Oihana fu eta fu aritu zen lanean, ez zuen bere egunik borobilena izan, bertsotarako erakutsi ohi duen erraztasunik ez zitzaion nabari baina ikusten zen egin nahi zuela eta lanean jarraitu zuen seiko motzeko ariketan Mendiluzerekin batera goia jo zuen arte. Saioko ofiziorik osoena osatu zuten nire iritziz eta kartzelan ere Landakok eskertu zuen hartu zuen bidea eta kontatzeko modua. Egunik onena izan gabe maila hori emateko gai izateak zerbait esan nahi du…
Aitor Mendiluzek berriz bi txapela emateko moduko saioa egin zuen, puffa, kartzelara iritsi arteko bezalako mailan ariketa guztietan, ez dakit noizbait norbait entzuna nuen txapelketan. Hitz bakoitza bere lekuan, ondokoari entzun, ofizioan aurrera egin eta AZKAR, oso azkar. Puntu erantzunetan ere goia jo zuen, gai jartzaileak puntua jartzerako hasten zen ia-ia eta bigarren eta hirugarren erantzunak ordubete hartuta ere ez dut uste hobetuko nituzkeenik. 'Eskerrak' kartzelako lanean irrista txiki bat egin zuen, pertsona ote zen ere dudan jarriak geunden eta. Bertso eskoletan atzoko Aitorren saioa erakustea ez legoke gaizki, fintasun hori eta batik bat txapelketan azkartasun hori estimatzen delako, badugu zer ikasia.
Aitor BEC-en ikusiko dugula esatea ez dut uste gehiegi esatea denik eta maila horretan aritzen bada, orain dela lau urteko postua berdindu zein ontzeko moduan izango da.
Hurrengo igandean Amurrion hasiko da finalerdietako bigarren buelta. Oihana eta Aitor berriz ere elkarrekin izango dira abenduaren 2an Iruñean, Sarriegi, Amuriza, Unai Agirre eta Alaiarekin batera. Ea berriro ere saio eder bat eskaintzen diguten Anaitasunan eta BEC-eko final handiaren aurretik beste gozatu bat hartzeko aukera dugun. Han izango gara.