Arria V.ak onena dela erakutsi du

Ataria 2017ko abenduaren 5a

Xabier Orbegozo Arria V.aren eta Xabier Zalduaren arteko apustua igandean jokatu zen, Azpeitiko zezen plazan. 4.000 euroak Ibarran bizi den errezildarrarentzat izan ziren. 

10 kanaerdiko aizkoran eta 10 kilometro korrika. Nok azkarrago egin lana. Apustua adosterakoan Arria V.ena faborito argia zen. Hilabeteak joan ahala, ordea, Zalduaren izena bolo-bolo hasi eta hazi zen. Bigarren mailako aizkolari txapelketan bigarren egin zuen, eta lehen mailarako txartela lortu. Fin ibili zen Azkoitiko finalean. Xabier Orbegozo, aldiz, final horretara ez zen agertu, eta zurrumurruek apustua parekatu zuten. 

Baina Arria V.a proba mixto horietan onena da, Zalduak apustu amaieran esan bezala. 20 kanaerdiko eta 20 kilometroko marka berea da. Lan izugarria eta denbora oraindik eta izugarriagoa. Ibarran bizi den errezildarrak ez du parekorik aizkora eta korrika nahasten direnean. 

Igandean hori erakutsi zuen. Aizkoran hasi orduko zalantza guztiak uxatu zituen. Bigarren enborrean minutu bateko aldea ateratzen zion Zalduari; 10.ean ia hiru minutu. Korrika aldea murriztu beharrean, handitu egin zuen errezildarrak. 

Azken denborak:
Arria V: 1.04.23
Zaldua: 1.08.04

 

Argazkiak: Ibon Errazu

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!