Altuna, Artola eta Jaka, Lehen Mailako buruz burukoan

Ataria 2018ko apirilaren 11

Argazkia: Berria/Foku

Ostiralean hasiko da Lehen Mailako buruz burukoa, eskualdeko hiru pilotarirekin. Jokatzen lehena Erik Jaka izango da.

Pilotak ez du etenik. Binakako Txapelketako finala jokatu bost egunera hasiko da Buruz Buruko Txapelketa. Albisuk eta Zabaletak emango diote hasiera txapelketari, ostiral honetan, Ataunen. Final-hamaseirenetako beste hiru neurketa jokatuko dituzte lehen asteburuan. Larunbatean, Iruñean, Unai Laso eta Erik Jaka ariko dira. Igandean, Eibarren, bi jokatuko dituzte: Elezkano eta Arteagaren artekoa batetik, eta Julen Retegi eta Victor Estebanena bestetik.

Artola eta Altuna final-zortzirenetan sartuko dira lehian. Elezkano eta Arteagaren partidako irabazlearen aurka jokatuko du alegiarrak. Amezketarrak, berriz, Retegi edo Victorren aurka. Jakak Laso garaituko balu, berriz, Ezkurdia izango luke aurkari final-zortzirenetan. Aimar Olaizola izango da laugarren partidako aurkaria. Neurketa horiek Tolosan, Iruñean, Eibarren eta Altsasun jokatuko dira, apirilaren 20tik 23ra.

Final-laurdenetan, berriz, Oinatz Bengoetxea, Beñat Rezusta, Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria izango dira zain. Artola Bengoetxearen multzoan dago; Altunak Urrutikoetxearekin neurtu beharko lituzke indarrak aurrera egingo balu; eta Jakak, berriz, Irribarria izango luke aurkari neurketa guztiak irabaziz gero. Final-laurdenetako neurketak Iruñean, Bergaran, Donostian eta Eibarren jokatuko dira, apirilaren 27tik maiatzaren 1era.

Lau sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte maiatzaren 12an eta 13an, Iruñean eta Bilbon. Azkenik, finala maiatzaren 27an jokatuko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Hirugarren eta laugarren posturako norgehiagoka, berriz, maiatzaren 20an izango da, Azpeitian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!