Eskualdeko beste hiru pilotari, Banakako Promozio Txapelketan

Asier Imaz 2018ko apirilaren 12a

Lehen Mailako Txapelketa atzo aurkeztu zuten bi enpresek Bilbon. Promozio Mailako pilotariak ere bertan izan ziren, hauen egutegia jakitera eman baitzuten aurkezpen ekitaldian.

Eskualdeko hiru ordezkari ariko dira bigarren mailako txapelaren bila: Jon Erasun, Jon Ander Peña eta Beñat Urretabizkaia.

Berezia izan da eskualdekoen kasua, zozketa egin gabe zuzenean jarri baitizkie enpresek partidak. Erasunek Agirreren aurka jokatuko du larunbatean Labriten, 17:00etatik aurrera. Zizurkildarrak irabaziz gero, final-laurdenetan Ugalde izango luke zain.

Peña II.ak eta Urretabizkaia II.ak ere larunbatean jokatuko dute, baina elkarren aurka. Partida Ikaztegietan izango da, eta jaialdia 17:30ean hasiko da. Aurrena herriko haurrak ariko dira pilotan. Ondoren afizionatuen mailako partida jokatuko dute Mozok eta Artolak lau t’erdian. Jaialdiko azkena izango da tolosarraren eta ikaztegietarraren artekoa. Garaileak, final-laurdenetan Peio Etxeberria izango du aurkari.

Finalerdiak maiatzaren 6an jokatuko dira, eta finala hilabete horren 19an.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!