Pasahitza (zaharra)

«Berri gogor eta gordinak jaso behar ditugu gertu ditugun errealitateez jabetzeko»

Iñigo Terradillos 2018ko ekainaren 12a

Aiztondoko XI. Gutun Lehiaketako sari nagusia irabazi du Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak Samurai maitea lanagatik. Epaimahaiak hizkuntzaren erabilera aparta, maila literario altua edota H hizkiarekin egindako jokoa nabarmendu ditu. «Barrutik idatzitako gutuna da, eta pozik nago jasotako sariagatik», azaldu du Goikoetxeak.

«Ekairena bezalako berri gogor eta gordinak jaso behar izaten ditugu tamalez egunerokoan guregandik gertu ditugun errealitate anitz horietaz ohartzeko eta jabetzeko», esan du Aiztondoko Gutun Lehiaketako irabazleak.

Gehitu duenez, duela lau hilabete Ekaik bere buruaz beste egin zuenean barruak «ikaragarri» mugitu zizkion: «Oso gogorra iruditu zitzaidan, hurbiletik jarraitu dut suizidio horren atzean zer zegoen; onarpen handia zuen Ekaik esparru desberdinetan, baina, berak borroka egiten zuen osasungintza prozesuak azkartu zitezen, eta badirudi borroka horretan azkenean nekatu egin zela».

Ekairen gurasoek sare sozial eta bestelako euskarrietan idatzi eta sentitu izan dutena gertutik jarraitu duela adierazi du beasaindarrak. «Saiatu naiz bere etxean sartzen, bere egunerokoa irudikatzen eta berari kontatzen Ondarrun eta bere etxean gertatzen diren eta gerta litezkeen kontuak, modurik ahalik eta xamurrenean».

Bestalde, Ekaitz Goikoetxeak abian duen Transformatzen proiektuaz ere hitz egin digu: «Transexualitatea ertz ezberdinetatik jorratzen saiatu gara». Herrietan eta ikastetxeetan landu dute ikasturte honetan, eta hurrengoan ere jarraitzeko asmoa azaldu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!