«Ezin dut esan bidesaria ona denik bertako garraiolariontzat»

Imanol Garcia Landa 2018ko urt. 12a, 12:36

Tolosan bizi den Alex Perurena ikaztegietarra garraiolari autonomoa da, Transernio kooperatibako kidea. Bidesaria jartzearen aurka azaldu da: «Inori ez zaio gustatzen ordaintzea. Azken batean kostu bat gehiago da guretzako, eta ezin diogu bezeroari kobratu bidesari hori. Ezin dut esan ona denik guretzako».

Egun trailer batekin aritzen da Alex Perurena garraiolari tolosarra, eta ibilbideari dagokionez, askotan Martutenetik Errenteriara eta bestetan Legorretatik Errenteriara egiten du. «Legorretatik aritzen banaiz, egunak izango ditut zortzi edo hamar aldiz pasako naizena».

Autonomoei eragiten diela batez ere bidesariak dio Alex Perurenak: «Kamioia gurea da, gastuak guretzat dira eta egoera horretan gaudenok kexu gara». Gipuzkoako garraiolariei eta herrialdean mugitzen direnei egiten diela kalte gaineratu du: «Kanpotik datorrena astean bi aldiz pasako da. Eta, nik, esan bezala, egun batean hamar aldiz pasa naiteke».

Krisia hasi zenetik egoera «asko txartu» zaiela dio Perurenak: «Edozein tokitara joan, prezioan ezin sartu, prezioak jaitsi behar izan dira, eta hori beti gure gainera etorri den karga izan da. Orain beste bat gehiago etorri da. Horrek ekarri du edalontzia betetzea».

Oraindik ez da Perurena jarri kalkuluak egiten zenbat suposatuko dion bidesariak: «Aurreneko hilabetea pasako da eta horren arabera, egin den lanaren arabera eta fakturazioaren arabera, jakingo dugu zenbat izango den: 200 edo 300 euro, edo... Ibilbide finko bat izan gabe aurretik jakitea zaila da. Dakiguna da bidesaritik pasatzea beste erremediorik ez dugula».

Perurenak ez du uste garraiolariak AP-1etik joango direnik, eta N-1a erabiltzen jarraituko dute. «Geratzeko lekurik ez dago AP-1etik eta kanpoko kamioilariak hemengo gasolindegietara joaten dira, dauden prezioengatik. Norbaitek sekulako diru pila jasotzen du hortik. Irabazi horiek ere badaude. Beraz, gastuak badaude mantenuan baina irabaziak ere bai». Gipuzkoan jarritako bidesariak ez duela bakarrik diruaren aldetik eragiten esan du Perurenak: «Inguruko herrialdeei bidea zabaldu die antzeko neurriak hartzeko».

Garraiolari autonomoak biltzen dituen Hiru sindikatuko Jaione Ugalde bozeramaileak azaldu duenez, «aldunditik esan dutenaren kontra, gure datuek diotena da bertako garraiolariak izango direla zigortuenak bidesari honekin. Gipuzkoako garraiolarientzat gainera berrordainketa bat da: aurretik zerga bidez ordaindu dituzten azpiegitura batzuk orain bidesari baten bidez ordaindu beharko dituzte berriz. Eta neurri hauekin lehen prekarioa zen sektore bat gero eta txikituago uzten ari dira». Ugaldek salatu du aldundiak «garraioarekiko duen politika berria»: «Guri berrordainaraztea eta garraio sektorea dagoena baino egoera okerragoan uztea».

Sektorera 2007an krisia iritsi zela eta ondoren dauden politikek ez dietela «burua altxatzen uzten» salatu du Ugaldek:. «Dumping soziala delakoa, kooperatiba faltsuen eragina, prezioak gero eta baxuagoak dira, gero eta lanordu gehiago, estres egoerak... Azkenean politika errealen bultzada egon ez denez, garraiolaria behartuta dago egoera nahiko tamalgarrietan lan egitera. Eta ez bakarrik euskal garraiolariak, baita Europa guztikoak ere».

Ugaldek uste du «zerbait egin behar dela» garraio sektorean lan egiten dutenekin. «Gure herri txiki honentzat nahiko sektore garrantzitsua da. Nolabait modua topatu du bertako enpresa sektoreari zerbitzua emateko eta hori gero eta zailagoa izaten ari da, kostuak gero eta altuagoak direlako».

Bidesariaren eta modu horretako neurrien aurka «borrokan» jarraituko dutela esan du Ugaldek. «Entzuten ari gara beste herrialde batzuetatik agian tankera honetako neurriak hartzeko prest daudela eta guk hori ezin dugu onartu. Mobilizazio ezberdinak planteatzen joango gara eta pixkanaka pausoak ematen azken 10 urteotan egin dugun moduan. Argi dago ez garela konformatuko egoera honekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!