitezen. Irudiek ere indarra irabaziko dute. Ordenagailu bidez sartzen direnek, berriz, portadako antolaketa aldatu dela nabarituko dute: horizontalagoa da diseinua.

Herrietako eta gai konkretuen inguruko orrialdeak ere eguneratu dira, baita komunitatea bera ere. Orain, kide aktiboenak saritu nahi izan dira, eta presentzia handiagoa izango dute azken ekarpenak egin dituztenek.

Publizitatearen presentzia ere nabarmenagoa izango da, proiektuak aurrera egin dezan ezinbesteko adarretako bat baita, Atarikideen eta erakundeen laguntzarekin batera. Publizitatea egiteko modu berriak eskainiko ditu ataria.eus berriak.

2018an ere gorakada

Tolosaldeko Ataria sortu zenetik, interneteko audientziek goranzko joerari eutsi diote, urtez urte. Eta 2018a ez da salbuespena izan. Lehen urtean, hilabeteko bisita kopuruaren bataz bestekoa 20.000 ingurukoa zen. Aurten, 110.000tik gorakoa da. Horrenbestez, milioi bat bisita baino gehiago jaso ditu ataria.eus webguneak 2018an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!