Afera ez da berria. Osakidetzak euskararekiko duen jarrerak behin baino gehiagotan haserretu ditu bai pazienteak eta baita mediku eta gainerako profesionalak ere, baina arazoa konpondu baino, areagotuz doa azken urteetan. Azken berria da Tolosaldean bi familia mediku postu betetzeko zerrenda ireki dutela, baina horietan ez dago hizkuntza eskakizunik. Hau da, familia mediku horiek ez dute zertan euskaraz egin behar. Hori legez ez da posible, lanpostu finkoetan hizkuntza eskakizuna dago, baina Osakidetzak «jokaldia» egin du osasun arreta publikoan euskara lehenestearen alde jo eta su ari den Aitor Montes medikuak. «Kontratu mota berriak sartu dituzte eta horien arabera, postu horiek betetzeko ez dago hizkuntza eskakizunik», esan du. Iraunkor eta Malgua deitutako kontratu mota berriak dira horiek, hain justu, urtebeteko iraupena dute, hiru urtera arte luzatzeko aukera ematen du, eta ez dute kartelera egonkorrik, hau da, erakunde sanitario integratuko edozein zentrora mugitu behar dute familia mediku eta erizainek eta edozein txandatan. Horrek pazienteen eta mediku zein erizainen hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, euren lan baldintzetan ere badu eragina, noski.
Tolosaldeko bi lanpostu horien inguruko hika-mika ez da bakarra. Bi postu horiekin batera atera dituzte beste hainbat, Goierrin eta Bidasoan, esaterako. Horrek «bi urradura» sortzen ditu Montesen arabera: «Euskaldunok bigarren mailako herritar gisa hartuak izatea eta osasun arreta kaskarragoa jasotzea, nahi dugun hizkuntzan ezin dugulako egin».
Eta horretan jartzen du azpimarra familia medikuak, komunikazioan, baina ez ahozkoan bakarrik. «Ahozko eta idatzizko harremanetara eraman behar dugu euskara». Izan ere, Osakidetzak ahozko harremanetara mugatzen du euskara Montesen arabera. Horren harira, historia klinikoa aipatu du. «Historia klinikoa bakarra da, legeak dio hori, eta informatizatua eta babestua dago. Derrigorrezkoa da eta paziente bakoitzak du jabegoa. Pazienteek hala eskatuta euskaraz egin behar da, baina eskaera egiten ez bada gazteleraz egiten da. Euskaraz eskatuko balitz behar bat sortuko luke, dokumentazio klinikora jotzen duten mediku eta profesionalek euskaraz jakin beharko lukete hura irakurtzeko». Sistema osoa irauli beharraz hitz egin du: «Profesionalak, unibertsitateak, pazienteak... sistema aldatu behar da», dio historia klinikoa euskaraz idazten duen mediku bakarrak.
Montesen ustez, Osakidetzak eskaintza ahozko harremanetara mugatzen du euskara zerbitzuak. «Osakidetzak erabakitzen duenaren arabera jokatu behar omen da, posible den heinean. Eurek erabakiko dute, eta ez pazienteak edo langileak». Unitateak ere aipatu ditu, hori baita bere ustez Euskara Planaren hutsik handienetakoa. «Osasun arreta zatikatzen du nire ustez, lehen mailako arreta, bigarrena, ospitaleak, osasun zentroak, biztanleen kopurua eta ezaugarriak». Euskara Planak ez du pazientea bere osotasunean hartzen eta beste zerbaiten arabera egiten da. Medikuaren ustez, pazientea unitate batetik bestera ibiliko da eta beraz, denean bermatu behar da euskara. «Lehen mailako arretatik bigarren mailara pasako da, osaun-zentrotik kanpo kontsultara, edo traumatologotik errehabilitaziora».
Historia klinikoa euskaraz sortzeko gaitasuna behar dute izan medikuek eta horretarako baliabideak jarri behar ditu Osakidetzak Montesen ustez.