Aitziber Ibarbiak zazpigarren amaitu du Matterhorn Ultraks Sky proba

Tolosaldeko Ataria 2018ko abu. 29a, 14:32
Aitziber Ibarbia, Matterhorn Ultraks Sky proban Gornegrattera iristen (3.100 metro). Hor bosgarren postuan zihoan; "gero hasi zen kalbarioa", azaldu du Ibarbiak.

Iker Karrerak PTL lasterketa ezin izan du amaitu, bere kirol ibilbideko azkena izan dena, eta Ion Azpiroz ostiralean hasiko den UTMB Mont Blanceko ultratrailean lehiatuko da.

Mendi lasterkarientzat uda garaia mugitua izaten da, tartean eskualdeko hainbatentzat. Aitziber Ibarbia zizurkildarrak larunbatean jokatu zen Matterhorn Ultraks lasterketaren Sky modalitatean, Munduko Koparen barruan, zazpigarren egin zuen. Aurretik beste hiru euskaldun helmugaratu ziren, tartean Virginia Perez irabazlea. Perezek 5 ordu eta 56 minutu behar izan zituen proba amaitzeko; Ibarbiak, berriz, 6 ordu eta 43 minutu. Probak 49 kilometroko ibilbidea zuen, eta 3.600 metroko desnibel positiboa.

Ibarbiak Tolosaldeko Atariari azaldu dioenez, "gorputzaldi oso exkaxa" izan zuen: "20. kilometrotik aurrera aurrera ezinean aritu nintzen, beraz, erdia baino gehiago asko sufrituz. Baina garbi neukan bukatu beharra neukala. Eta asko sufrituz, 7. postuan amaitzea lortu nuen".

Larunbatekoa bere bigarren proba izan da aurtengo Munduko Kopan. Uztailean Andorrako Comapedrosan hartu zuen parte. Ez du zorte handirik izan Ibarbiak, aurten bi pneumonia pasa dituelako, eta, besteak beste, Zegama-Aizkorri lasterketan ezin izan zuen parte hartu.

Munduko Kopako Sky modalitateko (50 kilometro arteko probak) azkena urrian izango da Italiako Limone herrian. Aurten Xtreme modalitateko (50 eta 70 kilometro tartekoak, eta oso teknikoak) bat egin nahi du, Munduko Kopako Overall sailkapenean sartzeko. Izan ere, Overall sailkapenean egoteko, gutxienez Sky modalitateko hiru proba eta Xtreme-ko bat egin behar dira. Eskozian izango du aukera Xtreme proba hori egiteko, irailaren 15ean. Dortsala lortzeko zailtasunekin zebilen Ibarbia, epea bukatuta zegoelako horretarako, baina atzo bertan lortu zuen dortsala. Eskoziako proban, gainera, Munduko Txapelketa izango da jokoan.

Iker Karrerak utzi egin behar izan du bere azken lasterketa

Ez du nahi bezala bukatu bere kirol ibilbidea Iker Karrera mendi lasterkari amezketarrak. Zigor Iturrietarekin batera PTL Petite trotte a Leon lasterketan parte hartzen hasi zen, baina atzo bertan utzi behar izan zuten proba, 200 kilometro inguru falta zitzaiela. Karrerak denbora zeraman oineko minez, eta aurrera egiten saiatu den arren, azkenean amore eman behar izan du.

Ion Azpirozek UTMB proban parte hartuko du

Ostiralean hasiko da UTMB Mont Blanceko ultratraila, 18:00etan, Chamonixen (Frantzia). 170 kilometroko ibilbidea du eta 10.000 metroko desnibel positiboa. Ultratrailetan lasterketa entzutetsuena da. Ion Azpiroz berastegiarrak bertan parte hartuko du eta Berria-n azaldu duenez, ez du sentitzen presio berezirik: "Ez dut inori ezer erakutsi beharrik, eta horrek lasaitzeko eta gozatzeko aukera gehiago ematen dit. Ez dut pentsatu nahi postu jakin batean. Lasterketa aurrera doan heinean daraman bideak zehaztuko dit zertarako gai naizen. Azken urteetan, lasterketaren maila asko handitu da, batez ere aurten, sarietan diru dezente jarri baitute".

Munduko korrikalari onenek parte hartzen dute UTMB proban. Azpirozek, 2015ean 13. amaitu zuen. "Sasoiko" dagoela azaldu du: "Azken bi asteetan asko entrenatu naiz mendian, eta, horren ondorioz, nekea pilatu dut, baina, azken orduko ezbeharrik ez bada, ondo iritsiko naizela uste dut".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!