Lehen egunak bete ditu N-1eko bidesariak

Imanol Garcia Landa 2018ko urt. 12a, 06:29

Garraiolariak eta Hiru sindikatua Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako neurriaren aurka azaldu dira. Alegiako gasolindegiaren gunean informazioa eman eta garraiolariak erregistratzeko puntu bat jarri dute.

Urtarrilaren 9an jarri da martxan 3,5 tona baino gehiagoko kamioientzat N-1ean eta A-15ean Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarri duen bidesaria. Lehenengo egunean sistema inolako arazorik gabe hasi zela funtzionatzen azaldu dute aldunditik, eta gauerditik goizeko 11:15ak bitarte 10.901 trantsitu identifikatu zituen. Horietatik %75ek VIA-T edo antzeko gailua zuten eta zuzenean egin zitzaien kobrantza.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak azaldu duenez, «uste dugu hau dela etorkizuna: erabileraren arabera ordaintzea. Europako Batasunaren aginduak dioen bezala, horixe da sistemarik bidezkoena errepideak egoera onean edukitzeko, batik bat Europa zeharkatzeko erabiltzen diren errepideak zaintzeko, N-1 eta A-15 bezalakoak». Errepide nagusi horien mantenurako lehen erabiltzen zituzten baliabideak orain «gipuzkoarren ongizaterako» erabili ahal izango dituztela azaldu du: «Kamioientzako kanona duten errepide zati horien mantentze arrunterako hiru milioi euro xedatzen genituen lehen, eta gizarte politiketarako eta ekonomia berraktibatzeko erabili ahal izango ditugu orain».

Kamioien bidesaria hiru puntutan kokatu da: Irunen, Andoainen eta Etzegaraten. Tarifak, beraz, egindako ibilbidearen luzeraren araberakoak dira. Bestalde, kanona bi motatakoa da: 3,5 eta 12 tona arteko kamioientzat eta 12 tonatik gorakoentzat.

Bidesariarekin 9 milioi euro jasotzea espero du aldundiak. Horietatik, hiru milioi erabiliko dira errepidea bera hobetzeko (bihurguneak leuntzeko, proiektu berriak gauzatzeko...); beste hiru milioi erabiliko dira errepidearen beraren mantentze arrunterako, eta gainerako hirurak sistemaz arduratuko den enpresa kudeatzailearentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!