Gorputz mugimenduei kateatu; katean, aske

Olatz Artola 2017ko abe. 24a, 10:15

Doinu baten erritmora mugitzen dute gorputza. Mugimendu bat bestearen atzetik. Hori da, soiltasunean, dantza; gorputz-higidura kateatuen segida. Baina dantzaren katean aske sentitzen dira eskualdeko bi dantzariak. Dantzak barrua askatzeko balio die, sentitzeko, sentiarazteko.

Bakoitzaren nortasunean eragina du jaioterriak, bizilekuak. Nongo -tarra izateak -tasun asko ditu berarekin. Baina Nortasun Agiri Nazionalek ez dute beti egia esaten, ez behintzat Katixa Perea Portularrumeren (Tolosa, 1975) eta Ioritz Galarraga Capdequiren (Amasa, 1991) kasuan.

Katixa, jaiotzez, zarauztarra den arren, hiru urterekin Tolosara etorri zen eta zeharo tolosartatuta dago. Nongoa den galdetzean, amak erantzun hori emanda errieta egingo dion arren, tolosarra erantzun du. Ioritz Galarraga Capdequik segituan hitza hartu eta ni amasarra esan du, galdetu aurretik. Nortasun Agirian Villabona jartzen dion arren, bera Amasakoa sentitzen da.

Ez ditu jaioterriak, ez bizitokiak batzen; bai, ordea, dantzak. Nahiz eta badiren bizitzan barne kezkak dantzan jartzen dizkieten beste hainbat gai, dantzan baino orekariago sentitzen diren hainbat esparru, batzen dien horretaz jarduteko batu ditu TOLOSALDEKO ATARIA-k.

Katixa Perea: Nik betidanik egin dut dantza...

Ioritz Galarraga: Nik 15 bat urte daramatzat. Euskal dantzetan hamaika urte nituela hasi nintzen, hainbat taldetatik pasa naiz eta egun Dantzaz konpainian bi urte beteko ditut. Tartean, ballet eskolak ere jaso ditut. Eduk [Edu Murumendiaraz: koreografoa, dantzaria eta zuzendaria] animatuta hasi nintzen, Aukeranen sartzeko gazteegia nintzela eta oinarria hartzea ondo etorriko zitzaidala esanda. Teknika hori ikasteak euskal dantzetarako onura ekarriko zidala esan zidan eta hobetzeko grin horrek tirata hasi nintzen.

K. P.: Ballet klasikoa dantza estilo guztien oinarria dela uste dut. Gorputzaren kontrola izaten laguntzen dizu eta hori lagungarria da beti, dantzatzen duzuna dantzatuta. Dantza ikasketetan (izan dantza garaikidean, flamenkoan...) beti derrigortzen dute ballet klasikoa ikastea, beraz, bai dela oinarria. Baina horrek ez du esan nahi ballet klasikoa jakiteagatik edozer dantzatzen jakingo duzunik.

Nik lan egiten dut euskal dantzako ikasleekin, zeinak sekula ez duten ballet klasikoa egin. Esaten dietenean kontziente izaten hasiko direla gorputzarekin zer ari diren egiten, harritu egiten dira. Orain arte egindakoa ondo egiten ez dutela esaten dietela sentitzen dute. Gerora, ereindakoaren fruituak ikustean, esan nahi niena ulertzen dute.

I. G.: Gorputzaren kokapenean tematzen zarete, baina hori lortu behar da hortik atera ahal izateko. Garaikidean dagoen askatasun horretan guztian ere laguntzen du kontrol horrek, gero deskontrola izateko.

K. P.: Eta bueno, euskal dantzetatik datozen pauso batzuk daude balletean… Lotura handia dago!

Herri kulturaren parte, transmisio eta tradizio, folklore.

I. G.: Euskal dantza guztiak tradizionalak dira. Orain hasi gara pittin bat nahasten, modernizatzen; baina guztiz lotuta dago tradizioarekin eta folklorearekin.

K. P.: Baita balleta ere. Erromantizismo garaiko balletak lotura handia zuen folklorearekin.

Baina tradizioak, beti tradizio?

K. P.: Nik ikusten dudana da hau ignorantzia dela. Hamaseigarren mendean gizonezkoak ziren dantzatzen zutenak, garrantzia gehiago zutenak. Luis X.nak sortu zuen lehen balleteko eskola eta gizona zen. Erromantizismo garaira arte emakumeak ez zuen indar asko. Ordun hasi ziren puntetara igotzen, tutua janzten… Eta orduan hasi zen mutila beste paper bat egiten, neskaren laguntzaile izatearena; eta orain, nik uste dut, mutila ez dela soilik gu eusten gaituena. Berriz garrantzia hartu du. Hori balletak izan duen eboluzioaren barruan; baina, bestela, ez dakit ezjakintasunagatik edo burugogorrak garelako den, gizartean talka eragiten du mutil bat balleta dantzatzen ikusteak.

I. G.: Nik euskal dantzak hasi eta gutxira utzi nituen, mutil bakarra nintzelako. Gero berriz ere animatu nintzen, eta mutil gehiago zeudenez, jarraitu egin nuen. Benetan ez dakit zenbaterainoko garrantzia duen horrek, baina haurra zarenean alboan beste mutil bat izateari garrantzia ematen zaio.

K. P.:Nik uste dut adin batzuetan garrantzitsua dela laguna zurekin egotea.

I. G.: Ondoren, balletean hasi nintzenean, bai egon nintzela bakarrik. Hasieran mutil bakarra nintzen eta, gainera, balleta zen… Baina tira, esan duzunari helduta, euskal dantzetan ere tradizionalki pisua gizonezkoek izan dute. Emakumea apaingarri modukoa zen. Orain hasi da hori aldatzen, baina, tradizionalki, gizona zen ikusgarrien egiten zuena, hanka goren altxatzen zuena, salto altuen egiten zuena…

Tradizionalki, azkenean, gizonak bere papera zuen eta emakumeak berea. Eta, bikoteka zenean, bata zen emakumea eta bestea gizona. Horri eutsi egin zaio, baina, zorionez, gaur egun, rol horiek hausten hasi gara. Adibidez, herri bakoitzak bere dantza tradizionala eduki ohi du, eta, festetan, dantza hori egin izan da. Orain hasi dira emakumeak dantza horietan parte hartzen. Nire ustetan jarraitu behar dugu rol horiek hausten.

K. P.: Nik askotan jarri ditut ikasle neskak mutilen paperean, mutilik ez zegoelako. Egia da, balletean, karakterizazio pertsonaietan, batzuetan, gizonezkoak jartzen dituztela emakume paperak egiten, komikoagoa delako edo.

Balletean, idatzi gabeko lege bat dago esaten duena puntetan soilik emakumeak egiten duela. Egun badaude konpainiak non gizonezkoek tutua jartzen duten eta puntetan egiten duten dantza.

Eta iaz, guk, gai honi helduta, eztabaida bat izan genuen. Mutil batek puntetan egin nahi zuen dantza eta guri ondo iruditu zitzagun, asko hobetuko zuelako. Berari jaialdian puntak egiteak ilusio handia egiten zion. Guri hasieran hori arrotza egiten zitzaigun, baina, ikasleek esan zidaten ea rol sexista horiekin jarraitu behar genuen. Arrazoi zuten. Aldatu beharra zegoen. Eta beraiekin batera atera zen puntetan dantzatzen.

Printzesaren fabula. 

K. P.: Ariketa batzuk egiteko mozorrotu egiten gara. Kutxa batean izaten ditugu mozorroak eta zoriz egokitzen zaien paper horretan sartu behar izaten dute. Ez dut ukatuko, printzesaren mozorroa tokatuz gero pozarren jartzen dira.

Kontrara, mutilaren papera egiteko eskatzen diedanean ez dut arazorik izaten bat edo beste animatzeko. Segituan animatzen dira.

I. G.: Nik dantza egin izan dut rolak guztiz hautsita zeuden konpainian. Ez ziren ez mutilak ez neskak bereizten. Tradizioa modernitatean nahasten genuen eta guztiok guztia egiten genuen. Ez dago rol markaturik, baina horretan ahalegindu direlako.

Plazatik aretora, aretotik kalera.

I. G.: Plazan dantzatzen dena beti ikusi izan dugu, erromerietan eta festetan. Eta edonork egin ditzake dantza horiek: soka dantza…

K. P.: Bai, eta nahiz eta ez jakin, ikusten duzu jendea saiatzen. Balletarekin ez da hori gertatuko. Baina, era berean, iruditzen zait gaur egun Tolosan balletera doan haurra ikustea ez dela horren arraroa egiten.

I. G.: Atzerrian galdetzen ziguten ea zelan ikusten genuen Euskal Herrian dantzaren kultura, ea jendea joaten zen ikustera. Nik uste dut tradizioaren inguruko kultura badagoela eta edozein herritako talde txiki batek jendea mugitzen duela. Guri hori gertatzen zaigu, jende gehiago joaten da Aukeranen emanaldietara Dantzaz-ekoetara baino. Publiko gehiago daukagu hemen, Euskal Herrian, Aukeranekin.

K. P.: Bai eta Aukeran hemengoek osatzen duzue eta bakoitzak bere gertuko sarea dauka, ikustera joan daitekeena.

Balletaren kasuan, sarrerak ez dira merkeak izaten eta jendeari kosta egiten zaio hori ordaintzea. Izen handia badauka, ezagunak badira, akaso arriskatzen dira eta erosi egiten dituzte. Bestela, ez.

Gaurko ogia, biharko gosea?

K. P.: Ez daude konpainia asko hemen, beraz, zaila da hemen dantzari moduan lan egitea. Diru laguntzak badaude bai, eta produkzioak ateratzen dira, baina zaila da. Irakasle lanetan aritzea errazagoa ikusten dut, ni hortatik bizi naiz!

Iruditzen zait, lanbide guztietan bezala, gauzak gogoz egiten badituzu, lortuko duzula hortatik bizitzea. Baina egia da hemen dantzari izateko mugitu egin beharra daukazula. Zuk zortea izan duzu, Ioritz, baina badakizu aurrera begira mugitzea egokituko zaizula.

I. G.: Bai, bai; hori horrela da. Begira, jendeak esaten dit: 'Orduan ez duzu lanik egiten, ezta?' Eta azaldu behar izaten dut zortzi orduz aritzen naizela, eta orduan hasten dira nire lanbidea lana kontsideratzen.

K. P.: Dantza ikasketak egingo dituzula esaten duzunean bezala, jarraian galdetzen dizute: 'Eta zer gehiago egin behar duzu?'.

I. G.: Baina tira, genionari helduta, esan arrazoi duzula, oso zaila da hemen eta hortatik bizitzea.

K. P.: Alemanian egoera guztiz bestelakoa da. Astean zehar kultur egitasmoak ikustera joaten dira, asteazken buruzuri batean, adibidez. Han dantzaria izatea oso ondo ikusita dago.

I. G.: Bai! Guk dantza batzuk jendartean egiten ditugu, publikoarekin interaktuatzen. Hemen oso zaila egiten zaigu publikoak parte hartzea eta Alemanian, ordea, kontrakoa gertatzen da.

K. P.: Eta hori hangoak hotzak direla esaten dugula...

I. G.: Bai, bai… Baina begira...

Eta horrela jarraitu dute, dantzaren egungo argazkiari begira. Bakoitza beretik, baina biak dantzatik eta dantzarako.

Tolosako kultur etxeko goiko solairuko ispiluari begira gorputza orekatzen, kontrolatzen, ikasi zuten guztien irakaslea izan da Katixa Perea. Baita, gerora, musika eskolara musika egitera joan beharrean dantzara joaten ziren horiena ere. Izan ere, Perea dantza irakaslea da, nola Donostian hala Tolosan. Azken honetan urte luzez izan da irakasle eta orain koordinatzaile lanetan dabil.

Tolosako Laskorain ikastolan ere aritu da jardun horretan, baina lekzio gehien dantzan eman ditu amasarrak. Irakaslea ez den arren, askorentzat maisua da dantzan. Euskal dantzetan hasi zen arren, ballet eskolak ere jaso zituen, oinarri hobea izateko, hobetzeko. Egun Dantzaz konpainian dabil.

Katixa Perea

KUTTUNAK. Haurra nintzenean, Gabonetan, oparitu zidaten tutua. Esfortzu handia suposatu zuen nire etxekoentzat. Tutu erromantiko bat da eta horrek are bereziagoa egiten du. Dantzatu nituen lehen koreografiak tutu honekin dantzatu nituen. Aurrerago, nire ikasleek erabili dute.

LABURREAN.

Dantza modalitatea: Klasikoa eta neoklasikoa.

Dantzaria: Gaztetako idoloak: Natalia Makarova eta Mikhail Baryshnikov; gero, Sylvie Guillem eta Angel Corella; gaur egun, Lucia Lacarra eta Daniel Camargo.

Dantza obra bat: On Kixote.

Dantzalekua: Victoria Eugenia.

Ioritz Galarraga

KUTTUNAK. Amasako oilasko joko eguneko zapia. Amasarrontzat egun berezia da. Baserritarrez jantzita joaten gara, zapiarekin, eta, egun horretan, baserriz baserri dantzan aritzen gara. Beraz, egun berezi horrekin eta folklorearekin, tradizioarekin eta dantzarekin lotzen dut zapia.

LABURREAN.

Dantza modalitatea: Garaikidea.

Dantzaria: Orain pila bat ezagutzen ari naiz, beraz, ez nizuke bakarra esango. Topatuko dut.

Dantza obra bat: Nik egin ditudanetatik, Gernika, Maurizia eta Aureo.

Dantzalekua: Kalea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!