Arrakastatsutzat jo du LABek estatalizazioaren kontrako mobilizazioa

Ataria 2018ko maiatzaren 30a

LAB sindikatuak deituta, bi orduko lanuzteak egiten ari dira gaur, Tolosaldeko hainbat enpresatan. Lan hitzarmenen estatalizazioa ari dira salatzen, izan ere, horrek prekarietatea ekartzen duela dio sindikatuak. "Gaurko mobilizazioei eta aurretik lantokietan egindako batzarrei ematen diegu garrantzia, eta deialdia arrakastatsua dela esan genezake", esan du eskualdeko LABeko arduradunak, Haizea Mendiak.

Gaurko mobilizazioarekin lan harremanen euskal esparrua ari dira defendatzen eta, besteak beste, Adunako Kelsen enpresan, Tolosako Pasabanen, Asuncion klinikan, Zizurkil zein Tolosako udaletan, Asteasuko industrialdean, Apattan eta Villabonako Artekan atera dira kalera.

Sindikatuko Haizea Mendiak azaldu duenez, estatalizazioa "poliki-poliki" ematen ari da eta horregatik eskatu nahi izan dute lan esparru propioa. "Hau ez da egun batetik bestera ematen den zerbait, baina badator. Gure lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla ikusten ari gara eta horrek estatalizazioarekin du lotura zuzena. Geroz eta hitzarmen gehiago adosten dira Madrilen eta han CCOO eta UGT sindikatuekin sinatzen dituzte hitzarmen horiek eta hemengo baldintzak baino kaskarragoetan. Alde batetik, Madrildik geroz eta gehiago arautzen dute lan esparrua eta, bestetik, guri hemen negoziatzeko eta erabakitzeko eskubidea mugatzen digute, klausula batzuk sartuz. Esaten digutena da gutxieneko batzuk estatu mailan aplikatzen direnez, hortik haragoko gauzak negoziatu ahal izango direla hemen, baina hainbat gai eta artikulu mugatuz. Zentralizazio horrek gure erabakitzeko eskubidean zuzenean eragiten du", esan du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!