Tolosaldea Bus Greba

Autobus zerbitzua «bere osotasunean» martxan jartzeko eskatu dute 20 herritako alkateek

Mikel Iraola 2018ko aza. 1a, 14:42
Eskakizunekin bat egin duten eskualdeko 16 alkate, agerraldi publikoan

Azaroaren 9rako kontzentrazioa deitu dute, Donostiako Gipuzkoa Plazan.

Tolosaldea Bus enpresako langileek bederatzi hilabete daramatzate greban, lan baldintza duinagoak aldarrikatuz. Urriaren hasieran soluzioak gertu bazirudien arren, ez da aurrerapausorik egon.

Bien bitartean, erabiltzaileen kezka areagotuz doa. Hori dela eta, eskualdeko 20 herritako alkateek «herritarrengandik jasotako ezinegona» publikoki salatu eta zerbitzua «bere osotasunean martxan jartzeko» eskatu dute.

Udal arduradunen arabera, «eskolaz kanpoko ekintzak egitera alboko herrietara joaten diren herritarrak, lantokietara iristeko beste garraiobiderik ez dutenak, erosketak egitera edo mediku espezialistekin hitzorduetara joaten direnak, larunbat gauetako zerbitzuaren erabiltzaileak eta abar luze bat dira ondorioak pairatzen ari direnak».

Herritar horientzat egunerokotasuna «deserosoa» izaten ari dela kritikatu dute alkateek, eta horri «errepidean hartutako arriskuak eta ingurumenari egindako kalteak» ere gehitu behar zaizkiola gogorarazi dute. Zentzu horretan, ezinbestekotzat jo dute garraio zerbitzu publikoa: «ezinbesteko beharra da gure herrietan bizi-kalitatea egokia izan eta Gipuzkoako lurralde oreka bermatu dadin». 

Egoera horren aurrean, erakunde publikoen esku hartzea «beharrezkoa» da udal ordezkarien iritziz, eta horregatik, bi eskaera helarazi dizkiote zerbitzuaren ardura duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailari, eta Marisol Garmendia diputatuari: «Herri txikietako garraio publikoaren erabiltzaileen beharrei arreta jarri eta funtzionalitatea ematea, zerbitzu publikoa berriz ere bere osotasunean martxan jartzeko baliabideak jarriz».

Horretarako, zerbitzuaren bideragarritasun ekonomikoa ez lehenesteko eskatu dute alkateek: «Zerbitzu honetan inbertsioak egiteak ez du Gipuzkoako ekonomia kolokan jarriko. Gure ahotik jasotako beharrak benetakoak dira», gehitu dute, erabiltzaileen gorakada nabarmentzen duten datuak eskuartean dituztela: «2015etik 2016ra %24,14ko igoera izan zen; 2016tik 2017ra, %8,47koa. Zerbitzuaren iraunkortasuna bermatzen duten datuak ditugu».

Elkarretaratzea, azaroaren 9an

Eskaera horiei indarra eta oihartzuna emateko, kontzentrazioa egingo dute azaroaren 9an Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinaren aurrean, Donostiako Gipuzkoa Plazan. 17:30ean izango da, eta herritarrei bertaratzeko dei egin diete udal ordezkariek.

Bertan izango dira, besteak beste, eskaera hauekin bat egin duten Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa eta Zizurkilgo alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!