Tolosaldea Bus Greba

Aurrerapausorik ez Tolosaldea Bus-eko negoziazio mahaian

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urr. 9a, 15:04

Negoziazioa ez dela hautsi diote grebalariek, baina aurrerapausorik ere ez da egon; hurrengo bilera datorren astean izango dela aurreratu dute.

«Negoziazio mahaia ez da hautsi, baina greban jarraitzen dugu», esan du ELAko Ana Alkortak. Tolosadea Bus-eko zuzendaritza eta greban dauden hamalau langileak negoziatzen ari dira zortzi bat hilabetez eseri gabe egon eta gero, eta hori positiboa da bi aldeen iritziz. Astelehen arratsaldean egindako bileran, dena den, ez zuten aurrerapausorik eman.

Irailetik hona

Hasiera batean herrialde mailako hitzarmena sinatzea zen pasa beharreko lehen langa, hori eta gero, negoziatzen hasiko zirela esan zuen zuzendaritzak, eta irailean hasi ziren harremanak. Iraileko lehen hartu-emanak eta gero, hiru bilera egon dira eta hori aurrerapausoa bada ere, ez dute ezer ixterik izan. «Lehen bileran zuzendaritzak proposamen bat jarri zuen mahaian, baina gure ustez ez da nahikoa. Hurrengoan guk aurkeztu genuen proposamena, baina ez zuten onartu. Astelehenean euren proposamenarekin jarraitu zuten, eta guk ez dugu onartu», esan du Alkortak.

Zuzendaritzak ere beste aldearen proposamena ez dela erreala uste du; «aurkeztu diguten proposamena ez da erreala, gureak soldata, antzinatasuna eta beste hainbat kontzeptu kontuan hartuta %8,4ko igoera suposatzen du, eta beraienak %20, ez da erreala», esan du Luis Lekuona zuzendariak.

Greban dauden 14 langileen ordezkari lanak egin dituen Alkortak esan du aurkeztu dietena ez dela onargarria. «Hiribusean ere negoziatzen aritu ginen eta azkenean, borondatea zegoelako, akordio batera iritsi ginen. Lanorduak jaistea, larunbatetan lan egiteagatik ordainsaria izatea eta soldata %8an igotzea lortu genuen, besteak beste. Orain aurkeztu diguten proposamena akordio horretatik behera dago, eta ezin dugu onartu. Oraingoz greban jarraitzen dugu», esan du ELAko ordezkariak.

Hurrengo bilera datorren astean egingo dutela esan dute, nahiz eta eguna ez duten zehaztu oraindik. Bien bitartean, greba mugagabeak aurrera jarraitzen du. bederatzi hilabete egingo dituzte greban.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!