Galdutako magia?

Olatz Artola 2018ko ots. 18a, 11:47

Uhinen bidez entzuten ditugu goizero-goizero Maite Artola Sarobe (Ibarra, 1972) eta Antton Telleria Lopetegi (Tolosa, 1993). Etxe berean baina frekuentzia desberdinean aritzen dira mikrofonoaren bestaldetik hizketan. Batak 'Dida' esnatuko zaitu eta bestea informatuta izango gaituen faktoria da.

Irratiaren ahoz gorako sekretuak

Antton Telleria: Neurketak oso tarteka egiten dira, beraz, datuak ere horrela interpretatu behar dira. Baina datu onen sekretua izan daiteke egunerokoan entzuten zaituzten entzule horien parte izatea. Lanera bidera doan jendea irratiari oso lotuta dagoen entzulegoa da. Eta, zentzu horretan, bizitzak ez du aparteko aldaketarik eman. Jendeak jarraitzen du lanera bidean irratia entzuten.

Maite Artola: Niretzat irratia mediorik bereziena da biziena delako. Egunkari batek edo telebista batek sekula emango ez dizun bizitasuna dauka irratiak, horiek ez dira zuzenean zure bihotzera iristen. Irratian musika bat entzuten duzu, testigantza bat, eta…

A.T.: ...eta oso zure egiten duzu.

M.A.: Bihotz-bihotzera iristen zaizu. Zuzenean. Nire ustez irratiak jendearekin konektatzeko abantaila hori dauka. Horrez gain, iruditzen zait oso bat-bateko gizartean bizi garela eta horretan ere irratiak abantaila dauka.

A.T.: Oso bat-batekoa da, bai.

M.A.: Egunkariak, zentzu horretan, oso zaharkituta geratzen ari dira. Ni gogoratzen naiz irratian hasi nintzenean albiste bat hurrengo egunean iraungitzen zela. Edo handik bi egunetara. Orain bi ordutara zaharkitua geratzen da. Ni erredakziotik ateratzen naizenerako buelta eman dio aktualitateak eta irratiak badauka erreakzionatzeko kapazitatea. Ahalmen horrek jendea harrapatzen du. Nik ez dakit zuek Gaztean zer egiten duzuen, orduagatik…

A.T.: Elkarrekin aritzen gara eta..

M.A.: Hori da. Baina nik uste dut, telebistarekin alderatuta, guk darabilgun hizkuntzak jendearengan afekzio bat sortzen duela. Batzuetan, informatiboetan, gaztelaniaz pentsatutako albistegiak ikusten dira. Hori antzeman egiten da eta horrek desafekzio bat sortzen du. Inongo azterketarik egin gabe, hori da, a grosso modo, iruditzen zaidana.

A.T.: Zerk erakartzen duen jendea, ezta?

M.A.: Bai, nik uste dut irratiak eskaintzen dizkizun zuzentasuna, bizitasuna, emozioak sortzeko gaitasuna eta abarrez gain, zuk entzulearen hizkuntza berberean sortu behar duzu: hizkuntza berdinean hitz egitea, beraiek zure jarduna entzutean identifikatuta sentitzea. Nik uste dut Euskadi Irratiak horretan asmatu duela.

A.T.: Bat-bateko kontu hori jendeari oso erakargarria egiten zaio. Zu ere sortzen ari den erritmo berean ari zara entzuten. Horretan telebistan distantzia handiagoa dago. Tonua gertukoa izatea oso eraginkorra da.

M.A.: Tonua gertukoa, baina txokokeriatan erori gabe. Batzuetan entzuten dira gauza batzuk pentsatzen dudala: barkatu, baina ez zaude zure etxeko sukaldean hizketan.

A.T.: Ia…

M.A.: Gertutasuna behar duzu, baina baita entzulearekiko errespetua ere. Euskal Herri guztiarentzat ari zarela hitz egiten jakin behar duzu. Batzuetan jardun batzuk ez dira ezta gipuzkera edo bizkaiera estandarra ere… bere etxeko jarduna da.

A.T.: Hor jakin behar da osagai desberdinak oso ondo konbinatzen. Gu, adibidez, programan bat-batekoan aritzen gara etengabe. Askotan norbaitek bere atala prest dakar, baina horrekiko hasten gara gainontzekoak tiraka eta inprobisatzen. Egia da hor bakoitzak bere uztako kontuak sartzen dituela. Eta bueno, niri norbere hizkera tartekatzea interesgarria iruditzen zait, entzuleak dena oso ahots beretik jaso beharrean matiz horiek somatu ditzan. Baina matizak konbinatzeko ere asmatu behar da.

M.A.: Eta oreka bilatzen. Bestela iritsiko da momentu bat bizkaitar batek ez zaituela zu ulertuko edo alderantziz. Nik uste dut esatariok badaukagula horretan ardura bat eta hizkuntza estandar batean aritu behar dugula. Gero, kolaboratzaileen esku utzi beste lizentzia batzuk.

A.T.: Eta guk estudioa bera ere Donostian izanda, gipuzkoarako joera daukagu. Beraz, guk kolaboratzaileak eta esatariak aukeratzerako garaian, plus handia da bizkaitarra izatea. Estandarrean arituko da, eta hori da helburuetako bat, baina nahigabe uzten ditu halako arrasto batzuk.

Zuhaitz bereko bi adar.

M.A.: Nik uste dut entzule batzuk egongo direla tarte batean guri entzuten ariko direnak, gero zuei… batera eta bestera ibiliko direnak. Era berean, egongo da publiko bat oso lehiala zuekiko…

A.T.: Biekiko.

M.A.: Eta egongo da publiko bat Gaztearen edukia ez duena gertuko sentitzen eta beste interes batzuk dituena.

A.T.: Bai, azkenean da zer interesatzen zaizun gehiago. Oso kuriosoa da entzuleekiko feedback hori jasotzean, guk, 09:00etatik aurrera jende heldu asko sumatzen dugu. 08:00etarako ikasleak kolokatuta egoten dira, beraz, hortik aurrera geratzen den jendea nagusiagoa da. Denetarik dago, noski; baina guri Gaztea etiketa jarrita badirudi erabat gazteekin ari garela eta sumatzen duzuna adin guztietako jendea da.

M.A.: Gure kasuan, adibidez, tertuliako gai batzuetan antzematen da 40tik gorako jende asko. Baina, gaia aldatuz gero, jende gazteagoa aktibatzen da.

A.T.: Edukiaren arabera…

M.A.: Askotan izaten dira poltsikoari eragiten dieten gaiak. Ikasketaz, lan aukeraz… hitz egin dugunean jende gazte asko ere sumaten duzu. Beraz, ziurrenik momentu batzuetan entzuleak elkar trukatzen ditugula.

A.T.: Eta testuinguruak ere eragiten du. Ikasturte honetan, adibidez, Kataluniarekin izan diren gorabeherak kontuan izanda, jendeak lanera bideko ordu erdian ondo informatu nahiko zuen, behar den bezala, eta orduan Euskadi Irratirako joera gehiago izango zuen.

Guk entretenimendu bidez informatzeko saiakera egiten dugu, eta gai sozialei heltzen diegu; baina, gai bat pil-pilean dagoenean jendeak gehiago joko du Euskadi Irratiko zehaztasun horretara.

M.A.: Beste momentu batzuetan, ia saturatuta zaudenean, beste zerbait entzun nahi duzu eta deskonektatu.

A.T.: Bai, garaiaren arabera.

Zer edo nola, zerk du pisu gehiago?

M.A.: Aktualitateko magazina da gurea, informatibo luze bat tertuliarekin eta. Ordu batetik aurrera entretenimenduak leku gehiago du gurean. Informazioa eta entretenimendua uztargarriak dira eta, gainera, bitatik behar du eduki batek. Uste dut gu saiatzen garela horretan. Baina informazioak ere zorroztasun bat behar du. Zorroztasunez lan egiteko esfortzu asko egin behar da eta informazioaren kalitateak eskatzen du hori.

A.T.: Erabat garrantzitsua da entretenimenduaren ukitua ematea. Zuk harrapatzen duzu jendea informatzeko daukazun moduagatik. Askotan Twitterren lau iturri begiratuta, gutxi asko, badakizu zer gertatu den. Zure galbahetik hori pasa eta informazioa modu erakargarrian helarazten duzu. Niri, pertsonalki, informazioa entretenimenduarekin uztartuta jasotzea oso interesgarria iruditzen zait. Egia da horrek ere bere mugak dituela eta gai korapilatsu baten inguruko elkarrizketa bat egin behar baduzu tonua jaitsi behar duzula. Baina, era berean, gu ohartzen gara Didan, malgutasun asko dagoela. Pasa gintezke gomendio bat entzutetik, kantu bat jarri eta legedi kontuak lantzera. Jakin egin behar da hori egiten, eta hori ere arte bat da, ezin baitituzu bi kontuak tonu berean saldu, baina jendeak badu bitatik hartzeko malgutasuna.

M.A.: Antton beste belaunaldi batekoa da, antzematen da. Badago momentu honetan jende asko El Intermedioren bidez informatzen dena. Nire ustez horrek izugarrizko arriskua dauka. El Intermediok emango dizu informazioa horrenbeste ezereztuta, benetan ulertzeko behar dituzun derrigorrezko gako batzuk galduko dituzula.

Gazte asko gaur egun modu horretara informatzen da. Agian horrela behar du eta horrela ulertu edo onartu behar da, baina niri asko kostatzen zait. Niretzat kazetari bati eska dakiokeen gauza albisteak interpretatzen laguntzea da. Albistea in situ emango dizuten kazetariak gero eta gutxiago behar dira, edozein medioren bidez iritsi dezakezu horretara eta. Baina behar duzu norbaitek klabe batzuk ematea ondo ulertzeko.

A.T.: Hutsune bat egon liteke hor; baina, aldi berean, nire ingurura begiratzen dut eta ikusten dut behar dugula zerbait lotzeko. Kazetari erabat formal eta serioaren figura jendeari nekagarria egiten zaio. Akaso erabat hutsala bilakatzen ari den gizarte batean bizi garen seinale da, baina nik hori sumatzen dut.

Entzulearen parean jarri behar da, aurrez aurre ariko bazina bezala, zeren kazetari «formal» horrek bai distantziatzen duela, tonu jasoa erabiltzeak. Aditu bat ekarri dezakezu, baina adituarekin musikari batekin ariko banintz bezala ariko naiz, tonu horretan.

M.A.: Baina zuk zerbait jakin nahi baduzu, zuretzat sinesgarriak diren iturrietara joko duzu. Beste gauza bat da informazio hori zein tonutan jaso nahi duzun.

Formak duen forma

A.T.: Formak horrenbeste aldatu dira… Fenomeno sozial bat izaten ari da Cadena Ser-en emititzen ari den La vida moderna izeneko saioa. Gazte pila batek entzuten du irratsaio hori. Saioa 01:00etan emitizen da, hau da, irrati bidez ez du apenas inork entzuten; baina gero, Youtubera igotzen dute eta sekulako arrakasta dauka.

Duela gutxi unibertsitateko irakasle bat elkarrizketatu zuten eta saio honek berak eskolan aipatzen dituen puntu bat bera ere ez duela betetzen esan zuen. Aldi berean, sekulako arrakasta dauka. Zentzu akademikotik begiratuta «txapuza» bat da, baina gaurkotasunetik eta freskotasunetik horrenbeste dauka, modu komiko eta inteligentean emanda… datorren gazte jende guztiak bat egin duela saioarekin. Formak erabat birplanteatzen ari dira.

M.A.: Litekeena da. Formetan asko daukagu ikasteko Cadena Ser-eko Del Pinoz ere. Bera Ameriketako Estatu Batuetatik etorri da eta irratia egiteko beste forma bat ekarri du: edukien aurkezpena, musikaren erabilera… Baina formak aldatuta ere, edukian oinarri-oinarriko horretara mugatu behar gara. Ni behintzat horretara mugatzen naiz.

A.T.: Oinarrian ez badago ezer, apaingarri asko jarri arren, ez du funtzionatuko. Arinkerian ere ezin duzu erori, mamia eduki behar duzu.

Irratiaren magia agerian

M.A.: Guri hasi zitzaizkigunean esaten promo-ek irudia behar zutela izan eta… erresistentzi pittin bat egon zen zuzendaritzarekin. Nik hori absurdo bat ikusten nuen. Ahotsa da gure lan tresna eta guk konektatzen dugu ahotsarekin. Niri, pertsonalki, irudia ez zait asko interesatzen. Nik ahotsa entzutean nahiago dut nire irudia egin. Nik gai honekin errezelo ugari izan nituen, baina ohartzen naiz galdutako borroka bat dela.

A.T.: Ni irratira iritsi nintzenerako irudia jartzearen espiritu hori bazegoen. Eta bai, egia da erromantiko jartzen bazara, magia galtzen ari dela. Baina magia galtzen ari da leku guztietan. Pentsatu behar dena da magiak beste forma batzuk hartuko dituela.

M.A.: Bai, bai. Nik ia hor ez dut borrokarik egiten. Agertu behar badut, agertuko naiz. Hori bai, gehiegi gustatzen ez zaidana pertsonalizatzea da. Euskadi Irratian beti saldu izan da talde lana. Eta hori egia da. Azkenaldian, ordea, irratiaren irudia asko pertsonalizatzeko joera bat hartu da. Hori irenstea asko kostatzen zait.

A.T.: Guk horretan daukagun abantaila da hitz egiten duena eta prestatzen duena pertsona berbera dela. Gure familian egiten dugun gauza denaz, guztiok oso identifikatuta sentitzen gara horrekin.

Magiarik gabe, irratirik ez?

M.A.: Irratia jende askok gidatzen duen bitartean entzuten du. Horrek oraindik etorkizun luzea duela esaten dute.

A.T.: Esan ziguten 2020tik aurrera kotxeek ez dutela irratirik eramango. Hori erabat determinantea izango da.

M.A.: Bai, baina mugikorretik edo irratia entzun ahalko duzu. Ni irrati adiktoa naiz. Irratia etengabe kontsumitzen dut. Era guztietako irratiak. Mugikorreko APP baten bidez nahieran kontsumitzen dut. Beraz, kotxean egon edo ez, mugikorrekin nahi duzun bezala entzuteko aukera izango duzu.

A.T.: Paradoxikoa da ere orain arte nola podcast-a izan den irratiaren osagarri bat; eta nola orain 01:00etan emititzen den eta gero Youtubera igotzen den irratsaio batek gehiago duen Youtubetik irratitik baino. Zer dago zeren zerbitzura…

M.A.: Hala ere Antton, jakinda askotan irratira konpainia bila jotzen dugula, konpainia hori ez da berdin sentitzen modu horretara.

A.T.: Zuzeneko magia hori aldeko dauka irratiak, bai...

Eta euskaraz izateak ere egiten al du magiko?

M.A.: Nik uste dut orain ez dela garai batean bezala, militantziak entzuten gintuztela. Orain aukera sorta zabala dago eta euskara hutsez aritzeak ez du bermatzen entzuleak izatea.

Hori bai, iruditzen zait hizkuntza zaintzea ezinbestekoa dela. 2012ko Diada geroztik dozena bat alditan joan naiz Bartzelonara lanera. Katalunia Radioko estudioetatik emititzen dugu askotan. Zortzi hizkuntzalari dituzte han. Emisiora joan aurretik, erredaktoreen testuak zuzentzeaz arduratzen dira pertsona horiek. Euskadi Irratian badakit ez dauzkagula medio horiek, baina Euskadi Irratiak nortasun ikur izan du hori, beraz, oro har, hori gehiago zaindu beharko litzatekeela uste dut.

A.T.: Eta gure tresna hizkuntza den heinean, euskaraz pentsatzen ez baduzu, distortsio bat sortzen da. Belarrira jotzen du horrek. Baina, aldi berean, badago beste hausnarketa bat dioena gu biok tonu desberdinetan lan egiten dugula, hizkuntzak ere ez lukeela berdina izan behar. Ez da bat okerra eta bestea zuzena, baina forma desberdinak hartu ditzake; eta, nire ustez, hartu beharra dauzka.

Niri estudioan euskara zuzentzaile bat jarriko balitzait, akaso bere molde batzuetan ez nintzateke sartuko. Euskaraz egingo dut, ez nire etxean bezala, noski; baina umorea egiteko, nik zerbait modu graziosoan kontatu nahi badut, mugatzen banaiz euskara zurrun eta garbi batera...

M.A.: ...zeinek esan du euskara zuzena zurruna dela? Batzuetan kontzeptuak nahasten ditugu. Amorrarazten nauen eztabaida da. Badirudi euskara jator batek zurruna izan behar duela, eta ez. Gero eta euskara aberatsagoa badu pertsonak, gero eta malguagoa bere hizkuntza, hizkera, tonua… Askoz ere ñabardura gehiagorekin kontatu ahalko du. Hizkuntza pobreagoa duenak izango ditu mugak.

A.T.: Ni Gaztean sartu nintzenetik hiru urte eta erdi pasa dira eta lanketa bat egin behar izan dut horretan. Nire lehen premisa zen euskaraz ondo egin behar nuela. Zortez etxean ondo erakutsi digute eta ez daukagu inolako arazorik. Baina gero bigarren urrats bat dator: euskaraz ondo egin nahi dut, baina, gainera, ondokoak nik esandakoarekin barre egitea nahi dut. Eta hor tonuan, hitz oso euskaldun eta zuzenak, baina aldrebes samarren enfasian, konektatzeko modua bilatzen duzu.

 

KUTTUNAK

Afganistango gerrara joan nintzenean nirekin joandako korrespontsalak oparitu zidan eskumuturrekoa da. Nire talismana da. Elkarrizketa garrantzitsuren bat badaukat, ardura handikoa edo oso urduri jartzen nauena, hau janzten dut.

LABURREAN

Irratsaio bat: Joxe Mari Apaolazaren edozein erretransmisio.

Kazetari bat: Euskadi Irrati-ko nire iparrorratza. Nire taldekoa, aspalditik. Jendeak ez du izenez ezagutuko baina kalitate handiko kazetaria da: Mertxe Etxeberria.

Elkarrizketatzea gustatuko litzaizukeen norbait: Gero eta gutxiago betetzen naute politikarien elkarrizketek, gero eta gehiago eskertzen dut egia kontatzen duen edozein.

Informazioa & entretenimendua: Norbera seguruago sentituko da batean edo bestean. Bietatik behar ditut neronek, bai lanean, bai kontsumitzaile gisa.

 

KUTTUNAK

Izebak egindako margolana. Koadroan ondo mozorrotuta agertu naiz eta ondo margotuta dago. Gainera, irratiaren bilakaera ere irudikatzen du, kuriosoa baita ni irrati esatari izanda koadro batera iristea.

LABURREAN

Irratsaio bat: Erabat harrapatuta nauka La Vida Moderna saioak.

Kazetari bat: Aitor Elduaien. Menditour jaialdira, besteak beste, bere aurkezpenak ikusi eta entzutera joaten naiz. Hizketarako sekulako artea dauka, mundial egiten du.

Elkarrizketatzea gustatuko litzaizukeen norbait: Musika ikaragarri gustatzen zaidanez, Gorka Barrueta izeneko bateria-jotzaile bat elkarrizketatuko nuke.

Informazioa & entretenimendua: Biek uztartuta joan behar dute niri erakargarri suertatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!