Ostirala (martxoak 16)
Eguraldi nahasia beste egun batez. Aurreko egunetako joera bera errepikatuz, egunaren lehen zatian hodeiak eta ostarteak izango ditugu hego-mendebaldeko haizeari esker, non tenperatura maximoak 11-13 ⁰C artean kokatuko diren. Eguerdian haizea mendebal/ipar-mendebaldera finkatu eta egoera ezegonkortuko da. Hodeiak ugaritu eta tarteka zaparradaren bat edo beste izango dugu, ekaitz kutsukoak izan daitezkeenik baztertu gabe. Gauean atertzera egingo du.
Larunbata (martxoak 17)
Negu usaina hartzen hasiko da eguraldia. Goizetik zaparrada giroa izango dugu. Tarteka mardul xamar botako du, batez ere, goizean eta ondoren arratsaldeak aurrera egin ahala zaparradak gero eta tartekatuagoak izango dira eta gau alderako nahiko ateri geratuko da. Tenperaturak beste koska bat behera egin eta maximoak ez dira 10 ⁰C-tatik pasako. Elur maila goizean 800 metrotan egongo da, eguneko erdiko orduetan 1.100-1.200 metrotan kokatuko da eta azken orduetan berriz ere behera egingo du.
Igandea(martxoak 18)
Negu bete-beteko eguraldia. Goizetik ipar-mendebaldeko haize zakarrarekin eta fronte baten eraginez eguraldi makurra izango dugu. Zaparradak ugari eta sarri botako ditu. Gainera egunaren bigarren zatian ekaitz moduan botako ditu eta zaparrada handi xamarrak botako ditu. Tenperatura maximoak goizean emango dira non 8-9 ⁰C-tan kokatuko diren, baina egunean zehar jaisten joango dira eta horrekin batera elur maila ere, 600 metroan kokatu arte.