«Irizpide eta gomendio» horiek diote: «Euskarazko espezialitate mediku gisa medikuntza espezializatuko edozein zerbitzu izendatu eta eskaini daiteke, baldin eta asistentziarik onena bermatzeko beharrezkoa den enplegatu taldeak lana behar bezala egiteko euskara maila badu eta baita euskara lehenesten duten pazienteekin euskaraz aritzeko konpromisoa ere adierazten badute». Ahozkotasunera ere jo du Osakidetzak. Bigarren puntuak dio euskarazko asistentzia espezializatuaren eskaintza ahozko harremanetarako dela gehienbat, «eta hori argi utzi behar zaie pazienteei nahiz Osakidetzako profesionalei». Idatzizkoari dagokionez, irizpideak dio agiri estandarrak elebitan eman behar direla, edo euskara hutsean pazienteak hala eskatzen badu. Historia klinikoari buruz dio «historia kliniko elebidunaren egitasmoan Osakidetzak erabakitzen duenaren arabera jokatu behar da, posible den heinean».
Euskarazko eskaintzan sartu beharreko espezialitateen aukeraketa egingo dute zerbitzu erakunde bakoitzeko mediku zein erizaintzako zuzendaritzek, beti ere era adostuan.