Asteasuk eta Zizurkilek hartu dute aurrea Herriarteko Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 22a, 16:35
Argazkian, asteasuarrak

Herriarteko Pilota Txapelketako final zortzirenetako joaneko jardunaldiak 2-1 irabazi dituzte Asteasuk eta Zizurkilek; Altzo, Tolosa eta Bidania-Goiatz galtzen hasi dira.

Asteasu

2-1 irabazi zuen Usarrabin, Astigarragaren aurka. Kadete mailako neurketa galdu egin zuten Juanenak eta Huitzik, 10-22. Jubenilen mailan, Huitzi eta Elizegi asteasuarrak erabat nagusi izan izren: 22-2 garaitu zituzten Urdangarin eta Olarra. Nagusien mailan ere erraz gailendu ziren eskualdeko pilotariak. Urbietak eta Aizpuruk 22-8 irabazi zieten Gurutzalde eta Sanchezi.

Zizurkil

Gertu izan zuen 0-3koa, Andoainen aurkakoan. Kadete mailan jaso zuen porrota, gutxigatik: Etxeberria eta Perurenak 22-20 galdu zuten E. Etxeberria eta Uriaren aurka. Jubenilen eta nagusien mailako neurketak erraz irabazi zituzten, biak emaitza berarekin: 3-22.

Tolosa

Txapeldunaren aurka jokatzea egokitu zaio Tolosari, eta ezin izan zuten garaipenik lortu. Hiru neurketak galdu zituzten tolosarrek; Altunak eta Lopetegik 10-22 kadete mailan, Goikoetxeak eta Sudupek 4-22 jubeniletan, eta Egiguren eta Belokik 9-22 nagusien mailan.

Bidania-Goiatz

1-2 galdu zuten, etxean, Oñatiren aurka. Lehen bi neurketak, kadete eta jubenil mailakoak, galdu zituzten: Elola eta Altunak 7-22 galdu zuten Azkarate eta Loitiren aurka; Otañok eta Elolak, jubeniletan, bost tanto baino ez zituzten egin. Nagusien mailan, aldiz, Elola eta Galarragak osatutako bikoteak 18an utzi zituen Biain eta Escalero oñatiarrak.

Altzo

Altzotarrek ere 1-2 galdu zuten Hernaniren aurka. Kadete mailan Artola eta Uzkudunek 14 tanto egin zituzten. Emaitza bera, baina aldekoa, izan zen jubenilen mailan. Zubeldiak eta Olano izan ziren garaile Salaberria eta Insaustiren aurkako neurketan. Nagusien mailan, berriz, Zubeldia eta Azpitartek ezin izan zuten  Ojuel eta Azpitarteren aurka: 6-22. [Kronika zabalagoa osatu du Altzoko Kultura Batzordeak Komunitatean]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!