Eskualdeko 300 pilotari Ataria txapelketan

Asier Imaz 2018ko api. 23a, 20:56

Eskuz eta palaz ariko dira Tolosaldeko 300 neska-mutiletik gora ondorengo bi hilabeteetan. Hilaren 27an hasi eta ekainaren 30ean amaituko da IV. Ataria Pilota Txapelketa. Tolosa, Villabona eta Alegia pasa ondoren, aurtengoan finalak Amezketan jokatuko dira.

Guztira zazpi lehia ikusiko dira Larrunarri pilotaleku eraberrituan. Izan ere, Ataria Txapelketan zazpi maila daude, adinaren arabera. Txikienak benjaminak izango dira; nagusienak jubenil neskak.

Berrobiko pilotalekua
Berrikuntza nagusia Berrobi izango da. Orain arteko edizioetan bertako pilotalekuan ez da partidarik jokatu. Aurten, ordea, Benjamin B mailako partidak bertan jokatuko dira, Anoeta eta Villabonan bezala. Izan ere, finala aurretik maila bakoitzak bere egoitza edo pilotalekua izaten du. Eskualde guztian banatzen dira neska-mutilak, 13 herri eta frontoi ezagutuz. Ataria Tolosaldea mailako komunikabidea izanik, argi dago bere pilota txapelketak eremu horretara iritsi behar duela.

Pilotariak eta pilotalekuak eskualdekoak baldin badira, zer esan antolatzaileen inguruan. Aurreko edizioetan bezala, buru-belarri aritu dira lanean eskualdeko pilota eskola eta elkarteak, Tolosaldeko Ataria-ri laguntza emateko asmoz, eta eskualdeko neska-mutilei txapelketa jostagarri bat eskainiz. Hain zuzen ere hori da helburua: kanporaketa moduan baino ligaxka moduan antolatzen da Ataria Txapelketa, haur eta gaztetxoek partida bat baino gehiago jokatzeko aukera izan dezaten.

Eskuz eta palaz
IV. ediziorako iazko molde eta mailak errespetatu dira. Eskuz jokatzeko aukera izango dute, hala nahi duten benjamin mailatik hasi eta infantil maila bitarteko neska-mutilek. Palaz jokatzeko aukera izango dute, berriz, modalitate honetan diharduten alebin mailatik jubenil mailara bitarteko neskek. Bigarren multzo honetako adin tartea zabaltzea erabaki zen bigarren edizioan, modalitate eta maila hauetan trebatzen ari direnek lehiarako aukera gutxi dituztelako. Aurten ere apustu horrekin jarraitzea erabaki da.

Gazteenei aukerak emanaz
Hasieratik gazteenengan jarri du arreta antolatzaile taldeak. Txapelketa egitura izanagatik, parte-hartze zabala bultzatzea eta gazteenen pilotarekiko zaletasuna bultzatzea du helburu nagusia. Horrek eragina du jardun ereduan, ondorioz, ohi bezala ligaxka eran jokatuko dira lehen sailkapenak. Modu horretan, pilotari bakoitzak bizpahiru partida jokatzeko aukera izango du dagokion maila eta aukeratutako modalitatean.
Erabiliko dituzten materialak ere adin tarte bakoitzerako pentsatuak izan dira: eskuz, pilota goxoak infantil mailara arte eta, palaz, maila bakoitzerako Pilota Federazioak izendatuak dauzkanak.

Finaleko egunerako deialdia
Azken partidak ekainaren 30ean jokatuko dira Amezketan. Ezker horma eta frontisa beltzez pintatu berri dituzte Larrunarrin. Harmailetan berogailua ere jarri dute, nahiz eta udan espero horren beharrik ez izatea. Ataria Txapelketaren finaletan goxotasuna nahi izaten denez, parte hartzaile guztiak egun horretan bertara deituak izaten dira, han banatuko baitira IV. edizioko kamisetak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!