ETAren amaiera: erreakzioak eskualdean

Ataria 2018ko mai. 4a, 17:43

ETAk bere ibilbidea bukatutzat eman du, eta alderdi politikoetako ordezkarien, eragileen nahiz gure ohiko solaskideen lehen balantzea jaso dugu.

Eneko Maioz (EH Bildu) eta Pello Atxukarro (PP), Jokin Bildarratz EAJren senataria, Iñigo Cabieces Podemos alderdiko Tolosako ordezkaria, Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria, Garbiñe Biurrun epailea, Maddi Sarasola herri mugimenduko kidea, Iker Uson Deustuko ikerlaria eta Jon Ijurko Etxerateko kidearen iritziak jaso ditugu.

Jokin Bildarratz (EAJ): «Euskal gizartea izan da ETA kanporatu duena»

«ETAren adierazpenarekin sentitu dudana hotza da. Hotz utzi nau, bai ni eta bai eragin dituen biktima guztiak. Inoiz uste izan badute Euskal Herria ordezkatzen zutela, euskal gizartea bera izan da ETA kanporatu duena. Azpimarratu behar da ETA behin betiko desagertu dela, eta hori pozteko moduko albistea da, baina ez da ahaztu behar denok atera garela galtzaile, ETAk egin duen gauza bakarra mina sortzea izan delako».

Eneko Maioz (EH Bildu): «Jakitun izan behar dugu sufrimendu asko sortarazi zuela»

«Euskal Herriak jasan duen gatazka politiko eta armatu honen gordintasunaren amaiera da. Eskerrak emateko eguna ere bada, bide luze honetan, egun hau iristeko lanean aritu diren guztientzat».

Peio Atxukarro (PP): «Pozten naiz eguna iritsi delako, baina, ez diot garrantzi izugarririk eman nahi»

«Ez dut sinesten ETAk amaiera ematen duenik demokratak bihurtu direlako. Inoiz ez dira demokratak izan. Amaiera eman badu izan da deseginda zegoelako, poliziak, epaileak... irabazi duelako, eta bazekien ez zuela etorkizunik, ez zuela beste aukerarik. Beraientzat hobekiena zen aukera bilatu dute bukatzeko. Errekonozitu behar dute demokratak ez direla izan, eta barkamena eskatu denoi».

Iñigo Cabieces (Podemos): «Euskal gizarteak hasitako bidean beste pauso bat da»

«Oso berandu heldu da, baina, hala ere, lasaitu ederra hartzen dugu, eta positibotzat hartzen dugu. Euskal gizarteak duela asko hasitako bidean beste pauso bat da».

Martxelo Otamendi, kazetaria: «Espetxe politikaren unea da»

«Egun garrantzitsua etorri da. Prozesu luzea izan da, asko kostatu da bukatzea, baina, azkenean bukatu da. Hemendik aurrera, espetxe politika, iheslariak eta etxera itzultzeko irrikaz daudenen garaia da. Mugimenduak eman behar dira Espainian, Frantzian ematen ari diren moduan».

Garbiñe Biurrun, epailea: «ETA gure bizitzetatik desagertu dela esateko unearen zain geunden»

«Azkenean iritsi da eguna. Bagenekien iritsiko zela, batez ere 2011ko adierazpenaz geroztik. Hura izan zen niretzat une garrantzitsuena».

Iker Uson, ikerlaria: «Duen garrantzia ez emateak kezkatzen nau»

«Oso zorioneko albistea da, aspalditik euskal gizartean amets egiten genuena. Belaunaldi berriei egin diezaiekegun oparirik onenak horrelako albisteak dira. Bestalde, zoritxarrez bigarren mailako albistea dirudi. 2011n ETAk adierazi zuenean indarkeria uzten zuela garrantzia eman zitzaion, baina, asko luzatu da orain arte, eta agortuz joan da. Duen garrantzia ez emateak kezkatu egiten nau eta hausnartu egin beharreko gaia da».

Jon Ijurko, Etxerat: «Beste eragileek ere pausoak ematea nahiko genuke»

«2011n emandako lehen pauso hartatik ondorio logikoa da aspalditik eskatzen ari zen azken agiri hau etortzea. Beste urrats garrantzitsu bat da bakebidean, eta nahiko genuke beste aktore eta eragile batzuk ere horrelako pausoak ematea gatazkak utzi duen mina eta sufrimendua konpontzen joateko».

Maddi Sarasola, herri mugimenduko kidea: «Iragana ulertu beharra dago etorkizuna nola izango den ulertzeko»

«Nire belaunaldiko beste askok pentsatuko zuten moduan, nire bizitzan beti presente egon den erakundea izan da ondorio oso nabarmenak eduki dituena».

Atxikimendu mezua, Tolosan

ETAren 60 urteko ibilbidearen amaierak ekarri du erakundearekiko atxikimendu mezurik ere, Euskal Herriko hainbat txokotan. Tolosan, Benta Haundiko bide gurutzean, ETAren anagrama daraman pankarta zintzilikatu dute; bertan hil zuten, 1968an, Txabi Etxebarrieta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!