Amezketako finalak, prest

Ataria 2018ko eka. 28a, 13:18

IV. Ataria Pilota Txapelketaren finalak larunbatean jokatuko dira Amezketako Larrunarri pilotaleku berrituan, 10:00etan hasita; eskuz nahiz gomazko paletarekin jokatuko dira partidak, zazpi guztira.

317 parte hartzailerekin hasi zen IV. Ataria Pilota Txapelketa apirila bukaeran. Horietatik 29 bakarrik geratzen dira: 13 bikote eta hirukote bat. Aurtengo azken hitzordua, Amezketako Larrunarri pilotalekuan izango da, ekainaren 30ean, larunbata, 10:00etatik aurrera.

Txapelketak Tolosaldeko 12 herri bisitatu ditu. Eskuz, Anoeta, Villabona eta Berrobin aritu dira txikienak. Benjaminak, Albiztur, Ibarra eta Ikaztegietan. Alebinak, Bidania-Goiatz eta Alkizan. Infantilak Amezketa eta Lizartzan. Palaz, alebin eta infantilen egoitza Altzo izan da, eta kadete-jubenilena Zizurkil.  

Esku pilotan lau final jokatuko dira, eta finalerdiak kontuan hartuta, maila ikusgarria egongo da larunbatean. Gomazko paletaz hiru final jokatuko dituzte, eta hemen 13 pilotariak neskak izango dira, alebinak, infantilak eta kadete-jubenilak. Aipatu, infantiletan, hirukote bat iritsi dela finalera: Carrasco-Agirre-Uzkudun. Kadete-jubenil mailako finalak ere aipamena merezi du. Goi mailako lau pilotarik jokatuko dute, eta benetan ikusgarria izango da.

10:00etan hasiko dira partidak, txikienen ikuskizun paregabearekin. Azken lehia 14:00ak baino lehen bukatuko da, aurreikuspenen arabera. Sari banaketa ekitaldia jarraian egingo da, eta bertan, IV. edizioari amaiera emateko familia argazkia aterako da. Finalistez gain, txapelketan parte hartu duten eskualde guztiko pilotariak gonbidatzen dira Amezketara, izan ere, kamiseta ofizialak bertan banatuko dira.
zuzeneko kontaketa irratian

Ataria irratiak larunbateko zazpi finalak zuzenean eskainiko ditu 10:00etatik aurrera. Kontaketa jarraitzeko bi modu daude. Bata, 107.6 fm-ren bidez, eskualdetik entzunez gero. Bestea, edozein lekutatik, ataria.eus webgunearen bidez, bertatik ere irratia entzuteko aukera baitago. Finaleko protagonistak, antolatzaileak eta harmailetan giroa jarriko duten ikusleak bertan izango dira, kontaketaren parte eta laguntzaile. Amezketara larunbatean joan ezin duenak, beraz, ez du finalak jarraitzeko arazorik izango.

Ekainak 30, larunbata, finalistak

Benjaminak B, eskuz
Iparragirre-Ormaetxea
Plaza-Zufiria


Benjaminak A, eskuz
Arandia-Elola
Perurena-Tolosa


Alebinak, gomazko paletaz
Tejeria-Zubillaga
Urkola-Aranburu


Alebinak, eskuz
Gorostiaga-Ruiz
Zabala-Iparragirre


Infantilak, gomazko paletaz
Carrasco-Agirre-Uzkudun
Ugartemendia-Agirre


Infantilak, eskuz
Agirre-Huitzi
Arrillaga-Etxabe


Kadete-jubenilak, paletaz
Iturriotz-Herrero
Aranburu-Usabiaga

Antolatzaileak:
‘Tolosaldeko Ataria’ eta Atzapar (Asteasu), Behar Zana (Amasa-Villabona), Intxurre (Alegia-Altzo-Ikaztegieta), Kuku Pilota Elkartea (Anoetas), Sendi Ekintza (Ibarra), Tolosa CF-Aurrera (Tolosa), Txulobi (Aduna), Zazpi Iturri (Amezketa) eta Ziotza (Zizurkil) pilota elkarteak, eta Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Berastegi, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta, Lizartza, Leaburu-Txarama eta Tolosako pilota eskolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!