Arria V.ak eta Iker Vicentek aizkora apustua egingo dute Tolosan, apirilaren 8an

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 8a, 11:17

6.000€ jarriko ditu apustulari bakoitzak; 20 enbor ebakitzea da egin beharreko lana: 12 kanaerdiko eta 60 ontzako zortzi.

Iker Vicente otsagabiarrak baiezkoa eman dio Xabier Orbegozo Arria V.ak botatako erronkari. Beraz, apustua jokatuko dute Tolosako zezen plazan hiru hilabete barru, apirilaren 8an.

Pasa den ostiralean lotu zuten apustua, Tolosako Kantabriko tabernan. 12 kanaerdiko eta 60 ontzako beste 8 ebakitzeko baldintza adostu zuten; hogei enbor, guztira. Hogei kanaerdikotara jokatzea zen Arriaren hasierako asmoa eta proposamena, eta Vicentek, berriz, kanaerdikoak eta oinbikoak nahastea nahi zuen; azkenean, 60 ontzako enborrak sartzeari ameto eman zioten bi aldeek. 6.000na euro izango dituzte jokoan.

Ikusmin handia sortu du Arriaren eta Vicenteren arteko apustuak. Errezilen jaio eta Ibarran bizi den Arria V.a apustuetan zaildutakoa da; joan den abenduaren 3an jokatu zuen azkena eta irabazi egin zion Zalduari, Azpeitian. Nafarrak, aldiz, lehen apustua izango du apirilaren 8koa. Hala ere, goi-mailako aizkolaria da Vicente; besteak beste, egungo Euskal Herriko txapeldunordez da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!