Ikusmina sortu duen apustua

Imanol Garcia Landa 2018ko api. 4a, 13:46
Arria V.a eta Iker Vicente, Tolosako zezen plazan.

Arria V.ak eta Iker Vicentek aizkora norgehiagoka jokatuko dute Tolosako zezen plazan, igandean. Bakoitzak 6.000 euro jarri ditu jokoan. Bi aizkolariek diote momentu onenean daudela.

Jende ugari espero da igandean Tolosako zezen plazako harmailetan. 12:00etan hasiko da aizkora apustua, eta, alde batetik, Ibarran bizi den Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra eta, bestetik, Otsagabiako Iker Vicente ariko dira lehian.

Urtarrilaren 5ean adostu zuten Tolosako Kantabriko tabernan apustua. Arria V.ak bota zuen desafioa, eta Vicentek jaso zuen. Hamabi kana-erdiko eta zortzi 60 ontzako enbor ebaki beharko dituzte. Kana-erdikoak Arria V.ak jarriko ditu eta 60 ontzakoak Vicentek. Bakoitzak 6.000 euro jarri ditu, eta azkeneko 2.500 euroak gaur bertan ipini dituzte Kantabriko tabernako mahai gainean.

Iker Vicentek 20 urte ditu eta bere lehen apustua izango da. 18 urterekin Nafarroako txapelduna izan zen, eta iazko Euskal Herriko Txapelketan txapeldunorde. Gaztea izanik ere, Vicentek bere maila erakutsi du txapelketetan, eta orain ikusgai dago nola erantzungo duen apustuen munduan. Bere maila dela eta, bere alde daude apustuak, 10-6ko proportzioan.

Apustuen munduan eskarmentu handikoa da Arria V.a. Egun 40 urte ditu, eta bere hamalaugarren apustua izango da igandekoa. Txapelketetan egindako lanengatik baino, ezagunagoa da apustu eta marka ahaleginengatik. Bere aurreko belaunaldietako aizkolarien aurka jokatu ditu apustuak, Mindegia, Olasagasti eta Larretxea tarteko. Iker Vicenteren aitari ere apustuak irabazi dizkio; orain ikusi beharko da semearen aurka zer gertatuko den. Azken urteetan lan bikainak egin ditu Arria V.ak aizkoran eta korrika, eta oraingoan berriro itzuli da aizkora lanetara bakarrik.

Biak, sasoi betean

Iker Vicentek hartu du hitza lehenbizi prentsa agerraldian, eta apustura "oso ongi" iritsi dela dio. "Asko entrenatu naiz, hiru hilabete oso gogorrak izan dira, esfortzu eta ordu askorekin, eta nik uste dut horrek bere errekonpentsa ekarri duela. Oso-oso ongi nago, nik esan behar banu inoiz baino hobeto, eta lan oso on bat egiteko asmoa dut igandean". Vicentek etxekoei eta babesleei eskertu die prestaketa lanetan emandako laguntzarengatik.

Bere aldetik, Arria V.ak ere garbi utzi nahi izan du sasoi betean dagoela: "Orain dela hiru hilabete apustua itxi genuenean, korrikako lanak utzi eta entrenamenduak aldatzen joan naiz. Ikerrek esan du bere une onenean iristen dela, eta ni ere nire bizitzako une onenean iristen naizela iruditzen zait". Lanak errespetua ematen duela, baina etxean "lan onak eginda" datorrela esan du, eta eskatu du biek "etxean egindako lan on hori plazan erakustea. Azkeneko urduritasunak ere hor izaten dira, baina uste dut badaukagula esperientzi pixka bat horretan". Igandean norgehiagoka "gogorra" izango dela azaldu du, eta eskerrak eman zizkien inguruan izan dituen guztiei eta baita igandean zezen plazara joango direnei ere.

Joxe Angel Sarasola herri kiroletan aditua eta Tolosaldeko Ataria-ko kolaboratzailea izan da prentsa agerraldia gidatzen, eta Olatz Peon Tolosako alkateari hitza eman aurretik, Tolosako Udalak apustuak antolatzerakoan jartzen dituen erraztasunak nabarmendu ditu: "Gauza handia da, apustua antolatzerakoan, zailtasunik ez jartzea herri batek. Tolosan beti ondo hartzen gaituzte".

Bere aldetik, Olatz Peonek herri kirolak zezen plazari "zentzua eta, era batera, zantzua ere" ematen diola azaldu du. Gogora ekarri du zezen plazaren eraberritze prozesuan murgilduta daudela, eta horretarako milioi bat eurotik gorako aurrekontua dagoela. "Helburua da, batetik, gaur egungo araudira egokitzea, eta, bestetik, ahalik eta ekitaldi gehien bertan antolatzea". Igandeko apustua Tolosarentzat eta eskualdearentzat "oso garrantzitsua" izango dela azaldu du Peonek. Herri kirolek herriari "tradizio gaurkotua" ekartzen diotela gaineratu du, eta baita "gure nortasunaren parte bat ere, eta hori oso garrantzitsua da. Eta horretan babesle eta laguntzaile izango gara hemendik aurrera ere". Azkenik,  gonbita egin du igandean harmailak jendez betetzeko.

Egur motak nolakoak izango diren ez dute zehaztu aizkolariek. "Apustuen xarma ere horixe da, bezperan zer egur ekarriko den ikustea, eta tradizio hori errespetatuko dugu", esan du Vicentek. Egurrak larunbatean jarriko dituzte, epaileen aurrean. 10:00ak inguruan hasiko dira lan horietan, eta 13:00etarako bukatuta egongo direla aurreikusten dute. Egurrak ikustera ere jendea joango dela espero dute, Tolosan ohitura denez. Igandeko apusturako sarrerak 40 eurotan salgai daude Kantabriko tabernan, eta egun berean zezen plazako leihatilan. Ordubete inguruko lana izango dela aurreikusten dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!