Osasun publikoaren afera

"Urtetako prekarietatea" salatuz, greba iragarri dute Asuncioneko langileek

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 29a, 17:44
Isabel Descalzok (ELA) eta Ainhoa Ortizek (LAB) egin dituzte adierazpenak.

ELA eta LABeko enpresa batzordeak zuzendaritzaren «aldebakartasuna» gaitzetsi du; TOPAk jakinarazi du, lau mediku espezialistak klinika utzi dutela.

Azken zazpi urteotan puztutako burbuila lehertzear da Tolosako Asuncion klinikan. Langile batzordeak grebak eta lanuzteak iragarri ditu datozen asteetarako, klinikako zuzendaritzaren «aldebakartasuna» eta langileen egoera «prekarioa» salatzeko. Horrela, lehen mobilizazioa datorren larunbatean izango da, abenduaren 2an, Trianguloa plazako elkarretaratzean.
ELA eta LAB sindikatuetako klinikako langileak komunikabideen aurrean agertu dira eta, besteak beste, azaroan zuzendaritzarekin izandako bilera izan zuten hizpide: «Negoziazio mahaira deitu gintuzten eta, azaldu, enpresak ez duela negoziatzeko asmorik; informazio bilera baino ez zela izango». Horrela, Asuncioneko buruek soldaten igoera %1ekoa izango dela jakinarazi zieten langileei, 2016ko KPIa %1,6koa izan zen arren. Sindikatuek «aldebakartasunez jokatzea» egotzi diote zuzendaritzari eta, salatu, azken zazpi urteotan galera ekonomiko handiak izan dituztela, soldatak izoztuta edukitzeagatik: «Oinarrizko soldatan 3.000 eta 5.000 euro arteko galerak izan ditugu», azaldu dute Ainhoa Ortizek (LAB) eta Isabel Descalzok (ELA).
Gatazka, ordea, hileroko ordainsarien igoeraz harago doa. Langile batzordeak salatu duenez, «urtean 1.670 orduko lan-jarduna» osatzen dute: «Oso urrun gaude asteko 35 orduetatik eta, 2010. urteaz geroztik, ez dute murriztu Asuncion klinikako langileon lan-jarduna».
Horrekin batera, «pertsonal falta, kontratazioetako irregulartasuna eta lan-kargaren handitzea egunerokotasunean» bizi dituztela nabarmendu dute, gaineratuz, «prekarietate sistematikoan» bizi direla.
Gaur egun, Asuncion klinikak 65.000 herritarri zerbitzu ematen die; Tolosaldeko 28 herriekin batera, Legorreta eta Andoain ere hartzen ditu. 330 langile baino gehiago aritzen dira bertan, eta kontzertazio bidez funtzionatzen du ospitaleak: Inviza S.A.ren –klinika kudeatzen duen enpresa– eta Osasun Sailaren arteko hitzarmen ekonomiko baten bitartez, alegia.
Datuok mahai-gaineratuz, Asuncioneko langile batzordeak azaldu nahi izan du, «klinikako zerbitzuak gain behera» doazela, eta mediku traumatologoekin gertatu berri dena plazaratzeko baliatu dute agerraldia. TOPA koordinakundeak berriki jakinarazitakoaren bidetik, Asuncioneko 4 traumatologok klinika utzi dute: «Ez dituzte ordezkatu, nahiz eta, gaur egun, klinika horretan, traumatologiako 6,5 espezialistak aritu beharko luketen. Ondorioz, itxaron-zerrenda luzatzen ari da, eta traumatologiako larrialdi kirurjikoak Donostia Ospitalera bideratzen ari dira egunotan».
ELAk eta LABek izen-abizenak jarri nahi izan dizkiete egoeraren arduradunei, eta fokua jarri diete Jesus Gomez Montoya Invizako buruari eta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari: «Egoera honen ardura beren gain hartzeko eskatu nahi diegu. Asuncion klinika kontzertatua da, eta 65.000 pertsonaren osasuna klinikaren esku dago. Horregatik, Montoya arduraduna da, eta Darpon konplizea».

Kolpea mahai gainean

Arazo eta eztabaida errenkada horrek krisi egoera eragin du langileen artean eta, azaroaren 20ko langile batzarrean erabakitakoa aitzat hartuz, mobilizazio eta lanuzteak iragarri dituzte.Larunbatean bertan ekingo diote salaketa-agendari, eta elkarretaratzea egingo dute, 12:30etik 13:30era, Trianguloan.
Abenduaren 13an, 4 orduko lanuztea egingo dute, 08:00etatik 12:00etara, eta elkarretaratzea 15:15etik 16:15era bitarte. Abenduaren 20an, berriz, egun osoko greba deitu du langile batzordeak, eta kotxe karabana egingo dute, abenduaren 27an, 18:00etatik 19:00etara bitarte. Azkenik, bi eguneko greba egiteko asmoa azaldu dute, datorren urtarrilaren 8an eta 9an.

Soka luzea

Soka luzea da Asuncion klinikako langileen soldatena. 2013. urteko maiatzean, Inviza -k soldatak jaisteko asmoa iragarri zien langileei; batez beste, hileroko ordainsariak %4,2 eta %7 artean murriztu nahi zituen zuzendaritzak. Argudiatu zutenez, erabakiaren atzean zegoen, Asuncion klinikaren eta Osasun Sailaren arteko hitzarmenaren beherakada ekonomikoa.
Negoziazioek huts egin zuten, eta langileek salaketa jarri zioten Invizari, enpresaren «fede txarra eta soldatak jaisteko argudio falta» medio. Horrenbestez, 2013ko urria hasieran, epaileak langileen aldeko ebazpena idatzi zuen, Asuncion klinikako langileen baldintzak lehengora bueltatzeko aginduz.

Erlazionatuak

Agerraldi jendetsua deituko du TOPAk

Itzea Urkizu Arsuaga 2017 aza 29 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!