«Estatalizazioaren» aurka lanuzteak deitu ditu LAB sindikatuak

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 28a, 18:22

Zehazki, bi lan orduko lanuzteak egiteko deialdia egin du etzirako; lan arloan «prekaritatea inposatu» nahi dela salatu du.

Hitzarmenen «estatalizazioaren» aurka eta Lan Harremanen Euskal Esparruaren defentsan bi orduko lanuzteak deitu ditu etzirako, maiatzak 30, LAB sindikatuak. «Inboluzio politiko eta soziala bizitzen ari gara: diskriminazioa, prekaritatea, pobretzea, pentsioak erasotzea, erreformak, zerbitzu publikoen murrizketak…», esan du LABek, eta lan arloan ere, «prekaritatea inposatu» nahi dela dio: «Botere politiko eta ekonomikoaren arteko aliantzak prekaritate prozesu oso bat jarri du martxan. Langileen kontura, poltsikoak betetzen jarraitu nahi dute».

2008ko krisiaren aitzakian, «estatalizazio eta prekaritate prozesuari bultzada handia» eman zaiola salatu dute. «Hiru mugarri nagusienak» ondokoak direla dio sindikatuak: «Negoziazio kolektiboaren erreforma, lan erreforma eta austeritate neurriak». Hauen ondorioz, besteak beste, azken zazpi urteetan estatuko hitzarmena aplikatzen zaien langile kopurua %21etik %34ra izatera pasatu dela azaldu du. Estatuak eta patronalak «erabaki estrategiko bat» hartu zutela dio: «Lan baldintzen prekaritate eta zerbitzu publikoen pribatizazioaren bila. Estatu mailako hitzarmenak sinatuz, bertakoak betetzeari utzi nahi diote eta gureak baino okerragoak direnak inposatu».

«Estatalizazioa» lau eratara ari direla aurrera eramaten salatu du sindikatuak. Batetik, «zentralizatuz»: «Gurean negoziazio eremuak debekatuz edo estatu mailako lan hitzarmenetan hainbat gai bereganatuz, gure lan hitzarmenak edukiz hustuz». "Eraso" horri aurre egiteko sortu zen EAEn Akordio Interprofesionala, LABek azaldu duenez, "bertan indarrean dauden hitzarmenei aplikatzeko lehentasuna emateko estatu mailakoen aurrean. Estatuko patronal batek Akordio Interprofesionala inpugnatu zuela gaineratu du, eta inpugnazioa momentuz bertan behera geratu bada ere, "gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidearen kontrako eraso argia izan dela uste dugu. Lan harremanetan 155a aplikatu dute, eta arriskuak hor egoten jarraitzen du".

Bigarren modua, «negoziazio kolektiboa blokeatuz»: «Hitzarmen bat ez bada berritzen, ultraktibitatea amaitutakoan estatu mailako hitzarmenak aplikatzeko aukera ematen da. Gauzak horrela, bertako patronalak negoziazioak blokeatzen ditu, estatu mailako lan baldintzak aplikatzeak sortzen duen presioa bere alde izateko». Gaur egun, langileen %22ak soilik hitzarmena berritua duela diote, eta, beraz, "%78a estatalizazioaren mehatxupean dago".

Hirugarren modua, «negoziazio eremu berriak irekitzea ukatuz» dela dio LABek. Laugarren modua, «legeak inposatuz», langile publikoen eta arlo publikoko azpikontratatutako langileen kasuan, sindikatuak salatu duenez.

Horri guztiari "aurre egiteko", lantokiz lantoki "prekaritatearen kontrako eta lan baldintza duinen aldeko borrokak" antolatu behar direla dio LABek. "Ekintza sindikal iraunkorraren bidez, bertako patronalak eragindako blokeoa pitzatu behar dugu. Enpresa nahiz sektore mailan lan hitzarmenak eskuratzeko, langileak tokian toki antolatu eta aktibatu beharra dago". Arlo publikoan ere, "lege inposizioa eta negoziazio kolektiboaren eskubidearen aldeko borroka" aktibatu beharra dagoela gaineratu du.

Hemengo negoziazio esparrua defendatzea eta "prekaritate prozesuari" muga jartzea dela erronka esan du sindikatuak. "Sakoneko arazoa, lan arloko eskumenak Estatuaren esku" daudela dio LABek.  EAEn nola Nafarroan, estatus berriaren inguruko eztabaida irekita dagoela ekarri du gogora. LABen ustez, estatus berri horretan lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa jaso beharra dago. "Alegia, Euskal Herrian bertan hartu behar dira gure lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak", esan du, eta gaineratu: "Lan eremuan burujabetza eskuratzen ez badugu, estatalizazio eta prekaritate prozesuaren menpe jarraituko dugu, hori bultzatzeko erabaki estrategikoa hartu baitu Espainiako Estatuak. Honela bada, lan eremuan borroka sindikala egitearekin batera, aldaketa politiko eta sozial orokor baterako burujabetza prozesua martxan jartzea ezinbestekoa da".

Sektore batzuk mobilizatzen hasiak direla esan du sindikatuak, eta mugimendu feminista eta pentsionistak aipatu ditu. "Orain sindikalgintza eta langile klasearen garaia da. Gure arazoak kalera atera behar ditugu eta hauen kontra egiteko borrokak piztu", esan du LABek. "Sektore eta enpresetan egiten dugun borroka indartzen jarraitu behar dugu, baina erantzun orokor bat ere behar dugu. Lan zentroetan bizi duguna kalera atera behar dugu. Prekaritate prozesu honek erantzuna behar du".

MOBILIZAZIOAK
Aduna
05:00-06:00, 11:00-12:00, 15:00-16:00. Kelsen, enpresaren aurrean.

Asteasu
13:00-14:30. Industrialdearen hasieran.

Berastegi
13:30-14:30. Munksjo Paper, enpresaren aurrean (Eldua auzoa).

Ibarra
13:30-14:30. Apatta industrialdea, sarrerako biribilgunean.
12:30. Uzturpe Ikastola, ikastetxearen aurrean.

Ikaztegieta
11:45-12:05, 17:00-17:20. Man, enpresaren aurrean.

Tolosa
12:00-13:00. Usabal industrialdean, sarreran.
12:00-12:30. Tolosako Udala, udaletxe aurrean.
08:00-08:20. Asuncion Klinika, ospitale aurrean
12:00-14:00. Pasaban, enpresa aurrean.

Villabona
13:00-15:00. Arteca Caucho, enpresaren aurrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!