Tolosaldea Bus Greba

Blokeoa gainditu dute

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urr. 7a, 11:54

Ondo bidean Tolosaldea Bus enpresako greba mugagabea datozen asteetan bukatu daiteke. Zortzi hilabetez egon dira greban, gutxieneko zerbitzuak eskaintzen, eta azken bi egunetan bilera erabakigarriak izan dituzte zuzendaritzak eta greban dauden 14 langileek. Bai zuzendaritzak eta baita langileek ere beste aldearen negoziatzearen aldeko jarrera nabarmendu dute, eta horrek orain arte ilun ikusten zuten bidea argitu du. Astelehenean jarraituko dute negoziaketekin. Dena den, langileek ez dute ahazten borrokaldia luzea izaten ari dela eta horrek erabiltzaileengan ere baduela eragina.

TOLOSALDEKO ATARIA-k Igor Santos, Koro del Castillo eta Alvaro Atorrasagasti greban dauden langileekin, ELAko Ana Alkortarekin, Tolosaldea Bus-eko Luis Lekuona zuzendariarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun eta Lurralde Antolaketarako Sailarekin hitz egin du Tolosaldeko herritar askoren egunerokotasunean eragozpenak sortzen dituen aferaren inguruko argazkia ateratzeko. Izan ere, lan gatazka guztietan bezala honakoan ere bi dira protagonista nagusiak; euren lan baldintzak duindu nahi dituzten langileak eta enpresako arduradunak. Baina Tolosaldea Bus-en kasuan, garraio publikoaz ari gara, eta beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren papera ere oso garrantzitsua da. Marisol Garmendia diputatuarekin hitz egiten saiatu da ATARIA, ikusita bai langileek eta baita enpresak berak behin baino gehiagotan aipatu dutela Foru Aldundiak duen erantzukizuna, baina ez du erantzun nahi izan, enpresaren eta langileen arteko gatazka bat dela argudiatuta.



Langileek ordea argi dute. «Diputazioak erabateko erantzukizuna du. Zerbitzu hau berea da, kontzesioa emana dio Tolosaldea Bus-i, baina etxea berea da. Orain arte ez du inongo pausorik eman gatazka konpontzeko. Hartu-eman bat egon zen Foru Aldundiko funtzionario batekin, modu ez ofizialean, baina besterik ez. Ez gara batzartu, eta badirudi ez duela gurekin batzartu nahi», esan du Tolosaldea Bus-en duela 3 urte eta erdi lan egiten duen Alvaro Atorrasagastik. Erabiltzaileak ere kexu dira, batez ere, herri txikietakoak, batzuentzat euren herrietara iristeko modu bakarra baitira autobusak, eta horietako batzuk Foru Aldundira ere jo dute. «Batxilergoa edo graduak egiten ari diren ikasleak kaltea pairatzen ari dira. 15:30eko autobusik ez dago, eta beraz, ez dute etxera itzultzeko autobusik. Guraso horiek dira hain justu, Foru Aldundiarekin bilera eskatu zutenak. Beraiek bai egon direla bilduta, baina hitz politak bakarrik jaso dituzte, ez gehiago», esan du ELA sindikatuko Ana Alkortak

Atzera

Tolosaldea Bus-eko langileak 22 bat dira, eta 14 dira greba mugagabean daudenak. Urtarrilean sei eguneko greba egin zuten bi alditan banatuta, eta otsailean hasi zuten greba mugagabea. Euren lan baldintzak «kaskarrak» direla diote, baina kontua ez da oraingoa. «Azken urteetan gauza batzuk hobetu dira, egutegia lehen hilero ematen ziguten, eta orain urtekoa izaten dugu. Autobusa noiz hartu eta utzi behar den ere zehaztu dugu; duela urte eta erdi edo, denbora gutxi genuen horretarako, eta lasaiago ibili ahal izateko gure borondatez joaten ginen lehenago, dena prestatzeko. Ez dira aldaketa handiak, baina egia da zerbait egin dela. Baina hori ez da nahikoa. Azken urteetan ez dugu ikusi enpresak gauzak hobetzeko jarrera aktiboa izan duenik. Horregatik esaten dugu ekonomikoki gauzak hobetu behar direla, bai, baina garrantzitsuena lan baldintza duinak zehaztea da», esan du Atorrasagastik. «Gure gatazkak arlo ekonomikoari dagokionez, ñabardura batzuk ditu, ez da gauza askorik. Lan egiteagatik justua dena jaso nahi dugu, hori da eskatzen duguna, duintasuna», gaineratu du.

Izan ere, greban dauden langileek diote muturreko neurri horrekin Tolosaldea Bus-en geratzeko egiten duten apustua berretsi besterik ez dutela egiten; «gure asmoa Tolosaldea Bus-en geratzea da, horregatik gaude tinko. Lan baldintzak zehazten baditugu, idatzita geratzen badira, denentzat izango da onuragarria», esan du duela 11 urte enpresan lan egiten duen Igor Santosek.

«Eskatzen duguna posible da»

Langileek esan dute eskaerak ez direla arlo ekonomikora mugatzen, eta gainera datuak eskuan «eskatzen duguna ematea posible» dela diote. Enpresak berriz, ezetz dio. «Uztailean herrialde mailako hitzarmena sinatu zen. ELAk ez zuen sinatu, baina bai beste guztiek. Gu herrialde mailako hitzarmenera lotuta gaude. Hau da, Foru Aldundiak horren araberako diru kopurua ematen digu eta hortik aurrerako guztia gure esku geratuko litzateke, eta enpresak ezin du gastu hori bere gain hartu. Arrisku handi bat ari gara hartzen», esan du Tolosaldea Bus-eko Luis Lekuona zuzendariak. Langileek berriz, dirua badagoela diote, eskaerak ez direla ekonomikoak bakarrik, borondatea dela garrantzitsuena. «Enpresa hitzarmena nahi dugu, eta eskaeren artean daude KPIaren gainetik dauden soldata igoerak. Zerbitzu honetan ematen den beste ezaugarrietako bat da jai egunetan eta asteburuetan ere lan egin behar dutela, hau da, urteko 365 egunetan egiten dute lan. Jai egun batean lan egiteagatik eguneko hiru euroko saria dute, miseria bat da, oso gutxi da. Gauetan ere lan egiten dute... Horregatik, eskatzen ditugu soldata igoerak», esan du ELAko ordezkariak.

Euren lan baldintzak sektoreko beste langileekin parekatzea da eskatzen dutena, azken finean, hitz gutxitan laburbildu dute eskakizuna: «Gipuzkoako errealitatera hurbildu nahi dugu». Hori lortzeko ordu murrizketak ere eskatzen dituzte; «Urteko lan orduak 1.800 dira, eta Gipuzkoako errealitatea begiratuta, lanordu horiek oso altuak direla ikusten dugu. Bestalde, ordutegiak finkatzeko garaian irregulartasun handia dago eta hori konpondu nahi dugu. Astebetean bi egun egin ditzakete goizez, beste bat arratsaldez, hurrengoan goiz eta arratsalde... eta horrek kontziliaziorako arazoak sortzen ditu. Nolabait ere antolaketari ere heldu nahi diogu, egutegia aldatuz, egoerak ahal den neurrian orekatzeko», esan du Alkortak. Bukatzeko, «lan erreformaren aurreko blindajea» ere aldarrikatzen dute.



Herrialde mailako hitzarmena

Enpresako zuzendariak esan bezala uztailean sinatu zen herrialde mailako hitzarmena, baina ELAk ez zuen sinatu. «Urte honetarako sinatu zen eta hitzarmenak jasotzen dituen aldaketak dira soldata igoerak eta lanordu murrizketak, bi ordu, zehazki. Gure ustez ez da hitzarmen finko bat, eta lotu zena da iraila-urrian hitzarmeneko beste artikulu guztiak ixteko negoziatzen hastea», esan du sindikatuko ordezkariak.

Azken egunetan egin diren bileretan eman dira langileen eta enpresaren eskakizunak negoziatzen hasteko lehen pausoak, eta bi aldeak daude kontentu, baina orain arteko jarrera ulergaitza zaie langileei. «Negoziazio mahaia ireki zenean herrialde mailako hitzarmena sinatu arte itxaron beharko genuela esan ziguten, eta itxaroten egon gara, nahiz eta ez konpartitu. Gure ustez ez du inolako zentzurik herrialde mailakora itxaroteak. Guk Tolosaldea Bus-eko errealitatea jaso nahi dugu», esan du duela lau bat urte Tolosaldea Bus-en lan egiten duen Koro del Castillok. «Gipuzkoako hitzarmena sinatu zen eta egia da, badituela bere alde onak, baina Tolosaldea Bus-ek baditu bere ezaugarriak eta horiek ez dira hitzarmen horretan azaltzen, hori da gure borroka, gure berezitasun horiek zehaztu nahi ditugu. Ordutegiaz ari gara, esaterako sektoreko beste enpresetan badituzte beraien hitzarmenetan ezaugarri horiek, ez baita gauza bera umeak eskolara eramatea edo guk bezala, larunbat gauetan lan egitea. Hori guztia zein baldintzatan egingo dugun zehaztu behar da», gaineratu du Atorrasagastik.

Egoera pertsonala

Zortzi hilabetez luzatu den borrokaldia amaitu edo ez, orain arte bizitakoa oso gogorra izan dela diote hiru langileek. «Oso egoera gogorra da. Gutxieneko zerbitzuak %30ean jarrita daude, eta horrek esan nahi du, soldata ere %30ekoa dugula. Oso gogorra da. Presioa dugu, baita erabiltzaileen partetik ere. Guri etortzen zaizkigu egunero kexaka, zerbitzurik ez dagoela eta abar esatera. Babesa ere jasotzen dugu, baina ez badute zerbitzurik nora joko dute ba? Ba guri esaten digute. Haserre daude eta haserre hori gurekin ordaintzen dute. Presioa da, baina tinko gaude. Behin hasita, horrenbeste denbora eta gero, eutsiko diogu. Bukaeraraino joango gara. Guk jendea eramaten dugu, eta jende hori ezagutzen dugu, gu ere erabiltzaile gara... Guk erabiltzaileen egoera ulertzen dugu. Batzuk lana galdu dute ezin direlako lanera iritsi... Beste batzuk taxia hartu behar dute», esan du del Castillok.

Euren aldarrikapenak dituzte buruan, baina baita erabiltzaileen egoera ere. «Gu gaizki ari gara pasatzen, baina erabiltzaileak ere gaizki ari dira pasatzen, asko gu bezain beste. Normalean gure zerbitzuaren erabiltzaileak ez dauka irtenbide handirik; gazteak dira, edo helduak, edo ezin dute kotxearekin gora eta behera ibili... Beste aukerarik ere ez dute. Guri jende guztiak esaten digu gu gaizki ari garela pasatzen, baina gogoratu behar da erabiltzaileak ere ari direla sufritzen. Egoera pairatzen ari dira, gu bezalaxe, edo gehiago. Erabiltzaileen babesa eta ulermena oso eskertzekoa da. Oso erraza da gidari horri, gertuen dagoen horri, errieta botatzea, baina konturatzen dira zein den egoera, eta nora nahi dugun joan, eta oso eskertzekoa da», esan du Atorrasgastik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014ko abenduan indartu zuen herriz herriko autobus zerbitzua. Ondorioz, herri batzuetara eguneko bi bidaia egitetik, sei itzuli egitera pasa ziren eta horrek erabiltzaile kopuruan izan du eragina. 2017an %8,5 igo zen Tolosaldeko bidaiari kopurua [Marisol Garmendia diputatuak berak artikulu batean emandako datua]. «Enpresan denbora gehiago daramagunok ikusten dugu hori. Erabiltzaile kopuruak gora egin du, lineak indartu zituztelako. Momentu honetan, grebarekin, 2014ko abenduan sistema berria ezarri aurreko egoeran daude erabiltzaileak, pena bat da», esan du Santosek.



Zortzi hilabeteetako egoera

Tolosaldea Bus-ek bi zerbitzu eskaintzen ditu, eskatutako zerbitzu zehatzak, eskoletara eta abar joaten direnak, eta lineakoak. Tolosaldeko 28 herrietara iristen dira. Grebarekin %30ean zehaztu zituzten gutxieneko zerbitzuak, eta ondorioz zortzi bidaiatik hirura jaitsi dira itzuliak, bataz beste. «Zortzi linea daude egunerokotasunean. 15 linea dira orotarra, taxi zerbitzua eta abar kontuan hartuta. Bidaia gehienak Berastegi, Amezketa eta Asteasura egiten ziren, 12, eta orain lau daude. Leaburu eta Gaztelun esaterako, sei bidaia egiten genituen lehen, eta grebarekin birekin geratu dira».

Tolosaldea Bus-eko zortzi hilabeteko greba bukatu bidean egon daiteke, baina ez da urte honetan garraio publikoaren inguruan egon den arazo bakarra, Hiribusa ere hor baitago, eta langileek horri ere begiratzen diote, adibide moduan. «Hori konpondu zen, baina garrantzitsua da esatea borondatea dagoenean gauzak ateratzen direla. Egia da beharrak ekarri zuela borondatea, segur aski. Kontzesioa bukatu zen, udalak plegu berriak atera zituen, printzipioz urtebeteko pleguak dira, eta enpresa bakarra aurkeztu zen, Cuadra Bidean. Guk greba egoera batean deitu genien bilera batera, eta azaldu genien zein zen egoera. Egoera ikustean, Cuadra Bidean atzera bota zen, nahiz eta aurkeztu zen bakarra izanda, kontzesioa berea izan. Udalak borondatea agertu zuen eta egoera bideratzea lortu zen. Oso gogorra izen zen negoziaketa eta oso pozik atera ginen. Lan baldintzak asko hobetu dira, Hiribusean bi gidari zeuden, eta hauek astelehenetik larunbatera egiten zuten lan, eta horrek suposatzen zuen astean lau ordu estra sartu behar zituztela, ordainduta, bai, baina behartuta ere bai. Eta lortu dugu lanorduak 40 ordura jaistea, 1.800etik 1760ra pasa dira, eta gainera lortu dugu larunbatetan lan ez egitea, larunbatetan lan egitea borondatezkoa da, alegia, eta gain sari batekin, noski. Soldata igoera %8koa baino gehiagokoa izan da. Borondatea dagoenean gauzak ateratzen dira. Espero dugu kasu honetan ere gauza bera pasatzea», azaldu du Alkortak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!