Emma Johnson estatubatuarrak zuzendutako eta Irati Santiago billabonatarrak ekoitzitako film laburra duela bi urte grabatu zuten, eskualdean. Besteak beste, Villabonako Bearzana pilotalekuan, Alkizan edota Asteasun ibili ziren grabaketa lanetan, Tolosaldeko protagonista ugariren laguntzarekin.
2017ko ekainean egin zuten estreinaldia, Villabonako Gurea Antzokian. Jendez bete zen orduan, eta leku faltagatik bi aldiz proiektatu behar izan zuten. Arrakasta hori, bada, jaialdiz jaialdi mantendu du Abernek orain arte. Orain, berriz, lana publiko egitea erabaki dute egileek.
Sare sozial bidez jakinarazi dutenez, Abernek «zinema ezagutzeko aukera» ederra eman die: «Abernek zinemagile sinestezinak ezagutzeko aukera eskaini digu. Zine industria apaltasunez eta errespetuz ikusteko aukera eman digu. Esperientzia ahaztezina izan da. Oso pozik gaude bi urte hauetan hainbat jaialditan parte hartzeko aukera izateaz aparte, zine industrian hezteko aukera eman digulako. Eskerrik asko gurekin hasieratik egon zaretenoi».
ABERNE
Sinopsia: Aberne neska gazte euskaldun bat da, eta bere ametsa profesionalki pilotan jokatzea da. Alabaina, gizartean ez dago erabat ondo ikusia emakumearen rola, are gutxiago kirolean. Zailtasunak zailtasun, galtza zuriak jarri eta pilotan jokatzen hasten bada ere, Abernek ez du arrakastarik izaten. Halere, gainontzeko emakumeen erreferente bilakatzen da, sekula beste inork izan ez duen ausardia erakusten baitu.