Herriartekoa: Altzok 1, Hernanik 2

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2018ko mai. 21a, 16:48

Larunbat arratsaldean jokatu zen aurtengo Gipuzkoako Herriarteko PIlota Txapelketako Altzo eta Hernaniren arteko joaneko saioa, Altzoko frontoian. Hernaniarrak izan ziren garaile lehen saio honetan, eta abantaila hartu digute. Datorren ostiralean, 19:30etan hasita,izango da bigarren saioa. Hernaniko kiroldegiko pilotalekuan.

Hirugarren urtea dugu, segidan, altzotarrok txapelketa honetan parte hartzen duguna. Lehenengo hartan, Donostiak kanporatu gintuen; iazkoan, Bidania-Goiatz kanpoan utzi eta gero, Zizurkil izan genuen borrero. Aurten, herri indartsua tokatu zaigu hasteko, Hernani.

Kadetetan, 14-22 galdu

Xabat Artolak eta Amets Uzkudunek jokatu dute Altzo ordezkatuz maila honetan. Ez dira gaizki aritu eta izan dituzte beren aukerak, baina partida osoagoa egin dute hernaniarrek. Aurrelari hernaniarrak asko asmatu du sakearekin eta, hori, beste edozein frontoitan baina garrantzitsuagoa da Altzo Muinoko frontoian: atzeko horma gertu, aurrekoa ohikoa baino baxuagoa, kendu egin nahi, abila baita Huizi aurrelari hernaniarra... Hor egon da aldea. Hor eta etxekoek gehiagi nabaritu dutela urduritasuna, batik bat Ametsek.

Jubeniletan, 22-14 irabazi

Hasiera ikaragarria eman diote partidari gure mutilek, Iker Zubeldia, kadetea oraindik, eta Pello Olanok. Sakean asmatu du Ikerrek, errematean ere bai, eta aurkariak frontoi "txiki· honi neurria hartu ezinik ibili dira gainera hasiera honetan. Kontuak kontu, 15 eta 5 ziren aurretik gureak. Hemendik aurrera asko aldatu da partida: hernaniarrek tantoa lortu dute, pilota aldatu dute, Salaberri aurrelaria abila dela erakusten hasi da, eta tantoak pilatzen beren alde, 16-14 jarri arte. Hor amaitu da bolada. Hamazazpigarren tantoa egin du Ikerrek zabalea dejada ikarragarri arriskatuta, eta gero zuzenean hogeita bira, tartean lau tanto zein baino zein eginda.

Nagusietan, 6-22 galdu

Hasterako, hauxe juzkatzen zen partida zailena altzotarrentzat. Eta halaxe izan da. Ujuel-Aizpitarte hernaniarrak maila handiko pilotariak dira, eta esperientzia asko pilatuak: zakur zaharrak, esan ohi den bezala, baina maila handikoak. Ez die ia aukerarik eman Ander Zubeldia eta Enaitz Aizpitarte altzotar gazteei, lehen urteko afizonatuak biak. Ojuelek laister hartu dio neurria frontoiari, frontisetik irteera azkarreko pilota atera dute, eta saketik beretik menderatu dituzte gureak: oraintxe luze, oraintxe motz. zabalera ... Beti norabide ezin hobearekin, eta bizi, oso bizi. Ander saiatu da boleaz behin eta berriz, baina ezin pilota kendu aurreko koadroetatik, eta zaila da horrela.Kuriosoa bada ere, esan daiteke kanpotarrei egin diela mesede etxekoen frontoiak.

Tira, bueltakoak jokatu behar dira, eta ez gaude etxita, ez horixe!! Partidak jokatu egin behar dira, tantoz tanto, banan banan. Eta gero gerokoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!