'Aberne' film laburra estreinatu dute

Irati Saizar Artola 2017ko ekainaren 11

Irati Santiago Mujika billabonatarrak ekoitzitako Aberne film laburra estreinatu dute Villabonako Gurea aretoan. Jendetza gerturatu da eta aretoan lekua falta zela eta, bi aldiz proiektatu behar izan dute. 

Ikusminez gerturatu da jendea 19:30etan Villabonako Gurea aretora. 15 minutuko iraupena zuen film laburrak eta inor ikusi gabe gera ez zedin bi txandatan eskaini dute. Amaieran, filmeko protagonista izan den Janire San Sebastian eszenatokira igo da, Agurtzane Intxaurraga, filmean protagonistaren amaren rola egiten zuenarekin batera; irailean 5 egunetan zehar egin zituzten grabaketak eta esperientzia horiek kontatu dituzte, baita publikoaren galderak erantzun ere.

Santiago Mujika ekoizlea ez da fisikoki izan aretoan, baina, film laburraren hasieran, esker hitzekin bideo bat bidali du. 

Film laburrean, bere ametsa profesionalki pilotan jokatzea den Aberne izeneko neska baten istorioa kontatzen da. Neska bat pilotari profesional izateko bidean sortzen diren gatazkak dira nagusi, eta horrez gain, familia barruko gatazkak ere ikus daitezke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!