Joan den abenduan elkarretaratze eta auto-karabanekin hasitako protestak, 48 orduko grebarekin amaituko dituzte Tolosako Asuncion klinikako langileek. Besteak beste, "urtetako prekaritatea" salatu nahi izan dute, eta baita soldaten igoera eskatu ere, osasun sare publikoko lan-baldintzetara gerturatuz.Horrela, langile batzordea "gustura" dago orain arteko nahiz gaurko jarraipenarekin, baina kexu azaldu dira, "balizko" gutxieneko zerbitzuekin, Nagore Zubillaga erizainak azaldu duenez: "Zerbitzu askotako gutxienekoak edozein igandetakoak baino jendetsuagoak dira, eta hori enpresak ezarri du".
Bide horretan, enpresaren erabakia "gehiegikeriatzat" jo du langile batzordeak: "Nahita ere, ez digute greba egiten uzten". Dena den, nabarmendu dute langileen gehiengoaren gogoa grebara batzea dela. Gainera, azaldu dute, mobilizazioak hasi zirenez geroztik, enpresako zuzendaritzak mugimenduren bat egin duela: "Baina hainbeste urtez baldintza prekarioetan aritu eta gero, eskaintzen digutena ez zaigu nahikoa iruditzen", diote.
Grebalariak goizean goiz hasi dira mobilizatzen, eta joan den abenduaren 13ko greban egin bezala, gaur ere aldarrikapen paperez josi dute klinika. Joan den astelehenean iragarri bezala, greba egitearekin batera, langileek Asuncion klinikaren egoitza guztiak bisitatuko dituzte, elkarretaratze formatua. Azkenik, bihar arratsaldean manifestaziora deitu dituzte, bai langileak, baita herritarrak ere. Mobilizazioa 18:00etan abiatuko da Tolosako Plaza Zaharretik.
"Lan gatazka soila baino gehiago"
Tolosaldeko EH Bilduk babesa azaldu nahi izan die langileei, grebaren harira plazaratutako oharraren bitartez. Haiek deituriko mobilizazioetan "parte hartzeko konpromisoa" berresteaz gain, Inviza SA enpresako langileen grebari bigarren irakurketa bat egin behar zaiola azaldu du EH Bilduk.
Horrela, 2011. urtean klinikak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sinaturiko hitzarmenera egin dute atzera: "Klinika pribatu batek eskaintzen du, orduz geroztik, Tolosako herritarren erreferentziazko ospitale publiko beharko lukeenaren zerbitzua. Mobilizazio handiak sortu izan dira azken urteotan, hautetsi, gizarteko talde zabal nahiz langile gehienen aldetik".
Askotan errepikatu izan duten bezala, beraz, "gainerako eskualdeetako baldintza berberak" galdegin ditu EH Bilduk, "Tolosaldeko erreferentziazko ospitale publiko bat" aldarrikatuz: "Onartezina da zerbitzu publiko batean langileak horren baldintza prekarioetan aritu behar izatea".
Argudio horiek guztiak biribilduz, EH Bilduk "lan gatazka soil batetik harago" kokatu du Asuncion klinikako auzia: "Osasungintza publikoaren pribatizazioaren ondorioa da".