Ziklo bat itxi, berria bultzatzeko

Jon Miranda Labaien 2017ko abe. 2a, 09:06

Alderdiaren estatutuek horretarako jasotzen duten 60. artikulua betez, Aralar alderdiaren ezabatzea proposatuko du bihar alderdiaren zuzendaritzak. 09:15ean hasiko da biltzarra eta afiliatuen %75aren babesa beharko du ponentziak aurrera atera ahal izateko. Ez da ezustekorik espero, herrialdeetako zuzendaritzetako kideekin eta afiliatuekin eginiko bileretan kontrako iritzi «adierazgarririk» ez delako jaso. Beraz, bihar goizeko batzarraren ostean, bazkaria eta festa egingo dituzte alderdiko kide izandakoek, Aralarren ibilbidea ixteko.

Urteotako ibilbide «labur bezain trinkoaren» izaera eta izana laburbildu dute VII. Biltzarreko txostenean: «Koherentzia ipar eta bidelagun izaten ahaleginduz, maiz ulertu gabeak, baina ametsen gidaritza pean gure ekarpena egin dugu, militantzia aske eta kritikoaren bultzadaz». Bere sorreratik bertatik bukaera datarekin sortu zela dio Inaki Irazabalbeitiak (Donostia, 1957), Aralarreko kide eta azkeneko hiru legealditan Tolosako zinegotzi izan denak. Bete dituzte sorrerako helburuak: ezker abertzale «zibil eta zabalaren» sorrera; ETAren borroka armatuaren bukaera; ezker abertzalearen barne demokrazia; eta lurraldetasunaren auzian Euskal Herriko hiru eremu administratibo nagusien erabaki esparruak aintzat hartzea. «Eta horretaz guztiaz gainera, Aralar alderdiak kultura politiko berri baten ekarpena egin dio ezker abertzaleari, eta oro har, panorama politiko guztiari», gehitu du Irazabalbeitiak.

Koadro alderdia

Aurrena, Herri Batasunaren korronte kritiko bezala eta Batasuna prozesutik kanpora geratu ondoren, 2002. urtean erregistratu zuten Aralar alderdi independente gisa. «Ez zen hasiera erraza izan, errezeloa eta beldurra sentitzen ziren inguruan». HBren inguruan, borroka armatuarekin kritiko zirenak eta antolatzeko moduarekin bat ez zetozenak batu zitzaizkien hasiera hartan. Euskadiko Ezkerraren garai batean ibili eta erreferente politiko gabe zeudenak eta bakearen alde aspalditik lanean zebiltzanak ere parte hartu zuten Aralarren sorreran: «Hemen Tolosan, bereziki, Elkarrin ibilitako jende asko gerturatu zitzaigun», dio Irazabalbeitiak.

2003ko udal hauteskundeetan hautagaitzarik aurkeztu ez arren, batzar nagusietarako 1.577 boto bildu zituen Aralarrek eskualdeko 28 herrietan. «Artean, afiliatu bakarra genuen Tolosan eta gaur da eguna pertsona hori ez dena inoiz publikoki Aralarreko kide bezala agertu». Izan ere, Aralar ez da masa alderdia izan inoiz eta euren tamainaz oso kontziente hitz egiten du Irazabalbeitiak: «Koadro partidu bat izan da gurea, jende kualifikatuaz osatua. Ez du afiliatu kopuru handirik eduki behin ere, batez ere beste alderdiekin alderatuta».

Horregatik, Aralarrek ideietan eta politikan eragiteko borondatea izan du, gehienbat, eta ez du inoiz kalean mobilizazio handirik antolatu. Salbuespen gisa, Bilbon 2006an, Proiektu guztiak, ideiak guztiak eta pertsona guztiak leloarekin antolatutako manifestazioa du gogoan Tolosako zinegotziak. 2.000 lagun inguru bildu omen ziren bertara. «Horrek ematen du gure tamainaren berri». Hala ere, alderdiaren inguruko jende askok gizarte mugimenduetan lan politikoa egin izan duela azpimarratu du: bakegintzan, emakumeen mugimenduan, talde ekologistetan eta euskalgintzan, adibidez. «Bidenabar, argi izan dugu inongo gizarte erakundek ezin duela izan alderdi politiko baten transmisio uhala. Alderdi batek ezin ditu izan, berariaz, bere mugimendu feminista, ekologista edo euskaltzalea. Ikuspegi horrek ekarri ditu eztabaida batzuk EH Bildun batu garenean, kultura politiko ezberdinetatik gentozelako, nagusiki».

Akuilu baina ez abangoardia.

Aralarrek beti aitortu du ezker abertzaleko partaide eta ildoa dela, baina ez Ezker Abertzalearen ordezkoa. Ezker Abertzalea den esparru politiko bakar horretako «ildo eta akuilatzaile» bezala sortu zen eta horrela garatu da alderdia, VII. Biltzarreko txostenak dioenez. «Guk, hala ere, ez dugu inoiz gure burua abangoardia bezala sentitu, arrazoi guztia guk edukiko bagenu bezala. Gure leloak esaten duen bezala, ezker abertzale zibil, zabal eta anitza lortzea izan dugu helburu», esan du Irazabalbeitiak.

Aralarren asmoa ez da alderdi politiko gisa irautea, «gizartea zerbitzatzea baizik». Horregatik eman izan dio garrantzia berezia erakundeetan parte hartzeari eta beste alderdiekin aliantzak egiteari, beti ere, ordezkaritza zabalagoa lortzeko. Mugarria izan ziren horretan 2004ko Espainiako Kongresurako hauteskundeak. EA, Batzarre, EAJ eta independenteekin batera Nafarroa Bai (NaBai) koalizioa osatu zuen Aralarrek eta diputatu bat lortu zuen parlamentuan. Gaur egungo Nafarroako egoera politikoa ulertzeko urrats hori «ezinbestekotzat» du Irazabalbeitiak eta are gehiago, «formula errepikatu beharko litzatekeela» uste du. «Nafarroako errealitate politiko eta soziologikoa ez dago ondo islatuta Madrilen. Iruñean eta Nafarroan zein gobernu dauzkagun begiratu eta Kongresuan zein ordezkaritza dagoen ikusita kontraesan handia dago. Nafarroako abertzaleen arteko kandidatura bateratu bat beharrezkoa ikusten dut».

Elkarrekin bide bat egin daitekeenekin bide bat egitea izan da Aralar alderdiaren asmoa. «Gure kultura politikoaren parte izan dira koalizioak», esan du Aralarreko ordezkariak. 2004an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Zutik alderdiarekin osatu zuen hautagaitza eta 2007ko udal eta foru hauteskundeetan Ezker Batuarekin.

Tolosan bi zinegotzi eskuratu zituen orduan koalizioak, Ezker Abertzale ofizialaren hautagaitzak legez kanpo zeudela. Aralarrek ez zegokion kargurik ez zuela hartuko erabaki zuen, eta beraz, Irazabalbeitiak ez zuen zinegotzi postua bete. Tentsio handiko uneak bizi izan ziren, ordea, udalbatza berria osatzeko batzarrean: «Beste garai bateko eta itzultzea espero ez dudan egoera bati erantzuten dio pleno horrek. Gogorra izan zen. Presioa egiten ari zitzaizkigun guri, eta ez erabaki hori hartu zutenei». Duela hamar urte gertatutakoa «metabolizatuta» duela esan du Aralarreko kideak, «ez du zertan publikoki izan, baina inork ez dit barkamenik eskatu nire izenarekin eta putrea inskripzioarekin paskinak agertu zirelako Tolosan. Uste dut gatazka gainditu nahi badugu, norberak hartutako erabaki on, txar eta erdipurdikoen erantzule egin behar duela eta kaltea jaso duen pertsonari 'sentitzen dut, ekibokatu egin nintzen' esan behar zaiola».

Ezberdinen arteko elkarlanak fruituak eman ditzakeenaren ustea izan dute beti Aralarren, eta Ezker Batuarekin partekatutako legealdia «lan politikotik begiratuta, oso positibotzat» hartu du Irazabalbeitiak. Bereziki gogoan du, baita ere, europarlamentari gisa Bruselan emandako denbora. Orduan , alderdi ezberdinek egin zuten bat ERC, CHA, BNG, EA eta Aralar Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan hautagaitza aurkezteko eta eserleku bat lortu zuten, txandaka alderdi ezberdinetako kideek bete zutena.

Politikan, ordea, erabaki inportanteek beti ekartzen dituzte kontrakotasunak. Behin baino gehiagotan gertatu izan zaio hori Aralarri. 2004an egindako II. Biltzarrean alderdiaren gazteria Iratzarri izenarekin eratu zen. Urte batzuk beranduago, 2012an, bere ildoa Aralarrenetik bereizi zuen. 2013 hasieran, alderdi bezala erregistratu eta 2015ean desegitea erabaki zuen. Hala ere, alderdi barruan eztabaidarik handienak 2011tik aurrera izan zituzten. Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna eta Alternatibarekin egindako bidearekiko kritiko azaldu ziren hainbat kide eta 2012an Gasteizen legebiltzarkide ziren hiru kide Oxel Erostarbe, Mikel Basabe eta Aintzane Ezenarro alderditik kanpora geratu ziren. «Pisu politiko handia zuten pertsonak ziren eta une horretan galera handia izan zen alderdiarentzat», dio Irazabalbeitiak.

Erakunde bateratuaren beharra

Ibilbide politiko bati amaiera emateko unea dela uste du Aralarrek eta alderdi bezala egin duen ekarpenarekin, egindakoarekin eta lortutakoarekin, «pozik» daude kideak. Alderdi politikoak gizartea zerbitzatzeko tresnak dira eta tresnek ez dute betirako balio izaten. «Garai berrietarako erreminta EH Bildu dela pentsatzen dugu eta bera izan behar dela gizartera begirako erreferentzia argia».

VI. Biltzarrean onartutako ponentziak ezker abertzale osoaren batasuna bilatzea zuen helburu bezala eta bihar egingo den batzarraren txostenak dio, ezker abertzalea esparru politiko anitza eta zabala baina bakarra denez gero, erakunde politiko anitza eta zabala, baina bateratua eskatzen duela. Norabide horretan doa Aralar desagertzeko proposamena: «EH Bildu barruan iritzi ildoei adierazpen askatasuna eta izateko eskubidea onartu behar zaie, baina egitura bateratuko kideak izanez eta berezitasunengatik abantailarik eduki gabe». Militante bat, boto bat.

Ezker abertzalearen egitura politikoan, EH Bildun, hainbat egoera gaindituta eta bideratuta daudela uste du Aralarrek, «agian, falta da hautagaien aukera modu demokratikoetan egiteko ohiturak ezartzea eta ezkerreko politikak praktikan jartzerakoan argitasun eta tinkotasun gehiago». Baina ezker abertzale zibil eta zabal «demokratikoagoa» erdiesteko urratsak EH Bilduren barruan, Bilkide gisa, eman nahi dituzte, «gizartera begirako erreferentzia argia, eta amesten dugun Euskal Herria eraikitzeko tresna delako». Gaur egun egitura horren barruan dauden alderdien historietan «abiadura desberdinak eta egoera diferenteak» daudela aitortu du bere txosten politikoan Aralarrek. «Erakunde bakoitzari bere bidea egiteko eskubidea zor zaio, eta norberaren erritmo hori errespetatu eta aitortzen dugu».

 

ARALARREN MUGARRIAK

90EKO HAMARKADA BUKAERA

Korronte kritikoa. Herri Batasuneko korronte kritiko moduan sortu zen, Patxi Zabaleta buru zela.

2002
Alderdi gisa eratu. Aralar korrontean bildutakoek, borroka armatuaren inguruan hausnarketa egitea eskatu zioten Batasunari eta alderdiaren barne antolakuntza kritikatu zuten. Batasunaren ildo nagusiarekin ados ez egonik Aralarrek alderdi politiko independente gisa antolatzea erabaki zuen.

2003
Lehenengo hautagaitzak. Tolosaldean ospatutako udal hauteskundeetan ez zuen hautagaitzarik aurkeztu, baina Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan 1.577 boto eskuratu zituen eskualdeko 28 herrietan.

2004
NaBai-ren sorrera. Martxoan egin ziren Espainiako Kongresurako hauteskundeak. Nafarroan, EA, Batzarrea, EAJ eta independenteekin batera Nafarroa Bai koalizioa bultzatu zuen Aralarrek. Eserleku bat lortu zuen koalizioak eta egungo Nafarroako presidenteak, Uxue Barkosek bete zuen diputatu kargua.

II. Kongresua. Patxi Zabaleta berretsi zuten alderdiko koordinatzaile nagusi. Alderdiaren gazteria eratu zen Iratzarri izenarekin.

2007
Ilegalizazio garaia. Ezker abertzale ofiziala legez kanpo utzi eta gero, udal eta foru hauteskundeetan Aralarrek ez zuen ez zegokion kargurik hartu erakundeetan. Tolosan, Ezker Batuarekin koalizioan bi zinegotzi lortu zituen baina Inaki Irazabalbeitiak ez zuen kargua hartu.

2009
Inoizko emaitza onenak. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Aralarrek 62.514 boto eskuratu zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, horietatik 2.417 Tolosaldean. Lau legebiltzarkide izan zituen Aralarrek Gasteizen. Ezker Abertzaleak legez kanpo jarraitzen zuen.
Europako legebiltzarrean. ERC, BNG, EA eta CHA alderdiekin batera hautagaitza osatu zuen Aralarrek. Oriol Junqueras eta Ana Mirandarekin batera, europarlamentari karguan aritu zen Inaki Irazabalbeitia.

2011
Amaiur. Batasunaren inguruko ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek osatu zuen koalizioak 7 eserleku lortu zituen Espainiako Kongresuan.
Zinegotzi erabakiorra. Maiatzean egindako udal hauteskundeetan zinegotzi bakarra lortu zuen Aralarrek Tolosan. Bildurekin udal gobernua osatu zuen legealdi honetan.

2012
Eszisioa. Zuzendaritzaren iritziaren kontra, Eusko Legebiltzarreko Elkarbizitzarako lantaldea osatzearen aldeko boza eman zuten Oxel Erostarbe, Aintzane Ezenarro eta Mikel Basabe legebiltzarkideek. Aralarretik egotzi zituzten hirurak, «beren burua disziplinatik kanpo uzteagatik».

2015
EH Bildu. Udal eta foru hauteskundeetara EH Bildu koalizioan aurkezteko apustua egin zuen Aralarrek.

2017
Azken Kongresua. Irailean alderdiaren zuzendaritzak Aralar desegiteko proposamena luzatu zuen. Bihar erabakiko da Iruñean.

 

Alderdia desegiteko lana, astelehenean abiatuko da

Ezeren okerrik gabe, Aralarreko zuzendaritzak proposatutako ponentzia politikoa onartuko dute bihar afiliatuek. Momentu horretan abiatuko da alderdiaren auto-ezabatze prozesua.

Une honetan kargu publikoetan dabiltzanek, orain arteko baldintza bertsuetan jarraituko dute eta alderdiaren egiturarentzat lan egin eta kargu publikorik ez dutenek, «beste edozein enpresetan bezala kalte ordainak jasoko dituzte», dio Irazabalbeitiak.

Behin kontu ikuskaritzak pasata alderdien erregistrora joko dute Aralar bertatik ezabatu dezaten. Ekonomia «oso saneatuarekin» bukatuko du Aralarrek bere bidea eta horri eskerrak, Ezkerraberri fundazioak lanean segi ahal izango du beste urtebetez. Besteak beste, urteotako historia biltzen dituen liburua eta bideoa egingo ditu fundazioak. «Behin kontuak garbituta, ondasunik geratzen bada, erdia Euskaltzaindiari eta beste erdia presoen aldeko taldeei emango zaie, estatutuetan azaltzen den gisan».

 

Erlazionatuak

Etorkizun berean sinesten dugulako

Karmele Elizaran - Tolosako Sortu 2017 abe 02 Tolosa

Bidean bat, adiorik ez Aralar

Mikel Arreseigor - Tolosako EA 2017 abe 02 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!